NAIZ

Osasun garraioko langileak Gasteizen eta Barakaldon mobilizatu dira zortzigarren greba egunean

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun garraioko langileek elkarretaratze bana egin dituzte astelehen honetan Gasteizen eta Barakaldon. Hitzarmena negoziatzea eta azpikontratatutako langileen baldintzak Osakidetzak kontratatutako langileen baldintzekin homologatzea eskatzen dute sindikatu guztiek.

Astelehen honetan Gasteizko Santiago Ospitalean egindako elkarretaratzea.
Astelehen honetan Gasteizko Santiago Ospitalean egindako elkarretaratzea. (NAIZ)

Gasteizko Santiago Ospitalean eta Barakaldoko Gurutzetako Ospitalean elkarretaratze bana egin dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun garraioko langileek. Urteko zortzigarren greba eguna izan dute astelehen honetakoa, azpikontratatuko langileen soldata eta baldintzak Osakidetzak kontratatutakoekin berdintzea exijitzeko, «funtzio berberak betetzen baitituzte».

‘Anbulantziak borrokan’ lelopean eta sektoreko sindikatu guztiek (ELA, LSB-USO, LAB, UGT, CCOO eta ESK) babestutako lanuzteen bidez azpikontratatutako langileek hitzarmena duela bi urtetik blokeatuta daukatela salatu nahi dute, zerbitzu horietarako eskainitako aurrekontua beste lehiaketa batzuetan baino handiagoa izanagatik ere. Egoera honek erosteko ahalmenean %20ko galera eragin diela deitoratzen dute sindikatuek.

Joan den urtarrilaren 8an hasi zen greba deialdi honek urtarrilaren 21era arte iraungo du. Beste elkarretaratze bat deitu dute astearte honetarako, hilak 16, Gasteizen, Txagorritxu Ospitaleko Kanpoko Kontsulten eraikinean, 12.00etan. Pikete informatiboak, aldiz, 6.00etan hastekoak dira. Greba amaitu arte mobilizazioekin jarraituko dute langileek.