Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Joxe Azurmendi, «gutxiago goretsi eta gehiago irakurri» beharreko pentsalaria

Euskal filosofo gazteek erabateko gaurkotasuna ikusten diote Joxe Azurmendiren pentsamenduari. Zegamar filosofoak eurengan pizten duen interesaren lekuko izan da Azokako Talaia.

Joxe Azurmendiren azken liburuaren aurkezpen ekitaldiaren irudia.
Joxe Azurmendiren azken liburuaren aurkezpen ekitaldiaren irudia. (Jon URBE | FOKU)

Joxe Azurmendiren (Zegama, 1941) ‘Europa bezain zaharra' azken liburuaren aurkezpena egin dute Azokan mahainguru-solasaldi moduan. Jakinek eman du argitara liburua eta bertako zuzendari den Lorea Agirrek gidatu du ekitaldia.

Naziogintzara, bere lerro nagusira bueltatu da azken liburuan. «Hegemonikoak diren nazioek euskaldunoi esaten digute gu garela nazionalistak eta horri kontra egiten dio, bere pentsamendu guztiak bezala», adierazi du Agirrek.

«Herrigintzan eta euskalgintzan iritsi garen unera ailegatzeko naziogintzaren oinarriak jarri zituten belaunaldiko kidea da. 40 liburutik gora ditu argitaratuak, gai asko eta zabalen bueltan», nabarmendu du.

Hizlari, hiru filoso gazte. Liburuaren edukiaren nondik norakoak laburbiltzearekin batera, Joxe Azurmendik bere pentsamenduaren bidez utzitako arrastoa eta XXI. mendean duen gaurkotasuna izan dute hizpide Haritz Azurmendik, Alba Garmendiak eta Mikel Urdangarinek.

Hiruek aukeratu dute Azurmendi beraien tesiaren ardatz. Naziogintza landu du lehenak, utopia bigarrenak eta gizalegea hirugarrenak. Gazteek zegamar filosofoak utzitako lorratza erakargarria, interesekoa eta erabat aktualitatekoa ikusten dutenaren seinale.

Bide emankorra

Sei hamarkadatako bidea egin du Azurmendik eta hausnarketarako gakoak asmatzeko gaitasuna bere horretan du oraindik ere. Horren adibidea da azken argitalpena. Oharrak eta gogoetak. Azurmendik Europan zehar errepidez, pentsamenduz edo literaturaren bidez egindako bidaietan idatzitako testuak bildu ditu liburuan.

Pentsamenduaren eta literaturaren klasikoak eta modernoak, arkitekturarako zuen zaletasunaz zipriztinduta, besteak beste. Shakespeare, Okzitaniaren historia, Italiako errepublikak, Erdi Aro eta Errenazimendutik hasi eta Modernitatean zehar.

Europaren historia kulturala berrirakurtzeko gonbidapena da liburua, nazioa XIX. mendeko nazio estatuaren eredutik harago ulertu eta izan dituen erabilera zabalagoak aintzat hartuta.

Naziogintzaz asko hausnartu eta idatzi du Azurmendik eta ia saihestezina da horrekin lotzea. Baina mahainguruan parte hartu duten gazteek bere pentsamendua askoz ugariagoa dela nabarmendu dute. «Nazio ideiarekin lotzen da bera. Alde etnikotik ulertzen dugu eta kontzeptua konplexuagoa da. Diziplina artekoa da bere ikerketa. Mundu mailako puntako pentsalariekin elkarrizketan aritzen da eta gainera euskaraz», kontatu du Garmendiak.

«Nazioaren ideiari lotzen zaio, baina benetan humanista da. Arkitektura, literatura klasikoaz ezagutza handia du, baita gaur egunekoaz ere. Gaitegi oso zabala topatuko du irakurleak liburuan», esan du Azurmendik.

«Nazioaren kontzeptua ulertzeak gizatasunaren ulerketa aurresuposaten du. Gizakera ulertzeak, era berean, aurresuposatzen du nazioa ulertzea. Aberriaren oso irakurketa gaurkotua egin du» Urdangarinen hitzetan.

«Ondo dago bera gorestea, baina horren zergatia ez badakigu seinale txarra da. Goretsi gutxiago eta irakurri gehiago», bota du Haritz Azurmendik. «Berari ilusio handiagoa egingo dio bere pentsamendua kritikatzeak», azpimarratu du.

Autorea oraindik ezagutzen ez duten gazteei autorearen obrara hurbiltzera ausartzeko deia egin die, «baduelako mami nahikoa». Horrekin batera, dagoeneko ezagutzen dutenei, eskaera bat: «Ez patrimonializatu, gurea ere bada eta. Eta batez ere, gure ondorengoena».

Bat dator Urdangarin. «Gorestea anti-azurmendi da. ‘Ez nago ados’, esan zion behin batek. ‘Hala espero dut, nik bezala pentsatzeko nahikoa naiz ni’, bere erantzuna», gogoratu du.

Bere esanetan «gaur egungo intelektualen ardura da Azurmendiren pentsamendua beraien diskurtsoetan txertatzea. 1956ko belaunaldiko kideek pentsatu dituztenak oso baliagarriak dira eta ez bada, esan zergatik. Horixe egin zuten beraiek ere. Ez da zilegi kultura gutxitu batean paso egitea belaunaldi horrengana hurbiltzeko esfortzurik ez dugulako egin nahi. Pentsamendua deserrotua izango da, ondorioz», jarraitu du. 

Zer ikasi diozue?

Badakigu Azurmendiren pentsamenduak gaur egun balio duela. Baina galdera ondorengoa da, zertarako? Zer ikasi diozue?, galdera jarri du mahai gainean Lorea Agirrek.

Haritz Azurmendiren esanetan oso topikoen gainean eraikitzen dugu pentsamendua. «Joxe Azurmendiren helburua horiek suntsitu eta kontzeptuetan sakontzea da. Nazioa elementu jakinei loturik ulertzen dute. ‘Nazioa honek egiten du’, diote. Elemendu horiek munduaren aurrean erakutsiz besteak aitor zaitzan bilatzen dute. Bestela ukatu egiten dute, eta ondorioztatu naziotasunak ez duela balio. Bere obrak orokorrean tresnak eskaintzen ditu irakurketa sinpleaz harago naziogintzaren fenomenoak tentu gehiagoz aztertu ahal izateko».

Azurmendirengandik beste ikuskera bat ikasi du. «Arreta ez elementuei baizik praktikei jartzen. 60. hamarkadan ‘zergatik eta zertarako izan euskaldun?’ galdera egin zuen. Jaiotzari edo ekintzari lotua dago? Gako interesgarria dago hor. Naziotasunarekiko beste begirada ireki zidan niri. Badugu botererik jokatzeko nazio bagina bezala? Kultura eta hizkuntza ez dira pintzeladak solik, mihise osoa dira naziotasunean».

«Nazioek ez dutela zentzurik entzuten dugu. Baina nazio hegemonikoek oso erraz erreproduzitzen dituzte beraien narratibak. Era honetako gogoetak hartu dizkiot. ‘Honen aurrean zer’, esan dezake norbaitek. ‘Orain zuri tokatzen zaizu’ da Joxeren erantzuna», jarraitu du.

Utopien ikerketetatik dator Alba Garmendia. «Gazi-gozoa da. Joxe irakurtzeko atsegina da, aberasgarria, baina gaurko garaiekin bat ez datorren buru egoera eskatzen du. Halere bidea egiten dugunean gauza asko ulertzen dugu eta merezi du esfortzuak. Testua ulertzen dugunean ikusten dugu mundua kritikoki ulertzen laguntzen duela». Etengabe kontsultatzeko autorea da berarentzat. «Ez da apalategien geratzen den pentsamendua».

«Hizkuntza, kultura eta erreferentziak partekatzek, instituzioek... horrek denak nazioa egiten du. Gizarte desiragarria nazioa dela esaten da. Eta utopiak ez duela nazioarekin zerikusirik. Hain justu Azurmendi irakurrita jabetzen zara ez dagoela utopia unibertsalik partikularrik gabe».

«Utopiaren mundua lurtarragoa egin zait bera irakurri ondoren. Utopia ez da gizarte idiliko neutrala, eta ez dago hain urruti naziogintzatik. Estatuak legitimatzen duena neutroa dirudi eta aldaketa nahi duenak darama marka, baina munduaren ordena irauli nahi dutenak biak dira, bai utopiak eta baita nazionalistak ere. Azurmendik ustezko teoria neutroaren atzean dagoena ikusarazi dit. Ideologia eta historia, teoria bezain garrantzitsuak dira», gaineratu du.

«‘Giza aberetxo’ kontzeptua zentrala da Azurmendiren obran. Umiltasunerako deia da. Ez gara giza jainko zeruaren seme-alabak. Gorputza gara eta arima. Eta ez dago buruaren eta gorputzaren arteko banaketarik. Abere gorputza dugu. Ez Cainen gorputz hiltzailea, Abelen gorputz hauskorra baizik. Ez ote dago zaurgarritasunaren inguruko gogoetari lotuta? Ez gara zeruko seme edo alabak. Natura gara, naturalak. Beste animaliekin badago lotura naturala. Nola uztartu ekodependentzien gogoetekin? Abere hutsak gara eta, natura hutsa garen heinean, natura bete behar dugu, natura kulturala dugu, ingurune sozialaren baitan konstituitzen da. Abere ahula gara. Lagunkoiak gara, lagunen beharra dugu. Jule Goikoetxearen interdependentziaren kontzeptuarekin elkarrizketarako bidea irekita dago», amaitu du Urdangarinek.