NAIZ

Ibaiak eta Euskal Produktoreen Elkarteak (EPE) beren fusioa onartu dute

Ibaia Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea eta Euskal Produktoreen Elkartea (EPE) batu egin dira. Hemendik aurrera, Epe-Ibaia izenpean aurkeztuko dute bere burua eta Marian Fernandez arituko da behin-behineko presidente lanetan. 

Epe-Ibaiako kideak, ostiraleko biltzarrean.
Epe-Ibaiako kideak, ostiraleko biltzarrean. (EPE-IBAIA)

Ibaia Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak eta Euskal Produktoreen Elkarteak (EPE) iragan den ostiralean egin zuten Ezohiko Batzar Orokorrean erabaki zuten bi zuzendaritza-organoek aurkeztutako fusio-proiektua onartzea eta, beraz, hemendik aurrera Epe-Ibaia izenpean ariko dira lanean.

Prentsa-ohar bidez azaldu dute «bizi dugun une honetan modu aktiboan lankidetzan aritzeak eta ahots bakarra izatea garrantzitsutzat» jotzen dutela, «betiere gure enpresek eta gure sektoreak aurre egin beharreko erronkak gainditzeko helburuarekin».

Behin-behineko zuzendaritza batzordea enpresa ezberdinetako hamar pertsonek osatuko dute: Marian Fernandez (Txintxua Films), Iker Ganuza (Lamia Producciones), Carlos Juárez (Basque Films), Koldo Zuazua (Kowalski Films), Ricardo Ramon (Dibulitoon Studio), Miren Berasategui (Lotura Films), Eduardo Carneros (Euskadi Movie AIE), Francisco Ruiz (Sonora Estudios), Xabier Berzosa (Irusoin) eta Idurre Cajaraville (Baleuko).

Marian Fernandez (Txintxua fFlms) arituko da presidente-lanetan, eta Carlos Juárez (Basque Films) izango da presidenteordea, betiere bi hilabeteko epearen barruan hurrengo urteetarako gobernu-organo berri bat aukeratuko duen beste Ezohiko Batzar Orokor bat deitzeko konpromisoarekin.

Euskal ekoizpenen ordezkari

Ibaia-Epetik adierazi dutenez, azken bi urteotan ekoiztu diren 60 film baino gehiago (besteren artean ‘20.000 erle-espezie’, ‘Cinco Lobitos’, ‘Unicorn Wars’ eta ‘Irati’ film luzeak) elkarteko kideen eskutik sortu dira, baita ‘Karpeta Urdinak’, ‘Maldita’ eta ‘A Love Song to Sarajevo’ dokumentalak ere.

Telebistarako, ‘Balenciaga’, ‘Intimidad’, ‘Itxaso’ eta ‘Goazen’ gisako telesailak ere ekoitzi dituzte elkarteko ordezkariek, eta baita EITBrako sortutako ‘Herri txiki, infernu handi’, ‘Piztu Telebista’ edota ‘Akelarre’ gisako saioak eta estatuko telebista kateetan eman diren ‘Cocina abierta de Karlos Arguiñano’ (Antena3), ‘Cifras y Letras’ (RTVE) edota ‘Orbita Laika’ (RTVE) saioak ere. Horrekin, elkarte berrian barne hartutako enpresek «Euskadiko ikus-entzunezkoen produkzio ia osoa» ordezkatzen dutela ziurtatu dute.

Elkartearen datozen hilabeteetarako jarduerak hainbat ardatz izango dituela ere azaldu dute. Nabarmendu dituztenen artean daude «Ikus-entzunezkoen Komunikazio Lege Orokorraren arau-garapena, Zinemaren eta Ikus-entzunezkoen Kulturaren Legearen proiektu berria, garatutako lanen jabetza intelektualaren defentsa, euskal foru-lurraldeetan zerga-harmonizazioa bilatzea eta eredu jasangarri bat garatzea, edo euskarazko ikus-entzunezkoen edukien produkzioa eta zabalkundea sustatzea, besteak beste».

«Integrazio honen bidez, lider-rola hartuko du bere gain Epe-Ibaiak euskal ikus-entzunezkoen sektoreak erakundeekin eta sektoreko agenteekin izan beharreko elkarrizketan, lankidetza publiko-pribatuari bultzada bat eman nahian gure sektorea garatzeko une giltzarri honetan», amaitu dute.