Aholkularitza ibiltaria, baratzeaz zein lorezaintzaz

Furgonetaz baratzez baratze ibiltzen dira eta, beraz, ezin egokiagoa zaie Furgobaratzea izena. Baratze parkeetan aholkularitza eskaini eta tailerrak antolatzen dituzte, ortuko lanetan hasiberriak direnei bultzada eta babesa emateko. NAIZ Irratian izan da Aitziber Otegi proiektuko kidea.

Furgobaratzea. (Gotzon ARANBURU)
Furgobaratzea. (Gotzon ARANBURU)

Baratzearen eta lorezaintzaren inguruko aholkularitza ematen dute, ortuan bertan, Furgobaratzea proiektuko kideek. Bertatik bertara zalantzak argitu eta tailerrak eskaintzen dituzte. Aitziber Otegi Furgobaratzeko kideak ekimenaren nondik norakoak azaldu zizkion joan den astean Eli Pagolari, NAIZ Irratiko Gelditu Makinak saioan.

Duela hamar urte inguru proiektua abian jarri zuten, orduan martxan hasi baitziren Gipuzkoako lehen baratze parkeak. Kutxa Ekoguneak, Kimubatek eta baratze parkeak dituzten herrietako udalek sortu zuten Furgobaratzea.

Otegiren hitzetan, behar bati erantzuten dio, baratze parke horietan tokitxo bat egokitu eta bertan lanean hasten diren gehienek ez baitute horretarako beharrezkoa den ezagutza. Hasieran, gutxienez, ezinbestekoa iruditzen zaie aholkularitza eta babesa ematea.

Baratze parkeak hainbat herritan jarritako baratze gune batzuk dira. Otegik azaldutakoaren arabera, 30 bat metro karratu izaten dituzte eta herritarrek izena eman behar izaten dute, zozketaz tokiren bat egokitzeko. Ez dira ortu profesionalak, aisialdikoak baizik, hots, autokontsumorako ekoizten dute, eta ez saltzeko. Halaber, ekoizpenak ekologikoa izan behar du, nahitaez.

Furgonetan ibiltzen dira Kimubateko kideak baratzez baratze, bai, baina ez dute zorrotzaileak bezala bozina jotzen jendea haiengana gerturatu dadin. Hitzordua jarrita lan egiten dute. Urte hasieran zehazten dute apirilean hasi eta urrira bitarte egingo dituzten ibilbidea eta egitaraua. Abuztua atseden hartzeko aprobetxatzen dute, eta hilean behin hurbiltzen dira, gutxi gorabehera, baratze parke bakoitzera.

Garaian garaiko aholkuak eta tailerrak ematen dituzte. Orain tomatearen tailerrarekin ari dira, zaintza asko behar duen landarea izaki, beharrezkoa iruditu zaielako landare honi arreta bereziz heltzea. Gainontzean, identifikatzen dituzten beharren arabera eta gaiek pizten duten interesaren arabera zehazten dute egitaraua.

Askorarikoak, baina ezjakinak

«Iruditzen zaigu baratzeetan jubilatuak-eta ibiltzen direla, eta ibiltzen dira, baina denetik hurbiltzen zaigu, gehienbat 35 urtetik gorako jendea», dio Otegik. Denak batzen dituena, ordea, baratzeaz duten ezagutza urria da. Baratze parke berrietan edo jende berri asko dutenetan aldizka oinarrizko ikastaroak egiten dituzte, oinarritik hasi eta lana ondo egin dezaten.

Hainbatentzat estresari aurre egiteko modua izaten da baratzean aritzea, naturarekiko kontaktua lagungarria izan baitaiteke sarri askotan. Halaber, Otegik azaldu du badela sozializatzeko modu bat ere, eta tokiko produkzioak duen garrantziaz eta balioaz kontzientziatzeko ere baliagarria dela.

Izan ere, baratze parkeak sortu zirenean bazegoen baserritarren kalterako izango zela uste zuenik, bestela gertatu bada ere. Otegik ziurtatu du, norberaren kontsumorako ekoizten dutenek gutxiago erosten badute ere, erosten duten hori gertuko baserritarrei erosten dietela, haien lanak duen balioaz ohartzera baitarama ortu bat izateak.

Baratze parke gero eta gehiago dagoelako poza agertu du Furgobaratzeko kideak. Azaldu du eskaria egon badagoela eta horren arabera sortzen dituztela, ez baita komenigarria itxaron zerrendan jende ugari geratzea, ezta baratzeak hutsik eta belarrez gainezka egotea ere. Oreka bilatzean dago koxka, beraz.

Zozketa eginda banatzen dituzte baratzeetako tokiak, normalean, baserritar berrien artean tirabirarik sortu ez dadin. Halaber, gehienetan aldiro-aldiro aldatzen dituzte lur zatiak.

Hainbat herritatik ibiltzen dira gora eta behera, eta Furgobaratzearen beharra duenak badauka egutegia haien web orrialdean edo sare sozialetan kontsultatzea. Eraman beharrekoa dudak direla zehaztu du Otegik, ez besterik.