Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Ahots baztertuak plazara

Mende luzez bazterrean utzi diren ahotsak literaturgintzaren plazara atera diren neurrian, Durangoko Azokak ere gizon zuri eta heterosexualarenaz haragoko hausnarketei leku egiten die.

Topaketaren sustatzaileak eta, pantailan, Mina Sidawi.
Topaketaren sustatzaileak eta, pantailan, Mina Sidawi. (Andoni CANELLADA | FOKU)

‘Emakume zinemagileak, desgaitasuna eta zaintzak’ goiburutzat hartuta bildu dira hainbat herrialdeetatik heldutako emakumeak Durangon. The Purple Meridians (Meridiano Moreak) elkartearen deiari erantzunez.

Itziar Ituño (Euskal Herria), Kristina Beresain (Euskal Herria), Mira Sidawi (Palestina), Lisa Çalan (Kurdistan), Estibaliz Urresola (Euskal Herria), Lara Vilanova (Katalunia), Sevinaz Evdike (Kurdistan), Ahu Öztürk (Kurdistan), Claudia Tosi (Italia) eta Luciana de Mello (Argentina) izan dira, besteak beste parte hartzaileak.

The Purple Meridians koordenatu geografiko eta sinbolikoak dira, eta baita Europako hiru hiritan egoitza duten hiru erakundek 2021ean sortutako proiektuaren izena ere: Streeen.org (Turin), Observatori de Video No Identificat (Bartzelona) eta Rosa Kad-nn Derne (Diyarbakir).

30 zinemagile baino gehiago elkartzea lortu du. Industria zinematografikoan dituzten oztopoei buruz eztabaidatzeas du helburu, aurreprodukziorako, produkziorako eta banaketarako tresnak eta aholkuak partekatzeko eta etorkizuneko lankidetzarako sare bat sortu asmoz. Proiektuaren hirugarren edizioak Suargi Gobernuz Kanpoko Erakundearen, Durangoko Liburu Azokaren eta euskal zinemagile talde baten laguntza izan du eta Durangoko Museoan egin da.

Emakumeek zinemaren industrian lana eta zaintza uztartzeko dituzten zailtasunak izan dituzte hizpide. Desgaitasunen bat –sortzetikoa edo gerraren ondoriozkoa– duten emakumeak ere gogoan izan dituzte. Desgaitasun egoera hori bizi duten bi zinemagile izan dira eztabaidaren buru, Lisa Çalan eta Ahu Öztürk.

Bi zuzendariak euskal zinemagileekin elkartu dira –gai hauek lantzen ari dira eta aurten zaintzari buruzko manifestu bat aurkeztuko dute–, baita The Purple Meridians-eko gainerako zinemagileekin ere). Arazoak mahai gainean jartzearekin batera, erantzunak proposatu dituzte, The Purple Meridians proiektuaren zutabeetako bat hainbat herrialdetako emakume zinemagileen arteko sareak sortzea izan zela kontuan izanik.

Suargi elkarteko Jon Bingen Landabideak eta Alaitz Berriozabalgoitiak eta Ainhoa Olaso zinemagile eta feministak jakinarazi dituzte topaketaren amaieran hausnarketaren ondorioak. Mira Sidawi idazlea palestinarra ere ekitaldian izan da, online bidez.

Berak zuzendutako ‘The Wall’ filma –errefuxiatuen eremuan dauden gazte palestinarrekin egina– ikusi ahal izan da Irudienean goizean. Sidawiren esanetan «Trump boterera iritsi eta Israelen alde jarri zenean» erabaki zuen filma egitea. «Zelaiko krudelkerian beste errealitaea sortzeko asmoz egin genuen. Izan ere, oso inportantea da errefuxiatuen estereotipoak apurtzea».

Badu umoretik filmak. «Protagonistek pairatzen duten mina hain da handia, ez dela film baten kabitzen. Orain egingo banu are adierazkorragoa litzateke, une honetan bizi dugun genozidioa erakutsiko nuke».

Okupatutako herrietatik, gatazkatik hitz egitearen inportantzia nabarmendu du Olasok. «Horri ahotsa ematea eta handik kanpo elkartasun aterkia jartzea sorkuntzaren eremutik».

Arratsalde partean zaintza izan dute mahai gainean.  «Asaroaren 30eko greba feministaren aldarrien inguruen aritu gara. Eta sortzaileek zaintza lanerako dituzten zailtasunez bereziki», azaldu du Olasok. 

Zaintzaren krisia

Izan ere, zaintza erdigunean jarri duen Euskal Herriko grebaren testuinguruan kokatzen da topagunea. «Zaintzarena oso gai inportantea da. Gure Mendebaldeko gizartean krisi ekosozialaz, krisi ekonomikoaz edo prekaritatearen krisiaz gain, zaintzarena, larria dena, dugu. Horren inguruan mamiz eta proiektuz zer esan nahi dugun pentsatzen ari da feminismoa». Lorea Agirreren hitzak dira.

Gizartea aldatuz doan heinean Azoka ere bada horren isla. Bat dator. «Feminismoari dagokionez, gero eta liburu eta proposamen gehiago aurki daitezke eta feminismoak badu bere lekua», esan du.

Jakinek eta Elkarrek pentsamendu feministari eskainitako Eskafandra bildumako zortzigarren alea da bisitariak Azokan aurkituko duenetako bat; Rafia Zakariak idatzi eta Amaia Apalauzak euskarara ekarritako ‘Feminismo zuriaren aurka’ liburua, hain zuzen ere. «Feminismoa ere, beste ‘ismo’ asko bezala, zuritasunaren gainean eraikitako pentsamendu eta praktika izanik –Euskal Herrian bertan ere–, zer gogoetatua eta zer aldatua badaukagu alor horretan eta horren inguruko ekarpena egiten du liburuak».

Emakumeen aurkako bortizkeriarik ezkutukoena

Emakumeen aurkako bortizkeriarik ezkutukoenari jarri dio egileak fokua ‘Sortze berri bat’ liburuan. Esperientzia intentsoa bizi izan du aurtengo Azokan. «Nire liburuetan landu ditudan gaiengatik euren esperientzia pertsonalak kontatzera hurbiltzen zait jendea, batzuetan zauria hagitz irekita», kontatu dio NAIZi.

Liburuarekiko eta hainbat emakume egiten ari den lanarekiko esker on mezuak jaso ditu. «Niretzat horregatik bakarrik merezi du etortzea», aitortu du hunkituta.

Bizimodu eta ikuskera desberdinak pixkanaka erdigunera ateratzen ari direlako poza agertu du. «Konturatzen naiz nire azken liburuko gaia ez dela erraza. Beti pentsatzen dugu erditu diren emakumeei bakarrik zuzendua dela, eta ez. Nahi badugu jendartea aldatu eta bazterrekoa erdigunera ekarri, eta zaintza zentroan jarri, justu liburu hau edozeinek irakurtzekoa da. Indarkeria obstetrikoa da emakumearen aurkako indarkeriarik ikusezinena eta ahalegin handia egin behar da erdian jartzen. Hain naturalizatuta dago, uste baitugu erditzea gu horrela tratatzea dela, eta gure gorputzarekin egiten den guztia egitea; ‘hor daude berriro ama hauek beraien erditzearekin bueltaka. Pasa zezaketen ja orria’ pentsatzen dutela. Ba, ez, ez dugu pasako eta berriro kontatuko dugu, ez baitu inork ikusten, ezta profesionalek ere. Ez dute nahita egiten; kontua da ez direla jabetzen indarkeria denik. Eta emakumeok gerok ere ez dakigu batzuetan egiten digutena indarkeria denik. Pentsa zenbat lan dagoen egiteko!».

Zauri irekitzea sendatze bidean pausua?. «Bai, ‘Sortze berri bat’ bezalako liburuek, edo aurretik Erika Lagomarekin egindako ‘M ama* eme* ume*’ edo idatzi nuen lehenengoak, ‘Gure erditzearen jabe’ liburuak, badute sendatzeko potentziala. Egia da igual beldurrez hurbil zaitekeela, zauria hagitz-hagitz irekita badago ez baita momentua, sendabidearen zatia egin behar da hau hartu ahal izateko. Baina era berean, zuk diozun bezala, sendabidearen pausu bat da». Zornea ez sortzeko. «Bai, horixe da».

Euskal Herriko kaleak astindu berri dituen greba feministaz honakoa dio: «Greba sekulakoa izan da mezu aldetik baina faltan izan dut zaintza lanak egiten dituzten ama horiekiko aipamena. Amon gorputzak ekartzen ditugu haurrak mundura eta ez gara zainduak ez haurdunaldian ez ondoren. Mingarria egiten zait. Badakit ez dela ahaztea, baina esplizituki aipatzea nahiko nuke. Zaintzak ezin du emakumeon bizkar egon, ados, baina eskubideak eman behar zaizkie zaindu nahi duten emakumeei. Uste dut fokua lehenengo horretan bakarrik jartzen dugula, eta nik aldarrikatuko nuke eskubideez betetzea, ez bakarrik sare publikoaz, beste modu batera zaindu nahi duen emakumea», adierazi du.

Hain zuzen, medikuntzak emakumeen gorputzean eragiten duen zapalkuntza du hausnarketa-gai Katakrak argitaletxeak Azokan salgai duen liburuetako batek. Bere lerro editorialaren ardatz nagusia du feminismoa Iruñeko argitaletxeak. «Feminismoa bere zabaltasun osoan ulertuta, ez bakarrik emakumearen askapena lantzen dutenak».

Urtero hainbat liburu ateratzen dituzte. «Angela Davisen ‘Askatasuna, etengabeko borroka bat’ liburuak gure bidea markatu zuen duela zazpi urte. Silvia Federiciren bost liburu ekarri ditugu euskarara eta aurten ‘Transgresioa irakasgai’, generoak, arrazak eta klaseak topo egiten duten tokitik idatzia, daukagu, esaterako. Baita Rote Zora hiri-gerrilla feministaren gainekoa ere.

«Gazteleraz ere beste makina bat atera ditugu. Hor daude, esaterako, Gerda Lerner-en hiru liburu. Horien artean, ‘La creación del patriarcado’k bide handia egin du, interes handia sortuz. Jendartean dauden kezkak elikatu eta hausnartu ditzazketen egileak ekartzen saiatzen gara, arnas luzeko urgentziei erreparatzen. Izan ere, gai potoloak dauzkagu mahai gainean», esan du.

Hamaika Telebistaren ikus-entzunezko podcasta

Estitxu Fernandez eta Erika Lagomaren liburuan du jatorria Hamaika Telebistaren ikus-entzunezko podcastak. Irailean ekin zioten bideari. Amatasunaren nondik norakoak hamasei emakumeren testigantzen bitartez jaso ditu saioak. Testigantza bat jaso eta amatasunaren inguruko gai bati heltzen dio. Ainara Lopez Zarco eta Miren Lantz Solbes dira saioaren gidariak eta atal bakoitzean emakume bat gehitzen zaie. Horrela, hiruren artean, norberaren bizipenetatik abiatuta gai ezberdinak jorratzen dituzte.

Helburua amatasun feministei ahotsa eta gorputza ematea da, amatasun modu asko daudela erakutsiz. «Bizipenak anitzak dira, amak eta feministak asko eta askotarikoak diren bezala: erditu diren amak, erditu ez direnak, ama ez izatea erabaki dutenak, ama bakarrak, banatu direnak, adopzio bidezkoak, amamak, etorkinak, ama lesbianak, heriotza gestazionala bizi dutenak…».

Amatasunaren inguruko ikuspegi dogmatiko eta idealizatuak alde batera uzten ditu. Emozioei, lekukotzei eta bizipenei tartea eskaintzen zaie. «Norberaren barruan begiratzeko eta hausnartzeko aukera ekarriko du saio honek».