NAIZ

Europar funtsetatik heldutako hamar milioi kudeatzeko plana aurkeztu du Euskal Elkargoak

Hiru lurraldeetako eragile ekonomikoekin Baionan antolaturiko bilera batean aurkeztu du Euskal Hirigune Elkargoak europar funtsen bidez banaturiko hamar milioi horiek eskuratzeari begira jarraitu beharreko prozedurak. Lehen aldiz kudeatuko ditu erakundeak Bruselako diru-laguntzak.

Europako Funtsak kudeatuko ditu lehen aldiz Euskal Elkargoak.
Europako Funtsak kudeatuko ditu lehen aldiz Euskal Elkargoak. (Guillaume FAUVEAU)

Europar funtsetatik heldutako hamar milioiko buxeta kudeatuko du Euskal Elkargoak. Lehen aldia da Ipar Euskal Herriko erakundeak Bruselako funtsak zuzenean kudeatuko dituela.

Azaroaren 17an Baionan antolaturiko bileran aurkeztu du plana, era berean aktore ekonomikoek laguntza hori baliatzeko jarraitu beharreko desmartxei buruz informazioa jaso ahal izateko aukera izan dutela.

Orain are Akitania Berriko Eskualdeak kideatzen zuen funtsa Euskal Elkargoaren esku geldituko da 2023-2027 bitartean.

«Europak eginiko eskaerari jarraituz burutu da elkargoak betetzen duen eskala horren zilegitasuna eta eragiunkortasuna aitortzera datorren eskuduntzen aldaketa», azaldu du mugaz gaindiko, europar eta nazioarteko harremanen arduradun den Joseba Erremundeguyk.

Aipaturiko aurrekontua hiru programarekin lotua da. Zehazki, eskualdeetako garapena bultzatzea xede duen ‘Feder’, landetako eremuak garatzeko ‘Leader’ eta itsas ekonomiari loturiko ‘Feampa’ programetatik helduko dira aipaturiko laguntzak.

Buxeta horren banaketari dagokionez, hainbat irizpide zehaztu dituzte. Hala, bost milioi hiri eta herrien garapenarekin zerikusia duten egitasmoetara bideratuko dira. 4,8 milio mendi eremuko jarduerak sustatzeko baliatuko dituzte eta milio bat euro «ekonomia urdina», hau da, itsas ekonomia garatzeko.

Hala eta guztiz ere, hamar milioko aurrekontu hori ez da Bruselatik heldu daitekeen finantza sostengu bakarra, Euskal Elkargoak «egiturazko funtsak jasotzeko desmartxak» abian dituelako. Era berean, mugaz gaindiko programen bidez beste diru ekarpenak jasotzen jarritzea espero du Euskal Elkargoak, hala nola bi estatuak eta Andorra biltzen dituen Poctefa aipagai izan du aipagai Erremundeguyk.

Jarduerak zehazteko bilera

Europar funtsen bidez heldutako hamar milioi horiek jaso ahal izateko zazpi bat lan ardatz zehaztu ditu Euskal Elkargoak: lurralde antolaketa, gizarte kohesioa, kultura eta ondarea, garapen ekonomikoa, ekonomia urdina eta jasangarria, laborantza eta elikadura, eta euskal mendia. Egitasmoen aurkezpena bideratzeko berrogei bat ordezkariz osaturiko batzordea eratu dute, tokiko erakundeek eta eragile sozioekonomikoek osatua.

«Egitasmo sendoak behar ditugu hautatu funts horiek denbora-iraupen zehatza dutelako», nabarmendu du, bere aldetik, Euskal Elkargoaren baitan euskal mendiaren ardura daraman Battitt Labordek.

«Horiek bezalako funtsak eskuratzeko enpresa injeniaritza sendoa behar da izan baita diruzaintza aldetik ahamena ere, laguntzak behin egitasmoa bururatua delarik eskuratzen direlako», argitu du Joseba Erremundeguyk. Bere erranetan, «hiriguneak edota elkarte handiak» lirateke aipaturiko funtsak jasotzeko egitura egokiak. 

Edonola ere, Euskal Elkargoko ordezkariek nabarmendu dutenez Ipar Euskal Herrian bertan desmartxa eginez «gertuko kudeaketa eta sailkapenatik hasita prozedura guztiaren gardentasuna bermatuko dugu».