Arnaitz Gorriti

Kopako bi talde Malosteko euskal derbian 2023ari behar bezala agur esateko

Lointek Gernika Bizkaiak eta IDK Euskotrenek zortzi onenetan lekua ia bermatuta dute, baina lau onenen artean ere sailkatzeko bidea egin nahi dute 18.30etik aurrera. Bere aldetik, Kutxabank Araskik galtzak bete lan izango ditu Perfumerias Avenida handiaren kantxan.

Crystal Bradford Gernikako gidari, pasa den Euskal Kopan IDK Euskotrenen aurka.
Crystal Bradford Gernikako gidari, pasa den Euskal Kopan IDK Euskotrenen aurka. (Gorka RUBIO | FOKU)

Egutegiak ez direlako «nahi gabe» antolatzen, ez da arraroa urte amaieran derbiren batekin topo egitea. Larunbatean Maloste kiroldegian, Lointek Gernika Bizkaiak eta IDK Euskotrenek 2023ari agur esango diote 18.30ean hasiko den norgehiagokan; iaz ere euskal derbi batekin amaitu zuen urtea talde donostiarrak, Kutxabank Araskiren aurka. Orduko hartan Koparako sailkapena zuen jokoan, baina ez Kopa ez garaipen, Tanaya Atkinsonek ahoa bete hortz laga zuen Azu Muguruzaren taldea.

Aurten Kopara sailkatzeko etxeko lanak behar bezala egin ditu talde donostiarrak, Lointek Gernika Bizkaiak egin dituen moduan. Aurreneko itzulia amaitzeko bi jardunaldi falta direna, zortzina garaipen dituzte biek ala biek, eta zortzigarren postuan dagoen Ferrolek baino bi garaipen gehiago dituzte. Bada, ia ziur talde biak izango direla martxoan Huelvako hitzorduan. Malosten irabazten duena, bai, gutxienez.

Lau onenen artean sailkatzea, alabaina, beste kontu bat da. Uneotan Roberto Iñiguez gasteiztarrak zuzentzen duen Girona dago laugarren postuan; hau da, taldeburuen zerrenda itxiz, hurrenez hurren Valentzia Basket, Zaragoza eta Perfumerias Avenidaren atzetik. Katalanek euskal talde biek baino garaipen bat gutxiago dute eta laugarren postu hori dute helburu.

«Derbiak beste edozein partidarekin alderatuz gero, oso ezberdinak dira. Bakoitzak duen guztia ematen du eta beraz, aste hau oso garrantzitsua da guretzat», onartu du neurketa bezperako agerraldian Azu MUguruza Ibaeta Basketeko entrenatzaileak.

Pasa den astean lortu zuten gipuzkoarrek Kopan aritzeko falta zitzaien urratsa, nahiz eta Cadi La Seuren aurkako dema oso eskasa izan. «Gernikari irabazteko azken asteetan bezain zorrotz jarraitu beharko dugu defentsan, baina hori ez da nahikoa. Erasoan gehiago asmatu behar dugu, baina batez ere, hobeto jokatu behako dugu», onartu du entrenatzaile donostiarrak. Izan ere, 18 baloi galdu zituen IDK Euskotrenek bere azken partidan eta bi puntuko jaurtiketetan ere oso kamuts aritu zen: 42 saiakeratik 12 saskiratze baino ez. Eskerrak bere aurkaria are okerrago aritu zen!

Malosten jokatzea, nolanahi, ez doakie gaizki jokalari gipuzkoarrei. Atzerago joan beharrik gabe, pasa den otsailaren 4an 66-98 nagusitu ziren Azu Muguruza eta bere jokalariak, 20 hiruko saiakeratik 14 saskiratu ostean. Maria España Almendro kapitaina aritu zen bereziki fin, 28 punturekin amaitu baitzuen derbia.

Zapatuko derbiari begira, Erin Whalen-en zalantza dauka IDK Euskotrenek. Hatz bitan min hartu zuen osteguneko entrenamenduan eta, Azu Muguruzak dioenez, «derbian parte hartuko duen zalantzan dago, kemen handiko jokalaria bada ere».

Bizkaitarrei dagokienez, Gironan partida bikaina eginagatik galdu egin zuen, Emakumeen Eurocupean final-zortzirenetara aurrera egin eta egun gutxira. Lucas Fernandezek zuzentzen duen taldeak Crystal Bradford bezalako jokalari berezi bat dauka, bere kabuz edozein partida alde batera edo bestera iraultzeko gai baita hegaleko estatubatuarra, talentua adina erregulartasun falta daukalarik, era berean.

Azken neurketetan barruko jokalariek zenbait arazo fisikorekin amaitu zuten, eta ikusi egin behar nola erantzuten duten derbian, IDK Euskotrenek barruko joko oso indartsua dauka-eta.

Araski, ezinezko baten bila

Kutxabank Araski, berriz, Kopan sartzeko ia aukerarik gabe geratu zen joan den astean Estudiantesen aurka Mendizorrotzan galdu eta gero. Bost garaipen dituzte gasteiztarrek eta matematikek zortzi onenen artean sailkatzea oraindik posible dela badiote ere, errealitatea beste gauza bat da, batez ere larunbat honetan Perfumerias Avenidaren kontra Salamancan jokatzen baitute Madelen Urietarenek.

Egia da aspaldion maila apalagoan dabilela Salamancako taldea, baina arabarren kontra taldea bapo indartuta jokatuko du. Batetik, Chantel Horvat hegal-pibot kroaziarra ekarri du Turkiatik eta bestetik, Bernadette Hattar, 2,08 metro neurtzen dituen Hungariako pibot erraldoia ere fitxatu du.

Kutxabank Araskik bere baliabideak egoki erabili beharko ditu azken minutuetara sorpresa emateko aukerekin iristeko modua egingo badu. Alex Suso gasteiztarren hirugarren entrenatzaileak dioenez, «hasteko, jarraitutasuna behar dugu. 40 minutuetan topera aritu behar dugu beste ezer baino lehen. Defentsan sendoago jokatu behar dugu eta oro har, hainbesteko gorabeherarik gabe. Handik aurrera, ikusiko dugu», adierazi du.

Bestetik, araskizaleek galtzekorik ez dute eta hori litzateke gasteiztarren arma nagusiena, baita beren abiadura ere. Horrez gain, badirudi Perfumerias Avenidako antolatzaile historikoa den Silvia Dominguez zalantza da eta hori ez litzateke gutxi, Salamancako taldea jokoa sortzeko aurten erakusten ari den gabezien aurrean.