NAIZ

Astelehenetik aurrera ezingo da patinete elektrikorik sartu Gipuzkoako autobusetan

Maiatzaren 6tik aurrera patinete elektrikoak debekatuta egongo dira Gipuzkoako autobusetan, segurtasun arrazoiengatik. Gasteizen, patinete elektrikoan espaloietatik ibiltzea debekatzen duen eta 15 urteko gutxieneko adina eta kaskoa erabiltzea ezartzen duen araudi berria onartu dute.

Patinete elektrikoak bizikletentzako aparkaleku batean, Bilbon.
Patinete elektrikoak bizikletentzako aparkaleku batean, Bilbon. (EUROPA PRESS)

Araban eta Bizkaian egin legez, Gipuzkoako autobusetan ezingo dira aurrerantzean patinete elektrikoak eraman. Debekua heldu den astelehenean, maiatzaren 6an, sartuko da indarrean eta Mugi sistema erabiltzen duten ibilgailu guztiei eragingo die, Garraioen Lurralde Agintaritzak (GGLA) ohar batean gogora ekarri duenez. Segurtasun arrazoiak daude tarteko.

«Mugikortasun elektrikoko elementu horiek azken urteotan garraiobideen barruan, suak, keak eta dispositiboen bateriek eragindako deflagrazio txikiek sortutako kalte fisiko zein material larrien ondoren, erabaki hau hartzera behartu gaitu hilabete hauetan Nazioartean, Estatuan eta ondoren, autonomia erkidegoetan izan den debeku korrontea jarraituz», azaldu du Azahara Domínguezek, GGLAren lehendakariordeak.

Adierazi duenez, besteak beste, Lurraldebus, Dbus, eta Mugiko gainerako tokiko operadoreek osatzen duten batzordeak ezarritako debekua Euskotrenek eta Metro Bilbaok eta, ondoren, Arabako eta Bizkaiko Aldundiek beren zerbitzuekin hartu dituzten erabakiak kontuan hartuta ezarri da.

Debekuak, ordea, ez die eragingo mugikortasun urriko pertsonen ibilgailuei (MUP), ez eta bizikleta elektrikoei ere, horientzat mantenduko baita egungo araudia. Aldiz, patinete elektrikoak debekatu egingo dira, «harik eta etorkizun hurbilean patinete elektrikoen fabrikatzaileek gaur egun antzeko elementu elektronikoak dituzten eta arrisku egoera horiek saihesten dituzten beste produktu batzuek dituzten homologazioen eta segurtasun neurrien antzekoak egiten dituzten arte».

Gasteizen, espaloietan debekatuta

Bestalde, Gasteizko Udalak larunbatetik aurrera patinete elektrikoak hiriko espaloietan eta oinezkoentzako guneetan erabiltzea debekatuko du. PSEren, EAJren eta PPren aldeko botoekin onartutako araudi berri batean jasotzen da.

Bertan zehazten denez, patinete elektrikoak galtzadatik, bidegorrietatik eta tranbia-bideetatik soilik ibili ahal izango dira. Gainera, erabiltzeko gutxieneko adina 15 urte izango da eta kaskoa derrigorrezkoa izango da, Iruñean bezala.

Gehieneko abiadura orduko 25 kilometrokoa izan beharko da, nahiz eta hori jada araututa zegoen indarrean dagoen legedian.

Ordenantza berriak zigorrak ezartzen ditu abiadura muga manipulatuta duten patineteen jabeentzat, espaloietatik edo oinezkoentzako guneetatik doazenentzat, entzungailuekin edo mugikorrarekin zirkulatzen dutenentzat, 15 urte baino gutxiago dituztenentzat eta alkoholan eta drogetan positibo ematen dutenentat.

Isuna jarriko zaie, halaber, homologatutako argiak, txirrina edo elementu islatzaileak ez dituztenei eta patineteak horretarako egokitutako tokietatik kanpo aparkatzen dituztenei.

Baldintza teknikoak betetzen ez dituen patinetea gidatzeagatik, espaloietatik zirkulatzeagatik edo 15 urtetik beherako batek erabiltzeagatik 200 euroko isunak jarriko dira. 45 euroko zehapenak aurreikusten dira beharrezko argirik gabe gidatzeagatik eta gaizki aparkatzeagatik.