Beñat Zaldua
Edukien erredakzio burua / jefe de redacción de contenidos

Kontziente?

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Ekobarometroa kaleratu du berriki, gure herrikideengan fedea berrindartzen digun lerroburu bat utzi zuena: Bost nafarretik lau «kezkatuta» edo «oso kezkatuta»  agertu ziren klima larrialdia dela eta. Gainera, nafarren %85,9 omen dago ingurumen lege zorrotzagoak egitearen alde, eta %88 prest ei da bere bizitza maila aldatzeko, horrek ingurumena babesten laguntzen badu.

Inkestan murgilduz gero, ordea, irudia ez da hain ederra. Azken datuari jarraiki, bizitza maila aldatzeko prest agertzen den jende kopurua %65era jaisten da, horrek galera ekonomikoa ekarri dezakeela adierazten denean. Horrez gain, soilik %55,6ak dio klima krisia gizakiok eragin dugula. %41ek uste du ardura naturarekin partekatzen dugula.

Bada gehiago. Lehenetsi beharrezko ekintzen artean, zaborren kudeaketa indibiduala goresten da, globala den disonantzia gurean ere araua dela erakutsiz. Bi ikerketen datuak uztartuz ‘‘The Times’’-ek egindako lanak erakusten du birziklatzea dela jendearentzat ekintza ekologiko garrantzitsuena. Horrek, ordea, 0,2 tona dioxido karbono aurrezten dizkio atmosferari. «SUV» motako auto bati uko egiteak, ordea, 3,6 tona aurrezten ditu; kotxe arrunta bada abandonatzen dena, 2,4 tona dira murriztutakoak; eta kotxe arruntetik auto elektrikora pasatzeak 1,2 tona isurketa saihesten ditu, birziklapenak baino sei aldiz gehiago. Nork bere zaborra sailkatzea garrantzitsua da, baina horrekin bakarrik ez gara atakatik aterako.

Eta azkenik, etsigarriena. Ekobarometroak hurrengo baieztapenaren inguruko iritzia eskatzen du: «Ingurumen politikak murriztu, gizarte politikak eta enplegua sustatzeko». Tranpa dauka formulazioak berak, baina etxeko lanak garaiz egin ezean, eszenatoki horretara goaz. Eta ondorioa inkestak berak ematen du: ingurumenaren eta enpleguaren artean, %37,1ek egiten du lehenengoaren alde –65 urtetik gorakoak, batik bat–; eta %50,8ak, gazteak nagusi, bigarrenaren alde. Markoa hori bada –eta horra goaz ez badira gauzak azkar aldatzen–, jai dugu.