Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Aski gutxi denean inoiz ez da aski

Marta Peiranoren “El enemigo conoce el sistema” irakurri dudanetik, sudur kritikoz usaintzen ditut hainbertze maite ditudan txokolate, kafe eta ogi egin berriaren aroma kaleraino zabaltzen duten kafetegiak. Antza denez, gehienetan difusore batetik ateratzen dira lurrinak, eta horri esker, %300 goititzen dira salmentak.

Usainen bidez, behar duguna baino puskaz gehiago jan dezagun lortzen dute. Erraza da, milaka urte daramalako gizakiak eskasia kudeatzen, baina ez oparotasuna. Koipea, gatza eta azukrea nahasiz gozotasuna handitzen da, eta horrekin jokatzen du industriak. Lau enpresak ekoizten omen dituzte munduan erosten ditugun usain eta zapore guztiak. Givaudan, Firmenich, International Flavors & Fragrances (IFF) eta Symrise dira. Ohikoa den bezala, beren irudiak ez du zerikusirik eskaintzen duten produktuarekin. Gure zaporerik gogokoenak birsortzen dituzte, haurtzaroko usainak. Herriaren arabera desberdinak.

Erraten da usaimena dela beharbada gutxien baloratzen dugun zentzumena, baina sakonen eta zuzenen eramaten gaituena denboran eta espazioan edozein puntutara, tximista baten abiadan. Bakoitzak ditu bereak. Sandwich egin berri bat, gazta urtua bazterretatik isurtzen zaiola, krus-krus egiten duen ogi txigortuarekin, edo natilla bat paxintxiekin. Ikusten? Koipea, gatza eta azukrea. Amatxiek denak nahasian paratzen zizkiguten mahaian, eta guk zenbat eta gehiago jan, kontenago jartzen ziren. Guk ez bezala, eskasia sufritu zuten.

Aunitz oroitzen ari naiz beraiekin, eta ilusioa egin dit ohartzeak haiengandik jaso dudala janariaren goxotasuna eta garrantzia. Kontrolik gabe kontsumitzera garamatza bizi garen sistemak, janaria eta gauza guztiak, gehienoi eros ahalmena txikitzen ari zaigun bitartean. Hito Steyerl artistak dioen bezala, lurrik ez badago gerta liteke erortzen ari zarela ez konturatzea ere, grabitatea txikiagoa izan daiteke eta arin senti zaitezke jendarte osoak erortzen ari direlarik, zu bezala. Rexu eta Beni, eskutik hartuko zaituztet «uuumm» egiterakoan. •