Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
Interview
Barry Barrez
Umoregilea

«Ez naiz inoiz ‘vasco’ izango, baina euskaldun bai»

Barry Manley Irlandako Goierrin jaio zen, Corken. Barry Barrez izen artistikoarekin bakarrizketak egiten ibili da 12 urtez Euskal Herri osoan. Eritasun batek gelditzera behartu zuen, baina osatu, eta grinaz itzuli da Barry Barrez Berriz. Bere sustraiekin batera, euskara du oinarri bere stand up-ak.

Barry Manley, Donostian.
Barry Manley, Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Barry Manley edo Barry Barrez West Corkeko Bandon herrian sortu zen, 1961ean. Bertako mapa erakusten duen kamiseta aukeratu du argazki saiorako, sustraiak han dituelako eta Goierriren antza hartzen diolako ere bai. Bakarrizketagilea da, eta musikaz laguntzen ditu kontakizunak, eskusoinuarekin eta gitarrarekin abestuz.

22 urterekin iritsi zen Euskal Herrira, euskaraz tutik ere jakin gabe. Baina egin zuen lehenengo gauza gure hizkuntza ikastea izan zen. Euskara eta euskal kultura bere ikuskizunen oinarria dira, bere jatorriarekin batera. Idazlea ere bada. ‘The New Europeans’ nobela plazaratu zuen 29 urterekin, eta olerkiak eta ipuinak idazten ditu. Ingeles klaseak ematea du ogibide.

47 urte zituela egin zuen aurreneko bakarrizketa euskaraz, eta geroztik herriz herri ibili da. Minbiziak bizitza irauli eta agertokietatik urrundu zuen, baina urtebeteren ondotik osatu da, eta bueltan da Barry Barrez Berriz. Hiru gauza behar ditu soilik: mikroa, agertokia eta ongi pasatzeko gogoz dagoen publikoa.

Kafe luze bat hartu dugu itzuleraz solastatu bitartean, justu bere etxe ondoan, Donostian. Kontalari onek bezala, zerbait azaltzen hasi eta ez du bide zuzena hartzen, istorio gehiago sortzen zaizkio bidean eta joan-etorriak egiten ditu denboran eta espazioan.

Zer moduz zaude?

Ondo. Baditut egun ilunak, baina oro har ondo nago. Agertokietara bueltatzeak bizia eman dit. Izugarria izaten ari da, hunkigarria eta emankorra. Orion, Errenterian eta Ordizian egin ditut boloak. Abenduaren 15 eta 18an Aretxabaletan egongo naiz, Kurtzebarri BHI eskolan, eta laster Donostian, Hernanin, Oñatin, Legazpin eta berriz Errenterian egingo ditut monologoak.

Nolako ikuskizuna da zurea?

Bi motatako ikuskizunak egiten ditut. Ez da gauza bera gaztetxoekin egotea eta helduekin egotea. Biak gustatzen zaizkit. Bereziki umeen energia. Txorakeria asko egiten ditut, gaelikoa sartzen dut eta gitarra eta eskusoinuarekin konposaketak egiten ditut. Helduekin, nire bizitzari buruz hitz egin nahi nuke. Bizitza berri bat daukat. Egunero liluratzen naiz orain. Hemen nago, pozik nago. Noski, irlandarra izanda, hizketan hasten naizenean ezberdina da eta niretzat dena da abantaila. Gustatzen ez zaidana da batzuetan esaten didatena: ‘Meritu handia duzu!’.

Ingelesez aritzen diren bakarrizketagileen eraginak dituzu. Zeintzuk maite dituzu?

Bada irlandar bat eri eroa, Tommy Tiernan. Irlandarrak oso gogoko ditut. Ipar Ameriketakoak, George Carlin eta Bill Hicks.

Marketinean lan egina zara.

Irunen egon nintzen bi urte. Frantsesez banekien baina gehiago ikasi nuen, eta gaztelania ere ikasi nuen. Marketinean sartu nintzen, Parisen bizi izan nintzen urtebete eta gero hona itzuli eta hemengo enpresetan lan egin nuen, ‘The New Europeans’ nobela argitaratu arte. Bide artistikoa jarraitu nahi nuen... gaur arte.

Zertaz da zure eleberria?

Benetako arrakasta zer den egiten dut gogoeta, komertziala edo artistikoa, pertsonala. Denbora pasatu da baina berdin pentsatzen dut.

35 urterekin aukeratu egin behar izan zenuen: Euskal Herria ala Irlanda.

Irlandara joan nintzen eta ia urte oso bat eman nuen, baina hona etorri nahi nuen eta euskara ikasteko baldintza jarri nion nire buruari. Erabat autodidakta naiz.

Nolakoa da zure umorea eta nola lagundu dizu bizian?

Nahiko alaia naiz, nahiz eta nire bizitza gogorra izan den. Bost anaia-arreba gara eta familiako ardi gorria naiz, komunista. Ama 11 urte nituenean hil zen. Aitari asko gustatzen zitzaion alkohola eta arazo handiak izan genituen etxean. Aldi baterako gaude hemen eta beti alde positiboari begiratu nahiko nioke. Beti ari naiz txantxetan. Mundua nahiko gogorra da, niretzat batez ere azken urte honetan. Euskara ere inportantea da nire bizitzan. Beti ari naiz pentsatzen zerbaitek agertokian funtzionatuko lukeen. Eta gero, dena prest dut buruan, eszenatokira joaten naiz eta beste gauza bat egitea erabakitzen dut. Gai pila bat izaten ditut buruan. Ezagutzen duzu Leo Harlem? Asko gustatzen zait. Kursaalen egon nintzen bera ikusten: ez du txiste bat ere kontatzen, istorioak baizik. Irlandarrok tradizio hori nahiko sartua dugu.

 

«Bizitza berri bat daukat. Egunero liluratzen naiz orain. Agertokietara bueltatzeak bizia eman dit. Izugarria izaten ari da, hunkigarria eta emankorra»



Lagun aunitz dituzu.

Konturatzen naiz zorte handia daukadala. Euskal Herrian ere  lagun onak ditut, eta Irlandan nire herriko kuadrilla daukat oraindik. Hori ez da erraza. Beti esaten didate ez naizela batere aldatu. Gero eta gutxiago itzultzen naiz Irlandara. Covida baino lehen izan nintzen azken aldiz. Seme bat dut eta duela 15 urte banandu nintzen bikotearengandik. Duela hamar urte oraingo bikotea ezagutu nuen parke batean, oso pozik gabiltza. Bera ere euskaldun berria da. Hala aritzen gara: ‘Nola esango zenuke...?’.

Ez zaizu euskaldun berri eta euskaldun zaharren arteko banaketa gustatzen.

Denak gara euskaldunak. Ni ez naiz inoiz ‘vasco’ izango, baina euskaldun bai. Euskaltegietan ikusten dut zenbat jende ari den euskara ikasten, heldua izanda, ni bezala. Gizartea aldatzen ari da; lehen 40 urtetik beherakoak euskaldunak ziren euskara ikasi zutelako eskolan, baina orain 50 urtetik beherakoak dira euskaldunak. Denbora pasatzen ari da. Nire mezua oso sakona da: kanpotik etorri, euskara ikasi, eta euskaraz bizi zaitezke. Hori bai, nire eguneroko bizitza euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez da. Gero eta ohikoagoa da hori.

 

Barry Manley, NAIZekin elkarrizketan. (Andoni CANELLADA/FOKU)



Non egin zenuen lehenengo boloa?

Oiartzungo gaztetxean, Errenteriako lagun baten bidez. Nire bezeroen artean udal asko ditut, euskara elkarteak eta euskaltegiak; eredugarria naizela ematen du. Bizkaia osoa ezagutzen dut, pila bat ibiltzen naiz han. Araban, Gipuzkoan, Nafarroan, Lapurdin ere aritzen naiz. Euskalkiekin jokatzen dut. Eibarko Hizkuntza Eskola Ofizialean galdetu zidaten ea ingelesa eta euskara nahasiz ikuskizuna egin nezakeen, eta egin nuen. Sagardotegian ere egin izan ditut bakarrizketak. Lehen txotxa, eta 15 minutuko bakarrizketa. Bakailao tortilla, txotx, eta beste bakarrizketa bat. Lau egiten ditut, batzuetan bost. Oso formatu berezia da.

 

«Ez duenean funtzionatzen, etxerako bidean Bob Dylan jartzen dut eta musika entzuten dudan bitartean pentsatzen dut nahiago dudala hau egin etxean telebista ikusten egon baino»



Zenbat laguneko publikoaren aitzinean aritu zara?

Handiena, 2.000. Hezkuntzako greba baten ondoren. Guraso iraultzailea naiz ni ere. Armonika batekin hasi nintzen Bob Dylanen abesti bat kantatzen eta gero 15 minutuko emanaldia egin nuen.

Beti sartzen duzu kantua?

Bai, hori da nire bizitza: gitarra, eskusoinua. Nire letrak egiten ditut Irlandako musika oinarriarekin. Abesti bat daukat ‘I’m Irish in Euskal Herria’ deitzen dena, oso ondo funtzionatzen du.

 

«Hiru aste egon nintzen gela batean erabat isolatuta. Zorte handia daukat bikotekidearekin eta lagunekin. Oso eskertuta nago. Egunero gozatu nahi dut, eta maite dudan jendeari jakinarazi»



Zer ikasi duzu agertokian?

Gauza pila bat: jendea nola kudeatu, pausoak... Oso interesgarria da. Idazterakoan beste mota bateko pentsamendua garatzen duzu, etxean zaude, dena itxita. Horrek asetzen nau, eta monologoek ere bai. Abantaila da orain eguerdian txiste bat pentsa dezakedala eta arratsaldean probatu publikoaren aurrean. Idatziz ez da hori gertatzen.

Idatziz ez duzu berehalako erantzun hori. Agertokian uneoro zaude begira.

Noski. Droga bezalakoa da. Agertokian bazaude, berdin zait zenbat jenderen aurrean, baina gustura eta barrez badago, hazi egiten zara. Ez da beti gertatzen. Ez duenean funtzionatzen, etxerako bidean Bob Dylan jartzen dut eta musika entzuten dudan bitartean pentsatzen dut nahiago dudala hau egin etxean telebista ikusten egon baino. Batzuetan nire kontua da, besteetan jendearena. Aukera bat eman behar didate, gutxienez. Normalean funtzionatzen du. Asko euskara ikasleak dira, eta gaiaz hitz egiten dut, barnetegian izan nuen esperientzia kontatu. Gidoia nire barruan daukat, baina beti saiatzen naiz zerbait berria egiten. Orain, urte osoa gaixo egon naizenez, beste aukera bat izan da.

Nola joan da?

Mieloma anizkoitza daukat, gaixotasun kronikoa. Zelula muinaren transplantea egin zidaten. Hiru aste egon nintzen gela batean erabat isolatuta. Zorte handia daukat bikotekidearekin eta lagunekin. Oso eskertuta nago. Martxoan atera nintzen, ilerik gabe, argal, baina bizirik, eta poliki-poliki aurrera noa. Psikologoak ere lagundu dit. Hilero odol analisia egiten didate eta badakit noizbait esango didatela: itzuli da. Bizitza berreskuratu nahi nuke. Egunero gozatu, eta maite dudan jendeari jakinarazi. Ez dut beharrik monologoetan gaixotasuna aipatzeko, baina egitea gustatuko litzaidake dibertigarria bada.