Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Mugaz gaindiko eremuan bizi-kalitatea hobetzeko egitasmoen bila

Europako Batzordeak egitura berri bat sortu du funtsak bideratzeko orduan «eremu funtzionala» zehazten duena. Hain zuzen mugaz gaindiko eskualdetan bizi diren herritarren bizi-kalitatea hobetzea xede duen tresna hori eskuetan, proiektu deialdia jarri du martxan Euroeskualdeak.

Herritar batek Santiago zubia zeharkatzen du Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga gaindituz.
Herritar batek Santiago zubia zeharkatzen du Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga gaindituz. (Guillaume FAUVEAU)

Mugaz gaindiko herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta esparru horren baitan bizi-arroen inguruko lankidetza antolatzeko xedearekin, 14,8 milioi euroko finantza-tresna berri bat plantan eman du Euroeskualdeak.

Egitasmoa abenduaren amaieran aurkeztu zuen EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria barne den Akitania Berria lotzen dituen europear egiturak eta ondoko hilabetetan jarriko da martxan. Dagoeneko Euroeskualdeak hiru lan ardatz zehaztu ditu proiektu deialdi horretara begira: eleaniztasuna, enplegua eta mugikortasuna.

Europako Batzordeak Europako funtsak lurralderatzeko sortu duen izendapen berria baliatuko du Euroeskualdeak. Errealitate administratiboen gainetik «eremu funtzionala» zehazten du Bruselak europar funtsak banatzeko.

Eremu hori Europako proiektua herritarrei hurbiltzeko nahikeriaren adierazlea litzateke. Era berean, herritarren arteko harremanak errotzeko tresna bilakatu daitekelakoan da Euroeskualdea.

EAE, Nafarroa eta Akitania-Berriko hegoaldeko lurraldeak Mendebaldeko Eremu Funtzionalaren baitan kokatu ditu Bruselak, eta lurralde izendapen berri horri esker mugaz gaindiko hainbat lankidetza-proiektu Bruselatik diruztatu ahalko dira.

Lehen aldiz partida bat Euskal Elkargoaren esku

Oroitzearren 2023an lehen aldikoz Europako funtsetako 10 milioiko partida eskuratu zuen Euskal Elkargoak. Hain zuzen Ipar Euskal Herriko erakundearen esku Akitania Berriako Eskualdeak utzitako partida jaso zuen.

Bordeleko erakundeak Europako funtsak modu deszentralizatuan kudeatzeak onurak ekartzen dituela defendatu zuen erabaki hori hartu zuenean. Are, Europatik heldutako funtsak bere osotasunean baliatzen dituztela eskualde mailako erakundeek azaldu zuen Bordelek.

Alta, frantses Estatuak, egitasmoak aitzineratzeko gaitasun falta tartean, hainbat diru funtsa itzuli dituela Bruselara deitoratu zuen Akitania Berriako Eskualdeak.

Eguneroko arazoei erantzun iraunkorrak eman

Akitania-Berria-EAE-Nafarroa Euroeskualdeak Mendebaldeko Eremu Funtzional horren garapenari begira koordinatzaile gisara jardungo du. Horrendako, ondoko urtetan enpleguaren, mugikortasunaren eta eleaniztasunaren domeinuetan lehentasunal funkatu eta mugaz gaindiko eremuan bizi diren pertsonen «eguneroko arazoei modu eraginkorragoan aurre egiteko» helburua zehaztu du Euroeskualdeak.

Proiektu egituratzaileak nahi ditu sustatu aipaturiko egiturak, finean mugaz gaindiko eremuan dauden desplazamendu edo komunikazio erronkei erantzun iraunkorra ematea delako asmoa.

Europako funtsekin finantzatuko diren proiektuek biztanleek adierazten dituzten beharrak aintzat harturik egiturazko irtenbideak emateko duten balioa erakutsi beharko dute. «Arazo horiei lurralde-ikuspegi integratu, berritzaile eta multitematiko batetik heldu behar zaiela» azaldu dute Euroeskualdeko ordezkariek.

Mendebaldeko Eremu Funtzionalak webgunea sortu du egitasmoak sustatzeko asmoa duten eragileei ahal den eta informazio zehatzena jaso ahal izateko deialdiari buruz.

Zazpi berrikuntza-proiektu

Bestalde, 2023. urtean, ‘Euroeskualdeko deialdia’ pean 400.000 euroko funtsa banatu zuen aipaturiko europear egiturak zazpi proiektu sustatzeko xedez.

Orotara 23 bat proiektuen artean hautua egin zuen Euroeskualdeak, zehazki osasunaren, fabrikazio aurreratuaren, nekazaritzako elikagaien industriaren, energia berriztagarrien eta sormen- eta kultur industrien arloetan berrikuntza-proiektuak garatzeko.