Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai, ikuskizun berria eta betiko ilusioa

Usurbilgo Aitzaga tabernan harrapatu ditugu Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai. Hemen josi dute ‘Ztandap’, puzkerrak, bikoterik gabeko emakumeak, elkarbizitza eta orgasmo arrakala bezalako gai tabuak karkaraka eztandarazten dituen bakarrizketa ikuskizun berria. Gonbidatuta zaudete.

Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai, Usurbilen. Bertan hartzen du Mirarik Idoia kotxean. Orduan hasten da emanaldia.
Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai, Usurbilen. Bertan hartzen du Mirarik Idoia kotxean. Orduan hasten da emanaldia. (Jon URBE | FOKU)

Sabelean tximeletak dituzte. Ikuskizun berri bat hasi dute, eta urduri daude ea jendeak aitzinekoan bezain ongi pasako duen. «Azterketa handi bat da, baina ilusio handiarekin gaude», hasi da Idoia Torregarai. «‘Luze edo Motz’ aurreko ikuskizunarekin herriak gastatu genituen, 150 emanaldi inguru egin ondotik. Plazan jarraitzeko gogoa dugu, gure lana gustatzen zaigulako. Horrek sortzea eskatzen zuen», erantsi du Mirari Martiarenak. Hala egin zuten. Bien artean probatu, eta zuzenean plazara. Horregatik, leku seguru bat aukeratu zuten, Altzo. Aurreko bi ikuskizunak bezala, bertan estreinatu zuten “Ztandap”, azaroaren 3an. «Oso ondo atera zen».

Bakarrizketak «oso gauza biziak» dira bikotearentzat. «Testuak idatzita daude, baina inoiz ez ditugu esango idatzita dauden bezala. Nahiz eta gauza bera kontatuko dugun, kotatzeko modua desberdina izango da, zerbait gertatzen bada erantsiko dugu... Zenbat eta seguruago sentitu testua, errazago egingo dugu, eta inprobisaziorako tartea ere handiagoa izango da», azaldu du oiartzuarrak. Horrek eskatzen duena da aunitzetan egitea.

“Luze edo Motz”-ek ederki funtzionatu du, eta urte bukaera honetan bi ikuskizunak uztartzen ari dira, baina etapa bat amaitu behar dela iruditzen zaie. Usurbildarrak adierazi duenez, ez dute bertan goxo gelditu nahi etengabe. «Gure denbora hartzen dugu batetik bestera, Euskal Herriko zirrikitu txikienera iristeko eta eroso eta gustura egoteko».

2018an sortu zuten lehendabiziko ikuskizunarekin, “Bakean dagoena bakean utzi”-rekin, gauza bera egin zuten. Lanku kultur zerbitzuekin elkarlanean hasi zuten bidea, eta hala jarraitzen dute.

Torregarai eta Martiarena, leihotik begira. Jon URBE | FOKU

Garapena

Aurreneko ikuskizunean euskara gaiak ere sartzen zituzten; bigarrena genero ikuspegitik egin zuten, tabu gehiago puskatzeko; eta hirugarren hau ez da beharbada hain apurtzailea edo ikusgarria, baina azpian dituen gaiak sakonagoak dira. Beren estiloari jarraitzen diote, beren bizitzan eragina duten gaiak hartuz. Hori bai, esperientzia handiagoa dute orain.

«Beste jarrera eta segurtasun bat dugu oholtzan. Horrek ez du esan nahi lasai egoten garenik, ezta gutxiago ere. Baina erremintak baditugu momentu batzuetatik errazago ateratzeko eta indartzeko», esplikatu du Mirarik.

Hazi egin dira. Idoiak ez luke erranen iruzurgilearen sindromea izan dutenik. «Oso argi genuen egin nahi genuen hori egingo genuela, baina sortzaile gisa beti exijitzen diogu gure buruari zerbait aurrekoaren adinakoa izatea, eta horrek, noski, tximeletak baino kezka ekartzen digu. Gero, ikusten dugu funtzionatzen duela. Orain berriro hasi berritan bezala gaude, baina eskarmentu gehiagorekin. Konbinazio hori ere interesgarria da».

Lan txukuna osatu dutela uste dute. Gainera, nabari da haiek ere ongi pasatzen dutela. Torregarairen ustez, hori da beren indargunea. «Biok elkarrekin gehitu egiten dugu, ongi pasatzen dugu, saio bakoitza disfrutatu eta konpartitzen dugu. Bost urteko ibilbide hori egina izatea eta oraindik gogoa edukitzea eta esatea: ‘Goazen, Mirari, Euskal Herriko txoko honetara’, hori mundiala da, hori seinale bat da».

Estilo desberdinak dituzte. «Idoiak kanpora egiten du, keinu askorekin, gehiago mugituz. Ni jarri eta gauzak kontatzen joaten naiz. Bat energia oso altuarekin doa, bestea baxuagoarekin. Hor ere oreka dugu».

Emanaldi guztiak ez dira berdinak eta badakite noiz dagoen bat harrotuta eta disfrutatzen eta noiz dagoen bukatzeko gogoz; hain ongi ezagutzen dute elkar, non hori ere badakiten, eta oholtzan elkarri laguntzeko balio die.

Emanaldia Usurbilen hasten da, Mirarik Idoia kotxean hartzen duenean. «Batzuetan aste gogorra izaten dugu. Ez gara honetatik bakarrik bizi, bakoitzak gure lanak ditugu. Batzuetan gogorik gabe ateratzen naiz etxetik, ze pereza Euskal Herriko beste puntara joatea orain etxean egon nintekeenean igande arratsalde batean lasai manta azpian, baina badakit Idoia kotxean sartzen denean lehenengo komentarioa hori izango dela, eta pasatzen dela».

Konplizitate handia dago bi umoregileen artean. Jon URBE | FOKU
Lur orotarikoak

Euskal Herria dute plaza, bere zazpi probintziak. Aste berean egon daitezke Otxarkoagan, Vianan eta Baionan. Zuberoan ez dira egon, beste seietan bai. Emanaldia kultur etxean izan daiteke edo emakume feministen areto batean. Areto formala izan daiteke edo gaztetxe bat. Kalean ere egin izan dituzte bakarrizketa-poteoak. Lur orotarikoak dira.

Formatu txikia dute eta horrek askatasuna ematen die hainbat lekutan egiteko. Bi aulki, ura eta barre gogoz dagoen jendea, hori baino ez dute behar. Herri ttiki ugaritatik deitzen diete. Batzuek ez dute antzokirik, herriko gela bat dute eta hor egiten dira ekintza guztiak. «Bizia sortzeko aitzakia ere bagara». Horrek harrotasuna ematen die.

Zenbat frontoitan egin duten, festetan kalean, elizan, kanpinean... Esperientzia hori guztia hagitz ederra da haientzat. «Ikasi behar duzu ez dela berdina antzoki formal batean edo elkarte batean aritzea, edo haurrak dauden toki handi batean. Horrek ematen dizu zailtzea, kontzentrazioa lantzea eta erabiltzea».

Irri egitea kostatzen zaion jendea dagoen emanaldiei deitzen diete plaza zaila. «Gutxiengoa dira. Beste batzuetan, jendea barrez aritzen da, baina nahikoa da bat serio egotea; zuk berak barre egitea nahi duzu eta deseroso sentitzen zara. Ahaztu egin behar duzu horretaz, indarra galtzen delako. Kontzentratu barrez ari direnekin eta gozatu», kontatu du Mirarik.

«Gai batzuk deserosoak edo tabuak izan direnez, pertsona batzuek ez diote beren buruari baimenik ematen barre egiteko. Hor tentsio batzuk sortzen dira eta gu horiek puskatzera gatoz», gaineratu du Idoiak. «Herri batzuk barrura begirakoak dira gehiago, beste batzuk lehenengo momentutik karkaraka hasten dira».

«Beste batzuetan, eboluzioa ikusten dugu. Hasieran kostatzen zaie, gero barrez hasi eta lehertu egiten dira». Zirrikituak bilatzen dituztela azaldu du oiartzuarrak. «Badakigu txiste batek beti funtzionatzen duela, eta egun batean ez da sartzen. Hori gertatzen da herri batetik bestera dena aldatzen delako eta deserosotasunak sortzen direlako».

Mugiarazi

Publikoarengandik hurbil-hurbil daude. Usurbildarrarentzat hori da onena. «Polita da ikustea bati irribarre bat atera diozula. Baina batzuetan gogorra ere bada. Denak serio daudenean eta zu dena ematen, hori ere kudeatzen jakin behar da».

Barre eragiteaz gain, zerbait mugiarazi nahi dute. «Gauzak kontatzerakoan jendeak ongi pasatzea bilatzen dugu, baina pentsaraztea ere bai. Batzuetan txisteak barre egiteko dira eta kito. Ez dut pentsatzen zerbaitekin mundua aldatuko dudanik, aldatuko dut agian, baina jendeak ongi pasatzea nahi dut, barre egitea ona delako niretzat eta besteentzat», adierazi du Martiarenak.

Bakarrizketa ikuskizun berriarekin datoz. Jon URBE | FOKU

Norbere begirada berezia

Batzuetan, gai bati buruz mintzatzeko gogoa dute eta pentsatzen dute kontu arina dela, baina estutzen eta fintzen doazenean ohartzen dira beren begirada bereziekin jendea mugiarazi dezaketela. «Bizitza ikusteko gure modua umorea da, oso antzeko ingurua dugu eta gauza asko konpartitzen ditugu, baina bakoitzak gure begirada dugu eta jorratzen ditugun gaiak ere desberdinak dira».

Emanaldia idatzi, azken hilabete eta erdian idatzi dute, baina egosten urtebete egon da. Kotxeko bidaietan aipatu dituzte gertatu zaizkienak eta eragin dieten kontuak, eta zakua betetzen joan dira. Urte hasieran bazekiten udazkenean zerbait eginen zutela, eta bitartean, gorputzean, buruan izan dute, ea zer ateratzen zen. Gero, galbahea pasatu, eta idatzi egin dute, txisteak sartuz.

Bakoitzak bere zatia idatzi du eta gero elkarrekin josi eta gorpuztu dute. Batak besteari entzun, eta proposatu: «Zergatik ez duzu hau horrela esaten?». Batak bertzearen aitzinean egin du bakarrizketa, hasieran paperarekin, gero gabe.

Binaka egiteko hautua

Eztanda eta “stand up” hitzekin jostatuz sortu dute ikuskizunaren izena. «Eztanda sonoritate handiko hitza da. Guk hori egiten dugu, gai asko eztandarazi: ezkutukoak, tabuak, emakumeenak... Argitara ekarri eta egur pixka bat eman. Hitz joko polita egiten zuen “stand up”-ekin. Hasi ginenean binakako bakarrizketa esaten genion, baina egiten duguna Ameriketatik etorritako “stand up” hori da, publiko baten aurrean zuzenean monologoa botatzea. Hor, bada aldarri bat: guk ere bost urte daramatzagu Euskal Herri osoan hau egiten».

Binaka egiten dutela eta “stand up”-a bakarrik egin behar dela erran izan diete. Oiartzuarrak ohartarazi du horren atzean dagoela zergatik hautatu duten binaka egitea, ze bera bakarrik hasi zen. “Mirarikeriak” izeneko bakarrizketa bat zuen. «Baina oso gogorra egiten zitzaidan ni bakarrik joatea herri batera, ezagutzen ez nauten toki batera barre eragitera, emakume bati eskatzen zaion horren guztiaren kontrakoa egitera. Horren atzean badago hautu bat: elkartu eta indartzea». Ahizpatasuna hori ere bada.

Feminista

Oraindik aldarrikatu beharra dute egiten dutena ez dela emakumeentzat bakarrik. «Emakumeak etortzen dira gehienbat. Talde feministak antolatzen badu gizonezkoek segituan deskonektatzen dute, eta bi emakume kartelean ikusita, emakumeentzat dela pentsatzen da. Orain, kartelean gizonezko bat ikusita, denentzat da. Ba gurera ere nahi duena etor daiteke». Gizon aunitzek erraten diete: «Zenbat ikasi dudan!». Funtzio sozial hori ere betetzen dutela diote irriz.

Feministak diren momentutik, sortzen dutena feminista da. Aunitzek kontratatzen dituzte berdintasun sailetik eta talde feministetatik, baina kulturatik ez hainbertze, eta gizonezko bakarrizketagileak kulturatik ere kontratatzen dira. «Horretaz aparte, kulturak udaletxeetan mugitzen duen aurrekontua handiagoa da feminismoak edo berdintasun sailak mugitzen duena baino».

Euskal Herrian bada bakarrizketagileen olatu bat, eta pozez bizi dute hori. Tarteka gauzak egiteko elkartzen dira. Bilbon, Ane Lindanek eta Raquel Torresek “Despotorrea” jarri zuten martxan. Sekulako aukera da horretan hasi nahi duten emakumeentzat. Dokan ere “Kar kar probalekua” egiten da.

Ikuskizunean Torregarai hasten da, puzkerrak eta emakumeon fintasuna lotuz. Gero, Martiarenak bikoterik ez duten emakumeei buruz gustura hitz egiten du. «Banuen gogoa. Gizartea binaka bizitzeko pentsatuta dago eta barre egin nahi nien ustez zoriontsu diren bikote horiei eta pentsatzen dutenei ni emakume triste bat naizela».

Jarraian, elkarbizitzari heltzen dio Idoiak eta esaten du dena ez dela arrosa kolorekoa. Sexuari buruz aritzen da Mirari, orgasmo arrakalaz zehazki. «Emakumeok pairatzen dugu, soldata arrakala bezalaxe». Emakumeok aditu behar izaten ditugun gauzekin bukatzen dute. •