Jende gaztea liburuak begiratzen.
Jende gaztea liburuak begiratzen. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Jon Maia, bere lana sinatzen.
Jon Maia, bere lana sinatzen. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Pello Reparazek eta Alex Sarduik elkar agurtu dute.
Pello Reparazek eta Alex Sarduik elkar agurtu dute. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Esne beltzak ere bere lana promozionatu du. Argazkian, Xabi Solano
Esne beltzak ere bere lana promozionatu du. Argazkian, Xabi Solano (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Jende ugari elkartu da gaur Durangoko Azokan. Batzuk, txiki-txikitatik ohitura hartzen.
Jende ugari elkartu da gaur Durangoko Azokan. Batzuk, txiki-txikitatik ohitura hartzen. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Teknologia aipagai izan dute gaur Durangon.
Teknologia aipagai izan dute gaur Durangon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Nogen taldea zuzenean Plateruena aretoan.
Nogen taldea zuzenean Plateruena aretoan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Hasiera indartsua Durangoko Azokaren maratoian

Martxan da Durangoko Azokaren 58. edizioa eta, erakusmahaien arteko kaleetan zehar  igarotzean, ‘dejà vu’ sentsazioa izan dugu, aurreko edizioetako egunik jendetsuenaren parekoa izan baita asteazkenekoa. Ateak zabaldu bezain laster bete egin da Landako.

Hasiera jendetsua izan du aurtengo edizioak.
Hasiera jendetsua izan du aurtengo edizioak. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Aurten Azoka gosea zegoela pentsa zitekeen, ikusita asteazken honetan kulturazaleek nola bete dituzten Landako eta, oro har, Durangoko kaleak. Ilara handiak, Landakoko sarreratik kalerainokoak; abiapuntua, Zetak, ETS, Bulego eta Izaroren erakusmahaiak.

Asteazkenean abiatu da Azoka eta, 58. edizioaren lehen egunean ikusitakoaren arabera, indartsu dator. ‘Fantasia Da!’ da Durangoko Azokaren aurtengo leloa eta, hemen ikusitakoaren arabera, fantasia errealitatea bihurtzeko aukerak daudela suma daiteke.

Hasi baino ez da egin, dena den, eta igandera arte ordu asko, ekitaldi ugari (265 zehazki), aurkezpen dezente eta hitzordu, bazkari, afari eta parranda kontaezinak gelditzen dira.

Nerea Mujikak, Gerediagako presidenteak, inaugurazio ekitaldian aipatu duen legez, egun hauetan «berriro ere kulturaren topagune bihurtuko da Durango». «Azoka gaztea, bizia eta freskoa izango da aurtengoa –jarraitu du–. Eta ikaragarri pozten gaitu horrek. Gazte ugari izango ditugu erakusmahaietan lan berriak erakusten, baita aurkezpenetan edo zuzenekoetan parte hartzen ere».

Eguraldia lagun –fresko egin arren, ez da euri arrastorik izan egun osoan–, goizeko 10.30etik aurrera eta Landakoko ateak zabaldu orduko, jendez bete dira euskal kulturaren urteroko plaza nagusiaren egoitza desberdinak –Landakotik aparte, Azoka herriko hainbat puntutara hedatzen da: Plateruena, Zugaza zinema, Musika Eskola, museoak...– eta herriko kaleak.

Azokaren irekierarekin batera, Arbasok antolatutako Euskal Dendak ateak zabaldu ditu. Artisau-sektorearen erakusleihoaren 27. edizioan, artisau kopurua igo egin da, 54ra iritsiz, eta eskaintza handitu da. Bizkaiko sektoreak du ordezkaritza handiena (%62) eta parte-hartzaileetatik 15 Durangon aurkeztu dira lehen aldiz.

Esparza, beterano bat

Jose Mari Esparza, Txalapartaren sortzailea, beste argitaletxeen erakusmahaietan zehar  bueltatxo bat ematen aurkitu dugu. Osasun arazoak direla eta, orain Azoka beste modu batera bizi du, lasaiago.

Hogei urte bete dira aurten Azoka Landakon errotu zenetik. Asko aldatu da Azoka? «Durangon ez da ezer aldatu eta asko aldatu da. 35 urterekin etorri nintzen lehen aldiz, fabrika utzi eta berehala –gogoratu du–. Garai hartan elizaren ondoan egiten zen [Santa Maria elizako arkupeetan], eta kristoren hotza pasatzen genuen. Gero pasa ginen merkatura eta jarraian, hona. Antolatuago eta profesionalizatuago dago, merkantilizatuagoa ere bai, eta euskaldunagoa. Nik uste dut azkeneko urteotan izan direla salmenta gehiago euskarazko liburuenak gaztelaniazkoenak baino. Lehen ez zen horrela».

Esparza altxortxo batekin etorri da Durangora: ‘Imago Vasconiae’, Euskal Herriko atlasa. Kataluniako Gobernuak bisitara joaten zaizkien presidenteei oparitzen dizkietenen  parekoa da, pentsa. Txalapartaren gunean daude hiru maketa ikusgai, udaberrira arte ez baitira salgai egongo.

Euskal Herriari buruz argitaratu diren mapa historiko guztien bilduma da; aurkitu dituzten 8.000tik 400 aukeratu dira. Eta bitxikeria asko  daude. Adibide bat: 1705. urteko De Fer frantziarraren mapa batean irakur daiteke ‘Haute Navarre. Usurpée par les Espagnols’ (Nafarroa Garaia. Espainolek usurpatua).

Ilara egiten

«Trena topera zetorren», aitortu digu Jesusek. Zornotzatik, urtero legez, Lourdes bikotekidearekin Durangora gerturatu zen Gabonetako opariak erostera. Izaroren erakusmahaiaren ondoan harrapatu dugu, ilarari begira. Izaroren  beraren ‘Cerodenero’ –Jesusek Lourdesi egin dion oparitxoa–, Korrontziren ‘Korrontzi 20’ eta Jon Maiaren ‘Kantu berri bat gara’ zeramatzaten poltsan.

Bisitari ‘beteranoengandik’  berriengana: Aiala eta Nora, 13 urte biek eta Barakaldokoak, ETSren ilara luzearen bukaeran aurkitu ditugu. Iñigo Etxezarreta diskoak eta mota guztietako materiala sinatzen ari zen jo eta su. Aiala eta Nora, diskoa erosi ondoren, ilaran zeuden.

Izaroren biniloa ere esku artean zuten: «Han ilara txikia zen, hemen ordea... Guk oso gustuko dugu ETS, baina gure lagun bati asko, baina asko gustatzen zaio!».

ETSk ez du nobedaderik ekarri aurtengo Azokara, baina iaz kaleratu zuen ‘Guretzat’  lanak oraindik ilara luzeak sortzeko ahalmena du. Datu soil bat: iaz 3.000 bat disko saldu zituen Durangon; urte osoan 5.000 saldu zituen taldeak. Atera kontuak.

Aiora Renteria Zea Maysen erakusmahaian sinatzen ari den bitartean, ondo-ondoan ditu Skabidean taldekoak. Berriak dira Azokan, talde bezala stand-a hartu duten lehen urtea baita hau. Stand erdi bat dute. Goiz da jakiteko, baina nola doa salmenta? «Momentuz, de la hostia, flipatzeko», beraien erantzuna.

Antonio Iriarte (bateria) eta June Gabarainekin (baxua) aritu gara: «Ekarri dugu sanferminetan grabatutako zuzenekoa eta atera dugun binilo bikoitza. Biniloak bere merkatua du, CDa baino gehiago saltzen dela esango nuke. ‘Maite zenuten hiria’ izeneko lan hau autoeditatutakoa da, Kaki Arkarazorekin Garaten grabatutakoa da, baina gainontzeko guztia autoedizioa da: ez dugu promotorarik, ez managerrik... guk daramagu dena».

Ostegun honetan bertan emango dute urteko azken-aurreko kontzertua Bilboko Kafe Antzokian (21.00etan), beste talde batzuekin. Eta Hatortxu Rocken agurtuko dute 2023a. Datorren urtean disko berria konposatzen hasiko dira eta, udan grabatu ondoren, irailean zuzenekoak egingo dituzte.

Karmele Jaio bere azken nobela, ‘Maitasun kapitala’ zirraragarria, sinatu eta sinatu ari da –«iritsi naizenetik ez naiz gelditu», dio–; komikilariak, marrazten  –aurten elkarrekin daude guztiak–; Pirritx eta Porrotx asteburuan iritsiko dira... Hau hasi baino ez da egin. Gaur Ikasle Goiza ospatuko da. Euskal Herriko hainbat ikastetxetatik ehunka haur eta gazte etorriko dira, kultura ezagutzeko eta gozatzeko asmoz.