Manex Altuna

Jagoba Arrasate izango da Euskal Selekzioaren hautatzailea Uruguairen kontrako partidan

Osasunatik zehaztu dutenez, Euskadiko Federazioarekin adostutako konpromisoa martxoaren 23an San Mamesen jokatuko den norgehiagokara mugatzen da.

Arrasatek sei denboraldi daramatza Osasuna zuzentzen.
Arrasatek sei denboraldi daramatza Osasuna zuzentzen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Jagoba Arrasate Euskal Selekzioaren hautatzailea izango da, eta datorren martxoaren 23an zuzenduko du taldea. Hain zuzen ere, San Mamesen jokatuko den Uruguairen kontrako partidan aulkian eseriko da. Euskadiko Federazioak ez du zehaztasun gehiagorik eman. Hala ere, Osasunak azaldu duenez, entrenatzaile bizkaitarraren konpromisoa hitzordu horretara mugatzen da.

Mikel De Gregorio, Euskadiko Futbol Federakundeko kirol zuzendaria, oso pozik agertu da Arrasateren baiezkoarekin, eta komunikabideetara bidalitako oharrean azpimarratzen du gorritxoen teknikariak «gure selekzioak ordezkatu behar dituen balioak batzen» dituela.

Era berean, «eredu berriari hasiera emango dion eskarmentu handiko entrenatzaile gaztea» dela gaineratu du De Gregoriok.

Gogora ekartzen duten moduan, Arrasatek Elgoibarren abiatu zuen bere entrenatzaile ibilbidea, eta ondoren Realean aritu zen. Txuri-urdinekin Txapeldunen Liga jokatzera iritsi zen. Gero, Numantzia taldea zuzendu zuen Bigarren Mailan, eta azken sei denboraldietan Osasunako entrenatzailea izan da. Lehen Mailara igotzea eta maila mantentzea lortu du Iruñean, eta joan den urtean Kopako finala eta Europan jokatzeko sailkapena erdietsi zituen.

Bestalde, joan den astelehenean Alavesen kontrako derbia irabazi ostean, Arrasatek Osasunarekin berritzeko proposamena jaso duela onartu zuen. Dena den, bere erabakiaren inguruan hausnartu beharra daukala adierazi zuen komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan.

Hiru urte jokatu gabe

Jagoba Arrasatek Javier Clemente ordezkatuko du hautatzaile gisa. Barakaldoko teknikariak Panamaren kontra 2019an eta Costa Ricaren aurka 2020an zuzendu zuen Euskal Selekzioa. 2021eko udaberrian utzi zuen kargua, Libia entrenatzera joan baitzen.

Aldi berean, aldaketa egon zen Euskadiko Federazioaren zuzendaritzan. Javier Landeta lehendari kargura iritsi zenetik ez da gizonezkoen selekzioaren partidarik antolatu. Izan ere, hiru urte baino gehiago igaro dira azken partida jokatu zenetik. Pandemia zela-eta, ez zen zalerik egon Ipuruako harmailetan. 

Datorren martxoaren 23an zaleen babesa izango dute San Mamesen, eta dagoeneko sarrerak salgai jarri dituzte. 18 eta 29 euro arteko prezioa daukate. Horrez gain, aurkari indartsu eta erakargarria izango dute. Marcelo Bielsak zuzentzen duen taldea 11. postuan dago FIFAko zerrendetan, eta bi Munduko Kopa eta hamabost Amerika Kopa irabazi ditu.

Entrenatzaile argentinarrak Qatarren jokatutako txapelketaren ostean hartu zuen selekzioa joan den denboraldi amaieran, eta dagoeneko garaipen garrantzitsuak lortu ditu. 2026ko Munduko Txapelketako sailkapen fasean Brasil eta Argentina menderatu ditu, eta bigarren postuan kokatu da ligaxkan. Uruguairentzat udan ospatuko den Amerikako Kopa prestatzeko partida izango da. Bielsa taldea eraberritzen ari da, eta jokalari berriak sartu ditu Cavani, Luis Suarez eta halako beteranoak apurka-apurka ordezkatzeko.

Euskal Selekzioak Uruguairen kontra jokatzen dueen hirugarren aldia izango da. 5-1 irabazi zuen 1998an Anoetan, eta 2003an 2-1 gailendu zen San Mamesen.