Alaia Sierra

Errealitatea eta artifizioaren arteko muga lausotu du Iñigo Astizek bere lehen ipuin liburuan

‘Monogamoak’ aurkeztu berri du Iñigo Astiz idazle eta kazetariak, bere lehenengo ipuin bilduma. 16 istorio desberdin biltzen dituzte orrialdeok: bortizkeria sexuala, ahizpen arteko maitasuna eta gatazka politikoaren gordintasuna, besteak beste, betiere errealitatea fikziozko zantzuekin azalduz.

Iñigo Astiz, errealitatearekin bezala, ‘Monogamoak’ liburuarekin jolasten.
Iñigo Astiz, errealitatearekin bezala, ‘Monogamoak’ liburuarekin jolasten. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Ipuinak sortzearena ez da izan aurrez ezarritako plan bat» dio Iñigo Astiz idazle eta kazetariak, baina bere lehenengo ipuin liburua argitaratu berri du Susa argitaletxearekin, ‘Monogamoak’. Errealitatea eta literaturaren artifizioa eta fantasia nahastu ditu, errealitatearen forma bera eraldatzeko modu bat bezala.

Hala azaldu du bere lan berria asteazken honetan Donostian egindako aurkezpenean. 16 ipuinez osatutako liburua ondu du, zeintzuetatik laburrena orrialde bakarrekoa den eta luzeena hamalau orrialdekoa.

Leire Lopez Ziluaga editoreak aurreratu duenez, askotariko gaiak jorratzen dira. Opari bat jasotzen duen ume bat, ETAren eta poliziaren arteko tiroketa baten ostean hildakoen pabiloi batean agertzen den tipo bat, sasoiz kanpo itzultzen den norbait, svastikak marrazten dituzten bi ume, diktadore baten koadroari kopa bat bota zion ustezko pailazo bat eta ospitalera ama bisitatzera doan emakume bat aipatu ditu Lopez Ziluagak.

Editorearen ustez, batzuk errealitateari lotuagoak eta beste batzuk fantasiazkoagoak badira ere, badago lotura haien artean. «Familia modukoak osatzen dituzte, elkarrengandik urrunen dauden ipuinek ere badituzte lotzen dituzten ipuin lehengusuak», argitu du. Aniztasunarekin batera doan loturaren ideia honekin autorea ados agertu da.

Urte askotan zehar egindako lan ez antolatua da, autoreak azpimarratu duenez, baina badaukate beste zerbait amankomunean: umorea. Astizentzat «umorea irakurtzen dugun modua ez zait aski iruditzen» eta deserosotasuna bilatzen du idazlearengan berarengan nahiz irakurlearengan: «Liburuko ipuin deliranteenetako batzuk errealitate itsusienak kontatzeko erabiltzen dira».

«Naturaltzat ditugun gauzetan ze gauza arraro dauden erakusten saiatzen diren ipuinak dira», sintetizatu du Iñigo Astizek aurkezpenean.

Azalak ere badauka zerikusi handia eguneroko gauzak literaturarekin moldatzeko asmoarekin. Peter Fischlik eta David Weissek egindako irudia da, eguneroko zenbait objektuk sortutako forma xelebrea erakusten duena. Idazlearentzat, «eguneroko gauzekin jolastu eta eguneroko martxatik elebatzeko» aukera erakusten du, baita ipuin desberdinez osatutako liburu bat dela ere.