NAIZ

Joan zen asteburuko etenaren ostean, saskibaloi liga azken txanpari ekitera doa

Hemendik hilabete barru Kopako final-laurdenetan aurkituko duen Valentzia Basket izango da donostiarren aurkaria Josean Gascan. Kutxabank Araskik Benbibre azken sailkatuari egingo dio bisita eta Lointek Gernika Bizkaiak, berriz, Cadi La Seuri.

Maria España, IDK Euskotreneko kapitainak, intentsitatea eta lana eskatzen dizkie bere kideei.
Maria España, IDK Euskotreneko kapitainak, intentsitatea eta lana eskatzen dizkie bere kideei. (Gorka RUBIO | FOKU)

Joan zen asteburuan ez zen Endesa Ligako jardunaldirik jokatu, Olinpiar Jokoetako txartelak banatzeko ligaxkak zirela-eta. Baina behin txartel horiek guztiak banatu ostean, emakumeen saskibaloia bere ohiko lanetara itzuliko da orain. Larunbat arratsaldean jokatuko dute hiru euskal taldeek: IDK Euskotren izango da etxean jokatuko duen bakarra, baina aurrean Valentzia basket liderra izango du Josean Gasca pabiloian, 18.00etatik aurrera; Kutxabank Araskik, berriz, Benbibre azken sailkatuaren etxean bilatuko du garaipena, 18.15etan hasiko den norgehiagoka; Lointek Gernika Bizkaiak, bere aldetik, 19.30etan Cadi La Seu talde katalanaren kantxan jokatuko du.

Lanik zailenak talde donostiarrak izanagatik eta Valentzia Basket sailkapeneko burua bada ere, ez da harrokeria Azu Muguruzarenek aukerak dituztela esatea. Valentziarrek 17-3ko balantzea dute, baina denboraldi nahiko irregularra daramate. Liga txapelketan, esaterako, Gernikaren aurka 84-64 galdu dute aurten bertan eta Euroligako final-laurdenetatik at geratu dira aurreneko faseko ligaxkan gorabehera larregi izan dituztelako, lesioak eta jokalari aldaketak barne.

«Badirudi denboraldia azken herenean sartzera doala. Atsedena ondo etorri zaigu azken zati honi gogotsu eta eta indarrez ekiteko», adierazi du partida bezperan Maria España kapitainak. Hegalekoaren pentsamenduan hemendik hilabete barru Huelvan ospatuko den Kopa txapelketa ere izan da gainera. Hain zuzen, Kopako final-laurdenetako aurreneko norgehiagoka Valentzia Basketen aurka jokatuko dute gipuzkoarrek.

«Hasteko, lehiatzera joango gara zapatu honetan. Baina horrez gain, Kopara begira azterketa polita izango da. Partida hau baliatu ahal izango dugu Kopan elkarren aurka indarrak neurtzen ditugunean ezustean nondik harrapatu ditzakegun ikusteko. Nolanahi, gure aukerak, bai orain eta bai gero, defentsako lanarekin hasiko dira; hau da, kontraerasoan ez diezagutela minik eman eta jaurtiketan ahalik eta deserosoen aritu daitezela. Horrek esan nahi du uneoro aurrean egon beharko dugula, jaurtiketa errazik izan ez dezaten. Baina noski, horrek defentsa zorrotza eskatzen digu», gaineratu du Ibaeta Basketeko hegalekoak.

Koparako begira ez ezik, ez da ahaztu behar zortzi onenen artean lekua sendotzea ere badela donostiarren helburua. Uneotan IDK Euskotren sailkapeneko seigarrena da, Lointek Gernika Bizkaiak baina garaipen bat gehiagorekin eta Estudiantesekin 12-8 balantzeaz berdinduta. Sailkapeneko zortzigarren postura igo nahian dabiltzan Ensino Lugokoa eta Ferrol ere hamarna garaipenekin, ez daude urruti gipuzkoarrengandik. Beraz, Valentzia Basketen aurka galtzea akats larri bat ez izanda ere, mesede galanta izango litzateke Azu Muguruzak zuzentzen duen taldearentzat garaipen berri batekin bere sailkapeneko lekua sendotzea.

Beherago daudenak errematatu

Kutxabank Araski eta Lointek Gernika Biziaren arerioak, berriz, sailkapeneko beheko partean daude. Benbibre, 1-19 balantzearekin, maila galtzear dago eta horri etekina atera nahi dio Kutxabank Araskik. Zortzigarren postua bi garaipenetara dauka talde gasteiztarrak, baina benetan denboraldi osteko kanporaketetan aritzea nahi badu, etxetik kanpo ere irabazi beharko du noizbait. 2024. urtea hasi denez geroztik, adibidez, Made Urietarenek ez dute partidarik irabazi Mendizorrotzatik urruti.

«Benbibre azkena bada ere, ez du galtzeko askorik. Horrek bestela dena baino arriskutsuago bihurtzen du gure arerioa», hausnartu du Natalie Van den Adelek.

«Ezin gara goregi begira jarri oraindik, baina bestelako helbururik izango badugu, ahal bezain beste garaipen pilatzea dagokigu», gaineratu du Herbehereetako hegal-pibotak.

Cadi La Seu izango da Lointek Gernika Bizkaiaren aurkaria. Asteon egin du publiko talde gernikarrak Cadi La Seuk utzita Zoe Hernandez fitxatu duela, Gabby Nikitinaiterekin kontratua etetea adostu ostean. Katalanek berez gorago egoteko moduko taldea dute, baina 7-13 balantzearekin, hamahirugarren postuan daude, azken-aurreko lekuan dagoen Kanaria handiak baino hiru garaipen gehiagorekin.

Teorian behintzat errematea Lointek Gernika Bizkaiak jarri beharko lioke bere aurkariari, baina ikusi egin behar, batez ere azken asteetan Claudia Contell, Lydia River eta Amber Melgoza jokalariak fitxatu ostean jokalari multzoa indartzea bilatuko baitu.

Bizkaitarrek Marie Milapie eta Sara Madera izan dituzte beren selekzioekin bilduta, 3x3 saskibaloi modalitateko taldeekin. Zorionez, minik hartu gabe itzuli dira biak ala biak eta taldea osasuntsu eta osorik dagoela baliatu nahi du Lucas Fernandezen taldeak zortzi onenen artean bere lekua indartu eta aurkari arriskutsu bat bazterrean lagatzeko.