Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Lakuak eta Ordiziako Udalak bat egin dute 146 etxebizitza babestu eraikitzeko

Lakuako Etxebizitza Sailak hitzarmena sinatu du Ordiziako Udalarekin Floreaga auzoan dauden partzela batzuetan alokairuzko etxebizitza babestuak eraikitzeko. Lehenengo 36ak eraikitzeko obrak udaberrian hastea aurreikusten da. Ekimen honekin, herrian den etxebizitza arazoari aurre egitea espero da.

Miguel de los Toyos Etxebizitza sailburuordea, Denis Itxaso sailburua, Adur Ezenarro alkatea, Maitane Alvarez zinegotzia eta Carlos Quindós Visesako zuzendari nagusia.
Miguel de los Toyos Etxebizitza sailburuordea, Denis Itxaso sailburua, Adur Ezenarro alkatea, Maitane Alvarez zinegotzia eta Carlos Quindós Visesako zuzendari nagusia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Denis Itxaso, Lakuako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua, Ordizian izan da ostegun honetan bertako alkatea den Adur Ezenarrorekin (EH Bildu) bilera egiteko. Bertan, aldez aurretik adostutakoa formalizatu dute eta udaberrian 36 etxebizitza batestu eraikitzeko hitzarmena sinatu dute.

«Etxebizitza sailburuarekin bilera egin dugu martxan ditugun hainbat egitasmo eguneratzeko», eman du jakitera Ezenarrok. Azaldu du Floreaga auzoan eraikiko diren lehen 36 etxebizitza horiek hiru bloketan banatuko direla, baina ez direla zonalde horretan eraikiko diren bakarrak. «Visesa enpresarekin ere badugu hitzarmen bat 60 etxebizitza egiteko, San Joan esparruan», argitu du Ezenarrok.

Horren ondoan dagoen beste lursail batean beste 50 eraiki ahal izateko akordio bat lortu nahian dabiltza, jabe pribatu batekin. Honela 146 etxebizitza babestu aurreikusten dituzte. Bestalde, gorago dauden beste bi lursailetan, «beste 80 (40+40) etxebizitza egiteko aukera dago, baina oraindik araudi aldaketa batzuen zain gaude, zailtasun batzuk dituztelako», esan du, guztira 226 etxebizitza eraikitzea posible dela aurreratuz.

Horrez gain, alkateak Ordizia Eremu Tentsionatu izendatzeko plangintza garatzeko asmoa dutela helarazi dio sailburuari. «Diagnostiko osoa egin dugu. Hainbat neurri partekatu ditugu eta plangintza horretan zer jaso beharko genukeen ere adierazi zaigu. Aurrerantzean ere espero dugu elkarlanean jarraitzea», esan du.

430 familia etxebizitza eske

Itxasoren ustez, bilera «oso emankorra» izan da. «Kontutan izan behar dugu une honetan Etxebiden Ordizian 430 familiek eskatzen ari direla etxebizitza babestua, eta horietatik 392k eskatzen dute alokairuan izatea. Ordiziak etorkinen errealitate horretan badu zer esana. Izan ere, Euskadiko herrien artean tasa altuenetarikoa dauka eta horrek ere etxebizitzaren erronkari beste ikuspuntu bat ematen dio», azaldu du.


Ordiziako Floreaga auzoko lur sailak. (Gorka RUBIO / FOKU)
Ordiziako Floreaga auzoko lur sailak. (Gorka RUBIO / FOKU)

Ordizian lortutako hitzarmenak kontutan izanik, Itxasok esan du Lakuak «apustu handia» egin duela «Ordizian momentu honetan dauden eskakizunei erantzun bat emateko». «Askotan esaten dut etxebizitzaren arazoa ez dela hiriburuen arazo bat,  Gipuzkoak batez ere, baina EAE osorik, orekaren kontuari garrantzia handia ematen diola eta horrek esan nahi du Ordizia bezalako udalerri batek ere behar dituela etxebizitza gehiago, bere populazioa finkatzeko, eta horregatik apustua ere egin behar dela herri ertainetan», aipatu du.

Ordiazko Udalaren prestutasuna positiboki baloratu du, Lakuari lur sailak eskaintzen dizkiolako: «Guk eskatzen dugu Jaurlaritzari alfonbra gorri bat jartzea; lur sailak erraztea eta fiskalki zerga txikiak jartzea etxebizitza babestuak eraiki ditzan», argudiatu du.

Etxebizitzen ezaugarriak

Eraikiko diren lehen alokairuzko 12 etxebizitzak bi logelako 11 eta 1 logela bakarrekoa izango dira, eta guztiek izango dute terraza edo balkoia, baita garajea eta trastalekua ere. 54 eta 65 metro karratu erabilgarri bitartekoak izango dira, eta etxebizitzetako bat mugikortasun urriko pertsonentzak egokitutakoa izango da. Obra hauek 1,89 milioi euroko kostua izango dute.

Bigarren fase batean beste 24 etxebizitza eraikiko dituzte, 4,5 milioiko aurrekontuarekin, eta aurretik deskribatutako antzerako ezaugarriekin: 54-65 metro karratu, terraza edo balkoia eta trastalekua. 23 etxek bi gela izango dituzte, eta batek bakarra, eta guztien artean bat mugikortasun urriko pertsonentzat prestatuko dute. Bi eraikinek kalifikazio energetuko altuena (A) izango dute.