NAIZ

Hondalea eta Santa Klara Aste Santuan irekitzeak hegaztiei kalte egingo diela nabarmendu dute

Aste Santuan Donostiako Hondalea instalazioa eta Santa Klara uhartea turistei irekitzea gogor salatu dute Haritzalde, Eguzki, Ekologistak Martxan, Parkea Bizirik eta Bizilagun elkarteek. Udaberrian hegaztiek bertan habia jartzen dutela gogoratu eta interes turistikoak lehenetsi direla salatu dute.

Hondalea instalazioaren irudia.
Hondalea instalazioaren irudia. (Gil ARROCENA)

Donostiako Santa Klara uhartea eta Hondalea instalazio artistikoa Aste Santuan bisitatzeko aukera izango da eta erabaki honek udaberrian habiak prestatzen dituzten itsas-hegaztiengan izango duen eragin negatiboa nabarmendu dute Haritzalde, Eguzki, Ekologistak Martxan, Parkea Bizirik eta Bizilagunekin elkarteek.

Udalaren egitasmoaren arabera martxoaren 28tik apirilaren 7ra ehun bisitari joango dira Hondaleara, 1.100 lagun orotara. Uhartera, berriz, egunero 750 lagun joango direla espero da.

«Santa Klara uharteak gutxienez 6 babes-figura, bakarrik 5,4 hektareako hedadura du, eta flora eta faunako espezie babestuen etxea da. Beraz, industria turistikoak udaberrian egiten duen jarduera hau Donostiako ondare natural eta kolektiboaren kontserbazioaren aurkako eraso zuzena da», salatu dute talde hauek.

Gogoratu dutenez, Hondalea ireki aurretik, Udalarekin bildu ziren «uharteko espazio turistikoa irekitzea hiriko ondare natural eta kulturalarentzat izango litzatekeen mehatxuari muga jartzeko». Bertan, egutegiari buruzko muga jarri zen martxan.

«Hitza ez dute bete»

«Jardueraren bigarren urtetik aurrera, udal arduradunek eta Hondalearen sustatzaileek ez zuten bere hitza bete, ohiko bisiten garaia urrira arte luzatuz, eta udazkenean bisita pribatuak egiteko aukera emanez. Iaz bide beretik jarraitu zuten, Aste Santuan Hondalea irekiz. Aurten, beste urrats bat emango da, aldez aurretik hitzordua hartzeko beharra ezabatuz. Beste urte batez, hartutako konpromisoak ez dira bete. Hasieratik salatu genuen obra inauguratzean Hondalea erabiltzeko irizpideak zehaztasunik gabe eta funtsik gabe aurkeztu zirela, eta, zoritxarrez, denborak arrazoia eman digu. Konpromezu guztietan hitza jan dute», azaldu dute.

Horregatik Udal Gobernuari eta Hondalea sustatzen duen enpresari egutegiari, edukierari, ordutegiari eta handitze-mugari buruzko irizpideak betetzea eskatu diete. Honekin batera, uharteko natura babestea eta berreskuratzea nahi dute, itsas hegaztien kolonietako habitat naturala babestuz eta uharteko esplotazio turistikoaren aurretik jarriz.

Itsas hegaztiek habia egiten duten garaian uhartera bisita gidatuak bertan behera uztea ezinbestekotzat jotzen dute.