Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Interview
Mikel Ayllon
Antzerki zuzendari eta idazlea

«Oso eszenario posiblea denez gerra handi bat bizitzea zer izan daitekeen agertu dugu»

Gudu betean aurkituko du bere burua ikusleak: lubakian sartuta, ospitalean... Agertokirik gabeko ikuskizuna da ‘Hau gerra bat da’ antzezlana eta hiruzpalau unetan publikoak berak erabakiko du istorioak zein bide hartu.

Mikel Ayllonek proiektu berria ondu du.
Mikel Ayllonek proiektu berria ondu du. (PISZIFAKTORIA IDEIEN LABORATEGIA)

‘Hau gerra bat da’ ikuskizun berriarekin dator Piszifaktoria Ideien Laborategia. Gaur argia ikusiko du Bilbon. Euskararen Etxeak sustatutako Iaz Hizkibridoak beka eskuratu zuen konpainiak.

Orain urte batzuk, taldea martxan jarri zutenean sortutako ideia batetik abiatu da asteazken honetan estreinatuko den proiektua. «Gerren inguruan zerbait esan beharra sentitu genuen arte arlotik. Europa aberatsean egiten duguna zera da, gerrak beste herrialde pobretuetara eraman eta triskantzak han egin. Baina ondorioak gero eta gertuago ditugu. Gerra horietatik ihesi doan jendeari harresiak eraikitzen dizkiogu, gugana ez iristeko… Orain puri-purian dago Palestinan… Hamaika gerra daude; hedabideek kasu egiten badiote, enteratzen gara, beste batzuetan ez. Eta gizateriaren deskalabrurik handiena da. Badirudi gerra handi bat ez zaigula inoiz tokatuko, gu aberatsak garelako, baina gero eta gertuago dago eta arriskuak hor daude. Gauzak nola gaiztotzen ari diren ikusita, eta eskuin muturraren gorakadarekin, gerra bat bizitzearen eszenarioa oso posiblea denez gerra bizitzea zer den agertu nahi izan dugu. Izututa gaude horren aurrean». Mikel Ayllonen (Laudio, 1980) hitzak dira.

Gerra betean aurkituko du bere burua ikusleak. «Gerra errepresentatuko dugu eta bertan gauden guztiok biziko dugu. Soldadu baten begietatik ia dena irudikatu dugu.  Bere sufrikarioa. Lubakian sartuta, ospitalean… egongo gara. Beti esan ohi da sufrimendu handiena itxarotea dela, norbait hil edo noiz hilko duten. Hainbat lekutatik pasatuko da, eta bukaera bulego batean da. Berari deituko diote eta gerra bukatu dela esango diote bat-batean. Pobreak eta gazteenak bidaltzen dira ia beti gerrara, elkar hil dezaten. Eta bulegoan erabakitzen dira gerraren hasiera eta bukaera. Soldaduak ez du ulertuko, ez zaiolako ia ezer azalduko», adierazi du.

Berezitasunak

Bi berezitasun ditu ikuskizunak. Batetik, ezohiko lekuetan emateko antzezlana da; izan ere, ez dago agertokirik. «Publiko eta aktoreak biribilean jarrita egongo dira, ia-ia bereizketarik gabe».  

Bestetik, hiruzpalau unetan publikoak berak erabakiko du istorioak zein bide hartuko duen. «Adibidez, lubakian bi aukera emango ditugu: bertatik burua atera eta ilunabarra ikustea edo lubakian gordeta jarraitzea. Publikoak erabakitzen duenaren arabera, istorioak bide bat edo bestea hartuko du», azaldu du.

Obraren hasiera samarrean, erdialdean eta amaieran bidegurutzeak aurkituko ditu ikusleak. Horrek zeregina gehitzea dakar, antzezlana une batzuetan bikoiztu beharra. «Bai, hori da. Guk eszena guztiak prestatu ditugu, baina denak ez ditugu emanaldi batean emango. Polita iruditzen zaigu zentzu horretan».

Emanaldia berezia egingo du horrek, desberdina. «Nahi izanez gero, berriro joan zaitezke; eta bide desberdina aukeratuz gero –gerta liteke–, obraren beste zati batzuk ezagutu ditzakezu».

Irati Agirreazkuenaga, Mikel Ayllon, Iholdi Beristain eta Igor Arzuaga. (PISZIFAKTORIA IDEIEN LABORATEGIA)

Aktoreak beraiek ere ez dakite zehazki zein trama antzeztuko duten. «Performance itxura hartzen du. Gustukoa dut. Guretzat ere erronka da, eta adi mantentzen zaitu».

Antzerki immersiboa da Piszifaktoria Ideien Laborategiak landutakoa. Aurreko proiektuetan ere horrela erakutsi dute. Beti bide berrien bila, publikoa nola harritu eta lotu pentsatzen. «Bai, hori da gure helburua. Normalean egiten diren gauzetatik aldentzen saiatzen gara. Antzerki tradizionalagoa beharrezkoa da, baina jendea badago hori euskaraz egiten».

Publikoak eskertu egiten digu gauza desberdinak egitea. «Guk ez dugu ezer asmatu. Europan badira hau egiten duten taldeak, Rimini Protokoll eta Cabosanroque, esaterako. Antzerki politikoa egiten dugu, errealitatean eragin nahi dugu. Bide interesgarria iruditzen zaigu lausotzea zer diren fikzioa eta errealitatea. Publikoarengana iristeko bide zuzenagoa izan daiteke», esan du.

Irati Agirreazkuenagak aktore lanak egingo ditu. Iholdi Beristainek, horrez gain, kantatu eta dantzatu ere bai. Igor Arzuagak musika egingo du zuzenean. Eta Mikel Ayllonek, berriz, errezitatu. Espazioan dabiltzan robot txiki modukoak ere badira antzezpenean. Agirreazkuenaga eta Beristain benetan existitu diren bi frankotiratzaile errusiarren larruan sartu dira: Lyudmila Pavlitxenko eta Irina Starikova –Bagira du gerra izena–. «Haien ahotik hitz egiten dute baina ez da paper definitua».

Aurretik ‘Hau ez da gerra bat’, formatu handiko antzezlana estreinatu zuen konpainiak. Hain zuzen ere, abenduaren 2an eskainiko dute Amurrio Antzokian. Bikote haustura bat eta gerra baten hasiera nahasten dituen kontakizun honek eszenaratze ikusgarria dauka eta hiru aktore taula gainean: Aiora Sedano, Gabriel Ocina eta Irati Agirreazkuenaga.

Lan desberdinak nekez antzoki handietan

Obrari bizitza luzatzen ari zaiola aipatu diogu Aylloni. Bera ez da hain baikorra. Areago, kritika luzatu die Euskal Herriko programatzaileei. «Antzoki handien zirkuituan lekua egitea oso zaila da, betiko taldeak ikusiko ditugu, nahiko lan klasikoak egiten. Hor ari gara, borrokan. Beti kexu gara, herritarrak ez doazela antzerkira, baina eskaintza beti oso antzekoa egiten badugu betikoak joango dira –desagertuz joango direnak– eta lengoia eta egiteko modu berriei lekurik egin ezean zaila da ikusle berriak erakartzea. Azkenean ez dakit antzerkiak zer etorkizun izango duen».

Ausardia eskatzen die erabakiak hartzen dituztenei. «Ez ditugu munduko programatzaile ausartenak. Euskal Herriko antzoki handi guztiak –Campos (SGAErena) eta Pabellon 6 salbu– publikoak dira. Eta uste dut antzoki publikoak ez diola ikusle kopuruari bakarrik begiratu behar. Konpromisoa eta ardura soziala eta kulturala eduki beharko luke. Programatzaileak agian politikaria du atzean eta hari zenbakiak interesatzen zaizkio. Baina programatu beharko ditu gure garaiarekin bat datozen kezkak jorratzen dituzten lanak. Horretarako da antzerkia».

«Ibilbide luzeko konpainiak publikoa dutenak eta badakizu jendea etorriko zaizula. Hori beharrezkoa da, baina kontua da hori bakarrik ez programatzea. Bai konpainia zein publikoa joango dira zahartzen eta ez dira iritsiko beste ikusle batzuengana. Oreka bilatu behar da», gaineratu du.