Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto
Interview
Koldo Arsuaga
Euskadiko Saskibaloi Federazioko presidente hautagaitzako kidea

«Federazioko dirua ezin da banketxean gordeta egon, klubentzat behar du»

Astelehenean behar zuten Saskibaloi Federazioko hauteskundeak, baina eten egin dira EAEko Kirol Justizia Batzordeak «Baskeet Gara» hautagaitzaren eskabidea onartu ostean. Hala ere, Luis Mari Sautu presidentearen hautagaitza kide Koldo Arsuagak «itxaropena» du, «orain lau urteko sorpresa» finkatzeko.

Koldo Arsuaga, Luis Maria Sautu presidente hautagaiaren kidea.
Koldo Arsuaga, Luis Maria Sautu presidente hautagaiaren kidea. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Saskibaloiaren mailarik gorenetan euskal jokalariak ikustea ez da erraza, gutxi batzuek badauden arren. Nolanahi, saskibaloia da Hego euskal Herrian, EAE eta Nafarroa biak batuta, lizentzia gehien duen kiroletako bat, bereziki emakumeen artean, futbolaren bultzada «ikaragarria» –hautagaitza bietatik jasotako erreakzioa– izaten ari bada ere.

Sorpresa izan zen duela lau urte Luis Mari Sauturen hautagaitza Euskadiko Saskibaloi Federazioko presidentetzara iritsi izana, eta lau urteren ostean, nahiz eta astelehen honetan, otsailaren 3an, jokatu beharreko hauteskundeak atzeratu diren, 2021eko sorpresa hura berresten den ala German Monge eta Koldo Tellitu hautagaiek elkarturik osatu duten «Baskeet Gara» hautagaitzak irabazten duen ikusteko.

Koldo Arsuaga Luis Mari Sauturen taldean doa. «Tolosako Adiskideok» klubeko presidentea diruzain karguaz arduratuko litzateke irabaziz gero. Lau urte hauetan «isileko lanaren fruituak», «izaera presidentzialista laga eta lanari ekin dion taldea» eta «euskararen bultzada» zein «gazte mailetan euskal selekzioen bultzada» ezarri direla defenditzen du eta bide horretatik aurrera jarraitzea nahiko luke.

Duela lau urte Sauturen garaipena sorpresa izan zen. Berriz irabaztea ere hala litzateke?

Sorpresa erlatiboa izan zen, batez ere ikusita zein alderekin irabazi zuen. Orain ez litzateke hainbesteraino izango, azken lau urteetan egin dena finkatzen joan dela adieraziko lukeelako.

Zein da ba zuen hautagaitzaren lau urte hauetako balantzea?

Talde lanaren aldeko apustu bat aurrera atera dena. Talde anitza eta integratzailea osatu dugu eta isilean lan handia egin dugu EAEko saskibaloiaren alde, Nafarroa edo Akitaniako klubekin harremanak ahaztu gabe. Taldeari garrantzia eman nahi izan diogu izan ere aurreko presidentearen kudeaketa oso pertsonalista izan zen; eredu oso presidentzialista eta pertsonalista, hitz gutxitan esateko. Irudia eta itxurari garai baten zuen indarra kendu diogu eta kirol arloa indartzen saiatu gara, klubentzat eta Federazioarentzat diru sarrerak eta egonkortasun handiagoa bilatuz.

Federazioak egunerokoan oihartzuna galdu duela diote. Hala uste duzu?

Nik uste isileko lana in dartu dela, besterik gabe. Esaterako, euskararen presentzia asko handitu da lau urte hauetan; webgunea adibidez. Federazioaren webgunean lehen gaztelera hutsean zegoen eta lau urte hauetako lanari esker, erabat elebiduna da eta horretan sakontzen joatea nahiko genuke eguneroko lanean ere.

Jakina hobetu daitekeela eta baliteke hedabideetan oihartzuna ez bilatzea ere beti ez dela mesedegarria. Baina adibidez, euskal selekzioarekin azken lau urteetan lan handia egin dugu; gazte mailetan, FIBAren egutegia oso saturatua dagoelako seniorrekin nahi beste lan egin ahal izateko. Baina Portugalekin, Eslovakiarekin edo Suitzarekin hitzarmenak egin ditugu beraiek  –20 urtez azpiko selekzioak, 17 urtez azpikoak, neskak zein mutilak...– gugana jokatzen etortzeko edo gu beraiengana joateko. Basket 3x3ko alorrean lana egiten ari da, Euskal Kopa ezberdinak ere egin dira, Lehenengo Nazional mailaraino zabalduz...

Zeri eman nahi dio garrantzia zuen hautagaitzak?

Hiru ildotan lan egingo dugu: kirola, gastua eta komunikazioa. Hasteko, kluben arteko batzorde bat osatu nahi dugu. Konpetentzia berriak ezarriz eta harremanak sendotuz. Ideia berriak ditugu Euskal Kopa Bigarren Nazionalera ere hedatu; entrenatzaileen eta emakumeen presentzia ere indartu nahi dugu; zentzu hionetan emakume entrenatzaile gehiago egon daitezen pausuak eman eta baita jazarpenaren kontrako protokoloetan sakondu ere, azkarrago eta hobeto erantzuteko gai izan gaitezen.

Ekonomiari lotuta, gardentasun portal bat irekita dago eta udaletxe, Aldundi eta Jaurlaritzarekin ere akordioak ixten ari gara diru sarrera egonkorrak izan ditzagun. Kontuak garbi daudela ziurtatu dezaket bere garaian akats batzuek medio kebranto ekonomiko bat izan bazen ere. Bestetik, Federazioko dirua ezin dela banketxean gordeta egon sinisten dugu, klubetan inbertitu behar direla baino.

Komunikazioari dagokionez, digitalizazioan eta euskararen presentzian lana sakondu behar da; neurketetako estatistikak denbora errealean jarraitzea lortu dugu, baina hobetu behar da. Denerako oso talde heterogeneoa garelarik, garrantzia itzela ematen diogu komunikazioari.

Selekzioen ofizialtasuna aldarrikatuko duzue?

Mahai gainean jarriko dugu, baina argi izan behar da gazte mailetan egiten ari garen lana. Seniorrekin arazo handiagoak ari gara izaten, batez ere egutegian ez dagoelako ia lekurik. Hala ere herrialde ezberdinetako taldeekin hitzarmenak egin ditugu; pasa den udan Eslovakian izan ginen, adibidez, eta gero hitzarmen ezberdinak sinatu ditugu ere Nafarroako edo Akitaniako federazio eta taldeekin. Iparraldean jokatu izan dugu, esaterako.

Badakigu beste hautagaitzak seniorretako selekzioaren partidak faltan botatzen dituela; guk ere bai. Baina Barakaldoko Torneoan Espaniaren aurkako partidak bultzatzen zituzten, beste gabe, beren garaian, beste urratsik eman gabe ofizialtasunerantz.

Emakumeak aipatu dituzu lehen, saskibaloiak EAEn duen indarguneetako bat.

Sekulako konpetentzia dugu futbolarekin. Oso lan zaila daukagu, presentzia mediatikoa dela-eta, baina baita bertan behera modu goiztiarrean uzten dutelako neska askok behin adin batera iritsita. Horrez gain, epaile eta entrenatzaile emakumeak sustatzeko ere lan handia egin behar dugu, hori indartzea nahiko genuke behintzat, emakumeak gure kirolean duen presentzia aintzat hartuta, oraindik ere ez dagoelako askorik estamentu horien barruan. Eta esan gabe doa jazarpenaren kontrako protokoloak sakondu behar ditugula, ikusi baitugu neurri baten arazoak gainean izan arte ez garela gaiaren larritasunaz erabat jabetu.