Egoera irregularrean dauden langileen eskubideak bermatzeko eskatu du LABek

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko egunean, LAB sindikatua Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzan manifestatu da egoera irregularrean dauden langileen egoera bermatzeko eskatuz. Nafarroako Gobernua ere interpelatu dute.

LABen kontzentrazioa Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko egunean.
LABen kontzentrazioa Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko egunean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzaren aurrean kontzentrazioa egin du LABek ostegun honetan, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko egunean, EAE eta Nafarroako gobernuei egoera irregularrean dauden langileen eskubideak berma daitezen eskatzeko.

Dozenaka pertsona bildu dira 11.00etan Lakuako Gobernuaren egoitzan ‘Arrazakeriaren aurrean, ekintza sindikala!’ lelopean. «Inor ez da ilegala», «Euskal Herria, antirracista» eta «todos los derechos para todas las personas» bezalako aldarrikapenak oihukatu dituzte bertaratutakoek.

«Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diegu arrazakeriaren aurrean jarrera epel eta otzana albo batera uztea eta langile guztien eskubideen alde urratsak ematea eta bermeak jartzea», adierazi dute Oihana Lopetegi LABeko Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko arduradunak eta Mariana Urcuyo sindikatuaren etxeko langileen ataleko arduradunak.

Zentzu honetan, azpimarratu dute Euskal Herrian «arrazakeria, esplotazioa eta diskriminazioa» eguneroko kontuak direla eta Confebask patronalaren jarrera salatu dute: «Patronalak atzerritarren legearen aurrean esan duena da legea aldatu behar dela bere intereserako. Langileak bere eskura izan nahi ditu; langile-eskulan merke eta prekarioa bere eskura izan nahi du, eta horren arabera aldaketak planteatu ditu».

LABen ustez, egoera hori «arrazakeria laborala» da: «Arrazakeria laborala da atzerritarren legearen aldaketak planteatzea Patronalaren interesen arabera; arrazakeria laborala da atzerritarren legea erabiltzea langileak prekarizatzeko eta eskulan merkea bermatzeko». Euskal Herrian milaka langile daude «egoera irregularrean», «lan egiteko eta bizitzeko eskubiderik» ez daukatenak, sindikatuaren arduradunen arabera.

Patronalaren jarrera horren aurrean, sindikalistek salatu dute «erakundeek beste albo batera» begiratzen dutela, eta horregatik, sindikatuek «izugarrizko zailtasunak» dituzte lan sindikala gauzatzeko. «Izan ere, langile horiek beraien eskubide urraketak salatu nahi baldin badituzte, kaleratze baten arriskua daukate. Lan ikuskaritzan bertan salaketa bat jartzeko, izugarrizko zailtasunak dauzkate, ez daukatelako babes mekanismorik», jakinarazi dute.

Azkenean, Lakua eta Nafarroako gobernuen lan-ikuskaritzei bilera bat eskatu diete «egoera irregularrean dauden langileek bestelako babes mekanismoak eta protokoloak behar dituztelako euren lan eskubideak bermatua izan daitezen» eta langileari deialdia egin diete Arrazakeria eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko eguneko mobilizazioetan parte hartzeko.

ELA: «Benetako aldaketa eskatzen dugu»

Beste alde batetik, ELAk Atzerritartasun Bulegoaren eta Estatuko Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean egin du elkarretaratzea Atzerritartasun Legearen indargabetzea eskatzeko. Sindikatuak salatu duenez, «lege honek pertsona migratuak prekarietatera kondenatzen ditu eta oinarrizko eskubideak (osasuna, hezkuntza eta etxebizitza) eskuratzea zailtzen du».

«Lan edo bizileku baimena ukatzeak irregulartasuna eta prekarietatea eragiten die beren jatorrizko tokiak uztea erabaki edo behartutako pertsona guztiei. Gainera, berriki egiten ari diren erreformek, zeinak pertsona migranteen erregularizazioa bilatzen duten lan-munduari begira, ez dute instrumentalizazioa eta esku-lan merkea bilatzen sektore konkretu batzuentzako, eta, hori, oso larria da. Benetako aldaketa eskatzen dugu, pertsona migratzaileak erregularizatuz eta Atzerritartasunari buruzko Legea indargabetuz», aldarrikatu du sindikatuak.

SOS Arrazakeria Nafarroaren txostena

SOS Arrazakeria Nafarroak arrazismoari buruzko 2023ko txostena aurkeztu du ostegun honetan. 2023ko urteko txosten hau egitean, «arrazakeriak, egiturazkoa eta instituzionalizatua den elementu gisa ulertuta, migratutako eta arrazializatutako pertsonen bizitzetan nola eragiten duen ikusarazteko beharraren ondorioz sortzen da», adierazi dute.

Diskriminazio arrazistari dagokionez, «aldaketa gutxiko urtea» izan da 2023koa; hala ere, «gune publiko eta instituzionaletan gorroto-diskurtsoa kroniko bihurtzeko eta larriagotzeko joera dagoela» ikusi ahal izan dute.

«Logikoa da pentsatzea bizitzaren prekarizazioa gero eta handiagoa dela, eta oinarrizko beharrizanak asetzeko gero eta zailtasun handiagoa dagoela. Horrekin batera, estereotipoak eta aurreiritziak indartuko dira bazterretara bultzatzen dituztenen, ordezkagarritasun sinboliko eta erreala izan ez dutenen eta pribilegioa ez dutenen aurka», salatu dute.