Manex Altuna

Jokin Aranbarri, Eibarren bigarren taldetik Bilbao Athleticera bidean

39 urteko entrenatzaile azkoitiarrak Bigarren RFEF Mailara igo du CD Vitoria taldea, eta Carlos Gurpegi ordezkatzeko hautagai nagusia da. Bestalde, Valverde eta Arrasateri bi partidako zigorra ezarri diete, eta ezingo dira San Mameseko aulkian eseri larunbateko derbian.

Jokin Aranbarrik CD Vitoria taldearekin igoera lortu du azken denboraldian.
Jokin Aranbarrik CD Vitoria taldearekin igoera lortu du azken denboraldian. (@SDEibar)

Oraindik Athleticek ofiziala egitea falta den arren, hainbat komunikabidetan ziurtzat eman dute Jokin Aranbarrik zuzenduko duela Bilbao Athletic hurrengo denboraldian. 39 urteko teknikari azkoitiarrak ez du Eibarren jarraituko, behintzat. Talde armaginak gaur baieztatu du Eibar uztea erabaki duela.

Aranbarri 2016an hasi zen Eibarren harrobian lanean, eta gaur egun Athleticen kirol zuzendaria den Mikel Gonzalezekin lan egindakoa da. Kadete mailako taldeak hasi zen entrenatzen, eta ondoren gazteen mailako taldea zuzendu zuen. Azken hiru denboraldietan CD Vitoriaren entrenatzailea izan da, eta Bigarren RFEF Mailara igotzea lortu du. Athleticen hirugarren taldea den Basconiaren multzoan liga irabazi du, eta zuzenean igotzea lortu du.

Bittor Llopis eta Iraia Iturregik zuzentzen duten Basconia, berriz, igoera faseko kanporaketak jokatzeko sailkatu da. Carlos Gurpegik ez zuela Bilbao Athleticen jarraituko ezagutu zenean, bere ordezkoa Llopis izan zitekeela zabaldu zen. Hala ere, badirudi Lezamako kirol arduradunek Aranbarriren aldeko apustua egingo dutela. Lehoikumeek Lehen RFEF mailan jokatuko dute datorren denboraldian igoera lortu ostean.

Entrenatzailea izan aurretik, Aranbarri aurrelaria izan zen eta Bizkaiko hainbat taldetatik igaro zen. Besteak beste, Sestao River, Lemona, Amorebieta, Barakaldo eta Portugaleten aritutakoa da.

Vivian eta Egiluz, taldekideekin batera

Gaur goizean Lezaman egindako lan saiotik albiste pozgarriak iritsi dira. Vivian eta Egiluz erdiko atzelariek gainontzeko taldekideekin batera entrenatu dute. Yeray eta Paredes zigorturik daude, eta postu horretan jokatzera ohituta dauden plantillako jokalari bakarrak dira. Vivianek ezin izan zuen azken partida jokatu bizkarreko minarengatik, eta Egiluzek, aldiz, orkatila minduta dauka.

Ezingo balute jokatu, Ernesto Valverdek zerbait asmatu beharko du. Denboraldi-aurrean Beñat Pradosekin proba ezberdinak egin zituen, eta Yuri edo Lekue moldatu daitezkeela esan zuen. Azken bi jokalari hauek ere taldekideekin batera entrenatu dute, eta larunbaterako prest egon daitezke.

Bestalde, Galarreta bere kabuz aritu da korrika, eta Sancet ez da kanpoko zelaietara entrenatzera atera. Horren harira, zaila dirudi Osasunaren kontrako derbian jokatzeko egotea. Guruzetak ere ezingo du, astelehenean ebakuntza egin behar izan baitzioten apendizitisa atzeman ondoren.

Azkenik, Valverderi bi partidako zigorra ezarri diote. Athleticen entrenatzailea ezingo da San Mameseko aulkian eseri Osasunaren kontra, ezta hurrengo asteazkenean Celtari egin behar dioten bisitan. Gasteiztarrari txartel gorria atera zioten, epaileak adierazitako penaltia protestatzeagatik. Jagoba Arrasateri ere zigor berdina jarri diote, eta bi entrenatzaileek harmailatik jarraitu beharko dute derbia.