Entrevue
Iraitz Zubizarreta
Baikoko pilotaria

«Txapelak, atzetik dagoen lan guztia islatze horrek, harrotasuna ematen dit»

Promozioko Lau eta Erdiko txapela irabazi du estreinakoz Iraitz Zubizarretak (Ataun, 1999), Julen Egigureni 21-22 irabazita. Eguna «bete-betekoa» izan zela esan du. Haren hitzetan, orain «lasaiago» dago, «tentsio handiko» finala jokatu zuten arren. Azken tantoa «oso zoroa» izan zela gaineratu du.

Iraitz Zubizarreta Ataunen, Lau eta Erdiko txapela eta garaikurrarekin.
Iraitz Zubizarreta Ataunen, Lau eta Erdiko txapela eta garaikurrarekin. (Idoia ZABALETA | FOKU)

«Iraitz etorriko zara arratsaldean?», esan dio Ataungo eskolan zegoen neskatila batek Iraitz Zubizarretari frontoitik atera denean. Kamiseta urdina zeraman soinean, ataundarrak finalean zeraman berbera. Baietz erantzun dio Baikoko pilotariak. Azkenaldian, Promozio Mailako Lau eta Erdikoa prestatzen aritu da buru-belarri, eta ez du astirik izan Ataungo pilota-eskolako haurrak entrenatzeko. Irribarre egin du neskatilak, arratsaldean Promozioko Lau eta Erdiko txapeldun berriarekin egongo baita.

Astelehen buruhaundia duzu?

Beheraldia nabaritu nuen fisikoki tentsio guztia askatu nuenean, gorputza energia gutxirekin zegoen. Gauzak egiterako garaian gehiago kostatu zait, baina, aldi berean, poztasunak berdin jarraitzen du.

Zer moduz ospakizunak?

Oso ondo. Jende asko gerturatu zen Tolosara. Herriko festak ziren, eta finalaren ondoren hona bueltatu ziren denak. Ni beranduago iritsi nintzen. Udaletxe aurrean harrera egin zidaten; jende pila bat bildu zen. Gero gertuko lagunek sagardotegian afaria eduki genuen eta, festak zirenez, bueltatxo bat eman genuen. Bete-beteko eguna izan zen.

Zorion mezu asko jasoko zenituen.

Bai, mezu asko, baita aurretik ere. Batzuk oraindik erantzun gabe dauzkat ez naizelako iritsi. Alde horretatik babes ikaragarria jaso dut, eta asko eskertzekoa da jendeak bere tartetxoa hartzea bai idazteko, bai zoriontzeko. Alde horretatik oso eskertuta nago.

Partida amaieran esan zenuen zeruan zeundela. Jaitsi al zara?

Bai, momentuan, gainera bukatu zen bezala, ez nekien nola deskribatu sentitzen nuena, partidak bukaera oso eroa izan baitzuen. Poztasuna mantentzen dut, oraindik gertatu berria delako, baina orain lasaiago nago. Uste dut gaurtik aurrera gauzak normalxeago egiten hasiko garela, baina euforia hau pixka bat mantenduko dela iruditzen zait.

Zer garrantzia du zuretzat lortutako lehen txapelak?

Oso inportantea da. Profesional mailan lehen pausoa beti izaten dugu hor egon nahi izate hori; gero ahal dela ondo lehiatu, eta ondoren txapelketa batean gorenera iriste horrek harrotasuna eman dit. Atzetik dagoen lan guztia bertan islatze horrek. Hemen lan egin behar dugula argi dago, lanean segitu behar dugula ere bai. Oso-oso pozik nago egin dudan txapelketarekin.

Kirolean emaitzei garrantzia handia ematen zaie. Adibidez, Egigurenen kasua garbia da: lau aldiz iritsi da finalera, baina ez du txapelik lortu; eta ematen du hor geratzen dela.

Bai, uste dut gaizki ohituta gaudela era askotan. Noski, finalak irabazteko daudela esaten da, eta egia da; azkenean hor egonda denok nahi izaten dugu gorengo titulu hori lortzea, baina kontuan izan behar da ere zenbat pilotari hasten diren atzetik, zenbat kirolarik ez duten aukerarik finalera ailegatzeko... Gutxi baloratzen da bigarren postu hori. Niri orain dela bi urte pasatu zitzaidan. Finala galdu nuen, eta momentuan ez duzu baloratzen, irabaztea bakarrik nahi dugulako. Baina uste dut denborarekin baloratzen dela, eta uste dut gizarte bezala lanketa hori egin beharko genukeela, bigarren postua gauza handi bat ere badelako.

«Bukaera zoroa izan zen: hor ez zegoen ez taktika ez ezer [...] zorionez, tantoa nire alde erori zen»

Zer irakurketa egiten duzu partidaz?

Hasiera ikusi dut, oso ondo joan zelako, eta gero oraindik ez dut ahalmenik izan gainerakoa ikusteko. Azken tantoa ere ikusi dut. Neurketa ez dut guztiz ikusi, eta uste dut oraindik denbora asko behar izango dudala. Ondo hasi nuen lehia; gainera, helburuetako bat zen horrelako tentsio egun batean hankak ondo joatea, eta pilota eskuan ongi sartzea, askotan distantziak-eta ez baititugu ondo hartzen urduritasunak direla eta.

Hasiera oso-oso ona egin nuen, gero tanto pare bat gogor egon ziren, non bera baino korrika gehiago egin behar izan nuen, eta hor pixka bat bete egin nintzen. Eta bigarren zatian sufritzea tokatu zitzaidan; berak ere maila igo zuen eta bere erritmoa ezarri. Marjina nuen eta eskerrak.  Bukaera zoroa izan zen: hor ez zegoen ez taktika ez ezer, bion aldetik borroka egitea besterik ez zegoen eta, zorionez, tantoa nire alde erori zen.

Neurketa gogorra izan zen: ordubete baino gehiago iraun zuen, eta 300 pilotakada baino gehiago jo zenituzten.

Bai, gaur egun jokatzen den abiaduran, eta banakako partidetan pilotakada zifra hori oso altua da. Gainera,  tentsioarekin gogortasuna handiagoa izan zen. Nik nire aldetik, behintzat, prestakuntza ahal den ondoena eraman dut, berak ere seguru nago baietz, eta prestatuta geunden horretarako. Baina horrek ez du kentzen gogortasun handiko lehia izan zela.

Markagailuan 21-21 joanda zer pasatzen zaio burutik pilotariari?

Ez da erraza momentuan zer pentsatzen nuen esatea, nik ere ez baitut garbi. Burua ere lantzen dugu, eta beti izaten ditugu errutinak. Ez nuen ezer diferenterik egin nahi, 21ean berdinduta gindoazenean buruan dut atseden hartzea eskatu nuela. Beti bezala, hidratatu, elikatu... esan nahi dut, ez nuen ezer diferenterik pentsatu nahi; eta bai dut buruan errestoa egin nahi nuela, behintzat, tantoa jokatzeko aukera edukitzeko; sakea berak duenean beti ez baitugu edukitzen aukera hori. Zorionez, errestoa egin nuen, eta gero tantoa oso zoroa izan zen; biok aukerak izan genituen, ez zen ondo jokatua izan, tentsio handia baitzegoen. Ez dakit ondo azaltzen zer pentsatu nuen momentu horretan.

22. tantoa egin zenuenean. Zer etorri zitzaizun burura?

Momentu horretan lurrera bota nintzen, zer esaten nuen ere ez genuen jakingo. Tentsioaren liberazioa izan zen gehienbat. Poztasun handia ere bai; botileroa etorri zitzaidan ondora, herriko bi ume ere bai, harmailan zeuden guztiak ere ospatzen... Oso momentu euforikoa izan zen. Bukatu zen, tentsioagatik lurrera bota nintzen, eta azaltzen oso zaila da, baina momentu zein sentsazio zoragarria izan zen.

Txapela lortzea udako une gozoari segida eman eta ginga jartzea izan da?

Bai, uda oso ona izan nuen, eta udatik lau eta erdira tarteko prestakuntza ere ondo joan zen. Sentsazioak onak ziren, eta buruz fresko ikusten nintzen. Askotan garrantzitsua da hori ere. Beti saiatzen gara ondo prestatzen, baina txapelketa batzuetan ideiak-edo ez ditugu garbi ikusten, eta momentu honetan dena bat zihoala esango nuke. Hori aprobetxatu eta jarraipena eman nahi nion. Ligaxka oso-oso on bat atera zitzaidan, finalaurrekoan eta finalean asko sufritzea tokatu zait, baina esan daiteke egin dudan lanari ginga jartzea izan dela.

Datorren urterako saria badakizu zein den: gorengo mailako lau eta erdikoa jokatzea. Oraindik urruti dago, baina motibatzen zaitu, ezta?

Bai, esan duzu, urruti dago, eta tartean segur aski bizipen asko, eta momentu asko pasako dira, baina bai, ilusio handia egiten dit: datorren urtean gorengo mailan jokatzea, aukera hori edukitzea, pilotari onenekin lehiatzea... Aldi berean, zailtasun handia izango duela badakit baina, dudarik gabe, pilotaria eta kirolaria egun handietan presente egoteko prestatzen dela uste dut, eta denon nahia eta ametsa izaten da. Momentua ailegatzen denean espero dut dena ondo egotea; prestakuntza egokia egin, eta ahal dena egingo dugu momentuan bertan.

Orain Binakakoa jokatuko duzue. Promozioko binakakoan egongo zara, ezta? Edo oraindik ez dakizu?

Egia esan, ez dakit, eta ez dakit zer motatako txapelketa egingo duten. Lehen Mailakoan Baikok jarri du zeintzuek jokatuko duten, pixka bat denon aldetik esperotakoak izan zitezkeenek. Nik orain astebetez oporrak ditut; pixka bat gorputza eta burua errekuperatu, eta datorren astetik aurrera binakakoan arreta osoa jarriko dugu. Jartzen banaute, oso ondo; ilusioa egingo lidake, gainera. Hurrengo helburu gisa hori hartu behar dugu, eta horretan saiatuko gara.

«Nire ehuneko ehuna ematen badut, nire buruari inoiz ezingo nioke ezer aurpegiratu. Gorengo mailan jokatzeak ez nau itsutzen»

Gorengo mailan jokatzeak itsutzen zaitu?

Ez, azkenean ilusioa denona da, ahal den gorenen jokatzea, eta ahal den maila onenean, baina pertsonak eta kirolariak kontrola dezakeen bakarra da berak egiten duen lana: eguneroko entrenamenduak. Nire ehuneko ehuna ematen badut, nire buruari inoiz ezingo nioke ezer aurpegiratu. Horrek, egia esan, ez nau itsutzen.

Arratsaldean [astelehenean] umeekin entrenatuko duzu frontoian. Ataungo pilota eskolan ere sartuta zaude.

Bai, pilota-eskolan nago. Egia da azken asteetan gehiago kostatu zaidala entrenamenduetara etortzea. Baina libre nagoen egunetan gustatzen zait, ilusioa egiten dit niri ere bai. Ataunen bertan pilota bultzatzeko nire aletxoa jartzen saiatzen naiz. Gero eskola kirolean ere koordinatzaile nago azkenengo urteetan, hor kirol ezberdinak egiten ditugu. Niri betidanik gustatu izan zait kirola, eta herriko gaztetxoei laguntzea asko gustatzen zait, eta hemen gabiltza sartuta.