NAIZ

Josu Ordoñez aske da, 22 urteko kartzelaldia gainditu ostean

Josu Ordoñez preso donostiarraren kontrako zigorra amaitu da astelehen honetan eta aske gelditu da. Gatibualdi luzea pairatu du, 2002. urtetik gaur arte: 22 urte etenik gabe.

Josu Ordoñez, kalean.
Josu Ordoñez, kalean. (Etxerat)

Preso bat gutxiago dago astelehen honetan, Josu Ordoñez Fernandez donostiarrak espetxe zigor osoa agortu duelako. Guztira 22 urte eta hiru hilabete eman ditu preso, bi estatuetako kartzela ezberdinetan.

Frantziako Poliziak atxilotu zuen 2002ko urtarrilaren 31n, ETAko kidea izatea egotzita, eta hasieran zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zion Pariseko auzitegi bereziak. Uzerchen bete zuen, besteak beste, etxetik 450 kilometro ingurura.

Kondena hau bete aurretik, ordea, 2006. urtean aldi batez Espainiaratu egin zuten Josu Ordoñez, Madrilgo Auzitegi Nazionalean ere epaitzeko, eta zigor berria erantsi zioten.

Espainia aldean urte ugari izan zuten gatibu Penintsulako beste muturrean, Cadizeko Puerto de Santa Mariako kartzelan, baldintza oso gogorretan.

Pedro Sanchez buru duen Gobernuak abiatutako hurbiltze prozesuan Salamancako Topasera eraman zuten 2021. urtean.

Azken urte honetan Euskal Herrian izan da preso Josu Ordoñez Fernandez, Zaballan hain zuzen ere.

Hau da gaur egun euskal preso politiko gehien biltzen dituen kartzela: 64 dira bertan, Etxeraten zerrendaren arabera. Beste 28 daude Martutenen, 12 Basaurin, 6 Iruñean eta 6 Lannemezanen. Etxean preso direnekin (espetxealdi arinduan edo beste prozedura batzuen bitartez) osatzen da 138 presoren kopuru osoa.