NAIZ

Makina erreminten sektorea %22,6 hazi zen 2023an

Makina-erremintaren sektoreak fakturazio osoaren errekorra hautsi zuen 2023an, %22,6 hazi zen, eta fakturazioa 2.157,3 milioi eurokoa izatera iritsi dela azaldu du AFM Clusterrak. Esportazioek ere %21,8 egin dute gora, eta helmuga nagusia AEB dela azaldu dute.

 

AFMk 2023ko datuak aurkeztu ditu Donostian.
AFMk 2023ko datuak aurkeztu ditu Donostian. (Jon Urbe | FOKU)

AFM Clusterrak makina erreminta, osagarri, osagai eta erreminten fabrikatzaileen sektorearen urteko itxieraren datuak aurkeztu ditu asteazken goiz honetan Donostian. 2023ko datuak «oso onak» direla adierazi dute Jose Perez Berdude Clusterreko lehendakariak eta Xabier Ortueta zuzendari nagusiak. Izan ere, 2023an %22,6 hazi zen sektorea; hala ere, aurreratu dute, oso zaila izango dela 2024ean datu horiei eustea.

«2022ko kopuruekin alderatuta, marka historikoa hautsi dugu, %22,6ko hazkundearekin», adierazi dute, 2021ean eta 2022an eskaera ugari lortu zituztenez, sektorearen fakturazioak handitzen jarraitu duela kontatu dute eta 2.157,3 milioi eurokoa izatera iritsi dela.

Azaldu dutenez deformazioaren sektoreak du «portaera dinamikoena», %54,4ko hazkunde nabarmenarekin: hori hein handi batean automobilgintzaren sektoreko inbertsioak suspertzeari eta AEBtik eta Mexikotik iritsitako eskari handiari esker izan dela argitu dute. Harroketa azpisektorea ere positiboa izan dela gaineratu dute, %13,7ko hazkundearekin, «kasu honetan aeronautikak eta energia-sektoreko inbertsioek bultzatuta, beste sektore batzuetakoez gain».

«Esportazioei dagokionez, %21,8 hazi dira maximoetan, eta 1.611,9 milioi eurora iritsi dira», azaldu dute eta esportazioen helmuga nagusiak 2023an AEB, Italia, Alemania, Txina, Mexiko, frantziar Estatua, Portugal eta Turkia izan dira. «Deigarria da AEBko gotorlekua, lehen aldiz gure helmuga nagusia. Eta, alderantziz, gure ohiko lehen merkatutik, Alemaniatik, datorren eskaria pixka bat moteldu egin da», azaldu dute aurkezpenean.

Berdue lehendakariak sektoreak nazioartean duen potentzia nabarmendu du: «2020tik aurrera, gure enpresen atzerriko salmentak % 60 hazi dira, eta agerian geratu dira gure nazioarteko indarra eta posizionamendu bikaina merkatu garrantzitsuenetan eta, bereziki, tamaina handiko makina eta piezekin eta konplexutasun teknologiko handiko nitxoekin zerikusia duten aplikazioetan».

2024rako aurreikuspenak

2024ko lehen lau hilabeteak aztertu ostean, eskaerak motelago ari direla biltzen jakinarazi dute, 2023ko datuekin alderatuta behintzat. «Aurreikuspenak egiteko goiz bada ere, zaila izango da iazko zifrak lortzea», onartu dute.

Ortuetak 2024rako aurreikuspenen berri eman du: «2023rako espero genuen eta makina-erreminten ekoizle diren Europako beste herrialde batzuek jasan dituzten eskaeren jaitsiera ia urtebete atzeratzea lortu dugu. Ziurgabetasun handiko une honetan, merkatu-egoera oso nahasian gaude. Bezeroak erakartzeko hiru urte on egin ondoren, ekitaldi honetako fakturazioak sendoa izaten jarraituko du. Zaila izango da 2023koa berdintzea, baina hurbileko zifretan egongo gara».

Fabrikazio aurreratuaren sektorearen erronka handiena «pertsona kualifikatuak aurkitzea» dela nabarmendu dute. Eta horretarako AFM Clusterrak JOIND sortu duela azaldu dute: «Enpresen lan-eskaintza karrera profesionala industrian egin nahi duten hautagaiekin eta fabrikazio aurreratuan espezializatutako prestakuntza-zentroekin lotzen duen plataforma».

Bestalde, ekainaren 3tik 7ra 32.BIEMH azoka ospatuko da Bilbon, sektoreko 29 herrialdetako 1.400 erakusketa-etxe baino gehiago eta 3.000 produktu eta zerbitzu inguru bilduko dituela esan dute. Aurtengoan, Mexiko izango da herrialde gonbidatua, «industria-jarduera indartsuari eta duen dinamismoa dela eta».