Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura

Gatazka handien atzean dauden bizipenak bildu ditu Bea Salaberrik ‘Mesfida zaitez’ eleberrian

Mikrohistoria asko kabitzen da gatazka «handien» gerizpean. Horietako zenbaiti forma eman die Bea Salaberrik ‘Mesfida zaitez’ (Txalaparta) eleberrian: ETA erakundearen laguntza sarean aritu direnen emakumezkoen «historia domestikoa» kontatu du.

Bea Salaberri, Txalapartarekin argitaratu duen liburuarekin.
Bea Salaberri, Txalapartarekin argitaratu duen liburuarekin. (Gorka Rubio | FOKU)

Asko idatzi izan da ‘euskal gatazka’ izendatu denaz, letra larritan betiere. Eta gutxi, gutxiegi oraindik, gatazka horrek utzi dituen orbainetaz. Batez ere emakumezkoenetaz. Hor jarri du fokua Bea Salaberri donamartiriarrak ‘Mesfida zaitez’ (Txalaparta) eleberria eraikitzeko.

Nobelarako ideia lagunarteko elkarrizketa batean sortu zitzaiola kontatu du: «Preso egona zena, presoaren senidea... batu ginen lagunartean. ‘Patria’, Saizarbitoriaren ‘Martutene’... sortu ziren garaia zen, eta esaten genuen: Nork kontatuko du guk bizi izan duguna? azken 40 urteotan gertatua? Beldurra, ezinegona, askatzeko gogo bat... Hor bada beste egi bat, balio duena besteak bezainbeste, eta ez dena agertuko historia liburuetan».

Alta, urteak eman ditu Salaberrik ‘Mesfida zaitez’ izango zenaren oinarriak finkatzen. Irakurri ditu gatazkarekin lotutako hainbat eleberri, saiakera eta dokumentu, eta jaso ditu hainbat lekukotasun, iheslarienak, preso egondakoenak, hauen senideenak. Ardura sentitu du gaiarekiko. «Interesa beti izan dut borroka armatuaren gaiarekin. Atxilotuak, engaiamendu muturrekoa izan dutenak, izan dira lehen lerroan eta baziren entseguak gaiari buruz, eleberri batzuk ere bai... eta horiek irakurtzean konturatu nintzen jende xehea, eta batez ere emazteak, geratu direla bigarren planoan». Literaturak gizonezkoak eman ditu lehen lerrora, eta, gainera, emakume militanteen inguruan hainbat klixe eraiki dira, «badirudi zuzenean inplikatu direla nahi gabe edo emazte maiteminduak dira bestela, erabiliak», egin du azpimarra. Adibide modura, Saizarbitoriaren ‘100 metro’ aintzindarian hiru protagonista daudela ekarri du gogora, «bat hila, bigarrena atxilotua eta hirugarrena emaztea. Beti pentsatu zer gertatu zen berarekin, zein ziren Michele Manasseren motibazioak».

Ideia horiek buruan hasi zen eleberria lantzen, protagonista nagusi bat eraikitzen, Laurendia izenez ernatuko zena. Baionara lekualdatutako baxenabartar gaztea da Laurendia, euskalzaletasunetik militantziara sartu eta ETA erakundearen laguntza sarean parte hartzen hasten dena. Kontzientziatik, libreki. Salaberrik bildu dituen testigantzen ispilu da neska gaztea, eta honen inguruan badira zenbait pertsonaia osagarri, gizarte txiki bat; «iheslariak, munduaren beste aldetik itzuli direnak, sasitarrak... Euskal Herri guzti hori nahi nuelako kontatu, etxeetan gertatzen dena».

Xehetasun horiek biltzea izan da, donamartiriarraren hitzetan, zailena. «Pertsonaiak anitzak dira, eta pertsonaien iturriak ere anitzak izan dira. Jendea hitz egin araztea izan da zaila, jendeak ez du hitz egin nahi bere engaiamenduaz, xehetasun gutxi ematen du», nabarmentzen du, orbainen sakona agerian utziz, eta, beraz, pertsonaiak osatzeko iturri ezberdinetatik edan eta zenbait xehetasun «osatu edo asmatu» dituela zehazten du.

Lizarra-Garazitik armagabetzera

Nobelak bi atal ezberdindu ditu. Lehenak Lizarra-Garazi akordioraren garaira darama irakurlea (1995etik 2005erako tarte hartzen du) eta bigarrena armagabetzearen inguruan kokatzen da (2014tik Luhusoko armagabetze zibilera artekoa). Salaberriren aburuz bi garaiok «biziki aberatsak» izan ziren. Lizarra-Garazik «ilusio handia» piztu zuela ekarri du gogora baina berekin etorri zirela, baita ere, maila instituzional eta politikoan hainbat «okertze»: «Atxiloketa masiboak izan ziren garai hartan, ‘Egunkaria’-ren itxiera ere izan zen, egun bat denek atxikiko duguna». Eleberriaren bigarren atala armagabetzearen aitzineko fasean kokatzen da, «non berriro ikusten diren hainbat traba». Eleberria bi garaiotan kokatzeak beste bide bat ere ireki dio Salaberriri: «Lehenengoan bilatzen da [erakundean] sartzea, eta bigarrengoan pixkat hortik ateratzea».

Eszenatoki nagusia Baiona Ttipia da, bertako kaleak, «eta batez ere tabernak». Giroan «indarra egiten» ahalegindu dela dio, musika erreferentziak ere topatuko dituela irakurleak, baita ezagun zaizkion kokalekuak ere. Horretarako, memoria lan «domestikoa» egin duela kontatu digu: «Ostatu batzuen lekuak desagertuak dira, nire belaunaldiak ere ahaztua du leku batean egon zirela. Hor dago memoriaren problema: lekuak, kontuak ahazten baditugu hamar urteren buruan, horiek ekarri behar dira literaturara, iraungi ez daitezen», egin du aldarria.

Laburpen modura, eleberri honetan «zerbait fidela» eman nahi zuela zehaztu du, jakinik «egiak duen problema dela ez dela bakarra: bi pertsonak gauza bera kontatzen dutelarik, oso ezberdina da. Denek ez dute irakurketa berdina egingo liburuaz, errealitateaz ere egiten ez dugun bezala», amaitu du.