Interview
Eli Ibarra
Athleticeko jokalari ohia

«Denek dugu buruan faborito bezala goazela, baina partidak zelaian irabazi behar dira»

Esparantza eta ilusioa goraipatu ditu ororen gainetik Eli Ibarra (Azkoitia, 1981) Athleticeko jokalari ohiak, apirilaren 6ko Kopako finalaren atarian. Familiarekin batera joango da Sevillara, «disfrutatzera». «Espero dugu Kopa altxatzea, baina egiten ez badute ere, beraiekin egongo gara».

Audio_placeholder

«Denek dugu buruan faborito bezala goazela, baina partidak zelaian irabazi behar dira»

Loading player...
Eli Ibarra, Lezaman.
Eli Ibarra, Lezaman. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Kopako bi final jokatu ditu Eli Ibarrak elastiko zuri-gorriarekin: «Beti esaten genuen ligak irabazten genituenean, Kopa zela gainditu gabeko irakasgaia, baina ezin izan genuen garaikurra altxatu». Bost superliga irabazi zituen Athleticekin, –oraingo ligaren baliokidea–; Kopan jokatutako bi finalak, ordea, galdu zituen.

Hamabost denboraldi talde zuri-gorrian egin ondotik, 2017an erretiroa hartu zuen. Orain Athleticeko Fundazioan da Ibarra, eta emakumezkoen bigarren taldean ordezkari lanak egiten ditu. Finalaz, iraganaz, eta etorkizunaz aritu da, Athleticez, oro har.

Denbora azkar pasatzen da, ezta?

Bai, oso azkar. Ematen du orain dela gutxi hartu nuela erretiroa, baina zazpi urte pasatu dira jada!

Non egongo zara apirilaren 6an?

Sevillan egongo naiz, egun polit hori bizitzen, eta espero dugu ere partida ondo bukatzea.

Klubarekin joango zara ala familiarekin?

Familiarekin joango naiz, disfrutatzeko asmoarekin. Badakigu finaletan edozer gauza gerta daitekeela; beti faborito bat dagoen arren, partida zelaian jokatu behar da, eta espero dugu garaipena gurea izatea.


Nola ikusten dituzu zuri-gorriak?

Oso ondo, asko disfrutatzen ari gara. Baina lehen esan dizudan bezala, final bat da. Mallorcakoak ere segur aski motibazioa handiarekin joango dira. Partida jokatu egin behar da, eta neurketa batean edozer gerta daiteke.

Mallorca ere kontuan hartzeko aurkaria da, are gehiago ikusita Realari gertatu zitzaiona.

Bai, azkenean final honetan dago, eta horretarako neurketa zailak gainditu behar izan ditu. Ez da erraza izango.

Klub barnean zaudela, zer arnasten da Lezama aldetik?

Ilusio askorekin gaude, eta gogoa dugu. Uste dut denak dugula buruan faborito bezala goazela, baina partidak, lehen esan dizudan bezala, zelaian irabazi behar dira, eta esperantza horrekin goaz. Badakigu ere momentu oso on batean gaudela, baina futbola halakoxea da: batzuetan momentu onean egonda, ez zaizu ateratzen nahi duzuna.

Klubak duen sentipena, eta kalean dagoena, berdina al da?

Ikusten ari gara San Mamesera jende asko joaten dela partidak ikustera. Uste dut giro hori igartzen dela, ilusio horrekin gaude, badakigula laster daukagula zita oso garrantzitsu bat. Korrika egunean ere hori nabaritu nuen kalean, egon ginen San Mames ondoan korrika egiten, eta uste dut sumatzen dela ilusioa eta jendeak duen gogoa.

«Espero dugu Kopa altxatzea, baina egiten ez badute ere, beraiekin egongo gara»


Azken 15 urteetan gizonezkoen Athletic bost finaletara iritsi da, eta bostak galdu dituzte. Estatistikak hausteko daude, noski, baina...

Bai, final horiek azkenean Bartzelonaren aurka izan dira. Bartzelona oso momentu onean zegoen urte haietan, eta beti joaten ginen ilusio askorekin, baina bagenekien zeinen kontra jokatzen genuen. Egia da ere Atletico Madrilen aurkako Europako Ligako final horretara ilusio askorekin joan ginela, ez zelako Bartzelona, baina kale egin genuen. Mallorcaren aurka badakigu ez dela erraza izango, baina egia da desberdin ikusten duzula.

Zuek ere bi finaletara iritsi zineten eta biak galdu zenituzten. 2012an 2-1 galdu zenuten Espanyolen aurka. Oker ez banago Athleticeko jokalari bat baino gehiago kaleratua izan zen.

Bai, bai [barrez], uste dut bi izan zirela. Gainera, horretan Bartzelonan utzi genuen finalerdietan, eta gero ematen zuen Espanyolen aurka aukera handiagoak genituela, baina ezin izan genuen jokatu guk nahi genuen neurketa. Bi jokalari kalera bota zituzten, eta azkenean bigarren gelditu ginen.

1-1 zindoazten markagailuan, eta azkeneko minutuetan sartu zizueten garaipenaren gola, ezta?

Bai, azken momentuan, sufrituta izan zen, eta azken unean galdu egin genuen. Mingarria izan zen. Beti esaten genuen ligak irabazten genituenean, Kopa zela gainditu gabeko irakasgaia, baina ezin izan genuen garaikurra altxatu. 

Eta bi urte geroago, 2014an 1-1 berdindu zenuten Bartzelonarena aurka, eta penaltietan 5-4 galdu.

Bai, hori ere galtzen hasi ginen, baina lortu genuen berdintzea. Urte haietan jada Bartzelonak talde ona zuen, eta penaltietan edozein taldek eraman zezakeen finala, baina horretan ere pixka bat zorte txarra izan genuen. Penalti batengatik galdu genuen, eta eztia ezpainetan geratu zitzaigun.

Finalak jokatu dituzu, baita galdu ere; askotan esaten da gehiago ikasten dela galtzean irabaztean baino gehiago. Zuk ere hala pentsatzen duzu?

Nik uste dut ezetz [barrez]. Nik irabazi nahi dut; ikasi ikasten duzu partida bakoitzean, entrenamendu bakoitzean, baina azkenean horra helduta irabazi nahi duzu. Ni ez naiz horietakoa.

«Egin zituzten bi partidekin geratu behar gara, oso onak izan ziren, batez ere Bartzelonakoa»


Emakumezkoek Koparik ez duzue altxatu oraindik. Denboraldi honetan Athleticek oso lan ona egin du, pena zozketan Bartzelona egokitu izana…

Bai, uste dut momentu on batean daudela, baina kontziente gara Bartzelonak duen taldearekin zaila dela irabaztea. Are gehiago bi partidetara. Pena izan zen Bartzelona egokitzea, baina finalerdietan ez baduzu haien aurka jokatzen, ziur asko finalean jokatu beharko duzula. Azkenean denok nahi dugu final batean egon, polita izango litzateke finalean egotea; finlaerdietan ez balitz Bartzelona egokitu... Egin zituzten bi partidekin geratu behar gara, oso onak izan ziren, batez ere Bartzelonakoa. Ez bakarrik emaitzarengatik, baita neskek aurrerapauso handia eman zutelako ere; Bartzelonari gauzak zail jarri zizkieten.

Kontrakoa espero zitekeen arren, Katalunian hobeto aritu ziren zuri-gorriak, eta estuago hartu zuten Bartzelona.

Bai, azkenean San Mameseko emaitza ez zen izan oso handia. Azkenean badakigu Bartzelonak gol asko sartzen dituela partida guztietan, eta hiru gol izan ziren. Ez zen izan partida txarra, baina espero genuen agian etxean hobeto jokatzea, eta kanpoan zailagoa izango zela, eta alderantziz izan zen.

Sevillako finalari begira, zer esango zenieke jokalariei?

Uste dut zaila izango dela, batez ere lehen minutuetan. Asko disfrutatzeko esango nieke, merezi izango duela egun edo momentu hori bizitzea eta bizi osorako beraien buruan egongo dela. Gu harmailetan egon gara animatzen, eta gertatzen dena gertatzen dela, guri berdin zaigu, asko disfrutatuko dugu bidai honekin, final horretara heltzeko, eta beraiekin egongo garela. Espero dugu Kopa altxatzea, baina egiten ez badute ere, beraiekin egon garela.

Ausartzen zara emaitza esatera?

3-1.

Ez duzu luzapenik nahi.

Ez, ez luzapenik, ez penaltirik. Ondo bukatzen baldin bada polita da, baina momentu horretara iritsi arte, ez dugu sufritu nahi.

Halakoetan, zer nahiago zelai barruan ala kanpoan egon?

Barruan beti, nahiz eta gaizki pasatu, barruan.