Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Patagoniako hormatzarretako aldats arriskutsuetan zein pikoetan eskiek protagonismoa hartu dute

Aurelien Lardy, Jules Socie eta Vivian Bruchez frantziarrek hainbat jaitsiera egin zituzten Fitz Royko mendigunean. Besteak beste, Poincenoteko ‘Whillans-Cochrane’ ibilbidearen sekzio arriskutsuenak.

Eskuarki, Patagoniako erpinen edo orratzen inguruko berriak eskaladarekin erabat lotuta daude. Badira ere gailur horietatik parapentean hegan egiten dutenak. Baina eskiari buru hitz egiten badugu, badirudi praktika horrek ez duela horma tente horietan lekurik. Alabaina, maiz gertatzen den bezala, espezialista batzuek egoera hori irauli egiten dute.

Joan den denboraldiko udazkenean, adibidez, espedizio frantziar batek Fitz Royko mendilerroan jardun zuen. Pente raide kontzeptua bikian menderatzen dute; hots, aldats tenteetan eskarmentu aberatsa dute. Aurelien Lardy, Jules Socie eta Vivian Bruchez dira protagonistak.

Atzetik, proiektu zinematografiko bat zuten, eta, oro har, bideoan ikusten denez, emaitza bikaina lortu zuten. Izan ere, zinta horrek hainbat mendi zinemalditan sariak jaso ditu. Kirol ikuspuntutik ere, azpimarratzekoak diren jaitsierak egin zituzten. Guztiak ala guztiak, Fitz Royko mendilerroan eta haren ingurumarian. Sei jaitsiera berri egiteaz gain, eskiatzaileok Poincenoteko ‘Whillans-Cochrane’ bidea errepikatu zuten. Bidaia handi horretan, beraz, ondo baino hobeto uztartu zituzten ikuspegi teknikoa eta aldats pikoen arriskua.

Espedizio horren helburu nagusia El Chaltenen inguruan dauden mendiguneen bihotzean jardutea zen; Cerro Torretik eta Fitz Roytik ahalik eta gertuen. Bruchezek aurreratu du klima aldakorra zein oldarkorra ondo kudeatu behar zutela jaitsiera batean arrakasta lortu nahi bazuten: «Horretarako, leiho on luze bat behar genuen. Horrez gain, kontuan hartu behar da xede batera hurbiltzen zarenean, hurbilketa luzea egin behar dela zama astunarekin. Horregatik guztiagatik, jardun bakoitzerako hiru egun aurreikusten genituen. Alpeetan oraindik oso tenteak diren zirrikitu batzuk eskiekin jaisteko aukera badago, baina Patagonian jardun hauek egiteko planteamendua aitzindaria da».

«Hutsunea»

Eguraldiaren eta elurraren baldintzak ondo aztertu eta gero, hirukote hori pronto zegoen konpromiso handia eskatzen dituzten jaitsierak egiteko. Poincenoteko ‘Whillans-Cochrane’ ibilbidea zen erronka nagusi bat. Ordura arte, orratz horretan dagoen marra hori soilik Andreas Franssonek jaitsi zuen. 2012. urtean izan zen, eta suediarrak onartu zuen inoiz eskiatu zuen bide arriskutsuena eta tenteena izan zela.

Bruchez ere iritzi berekoa da: «Franssonek egundoko ekarpena egin zuen. Gu ere gai izan gara Poincenoteko proposamen hori jaisteko, eta onartu behar dut muturreko jaitsiera bat dela. Ez dakit zentzurik duen, baina errepikapen horrek asko bete gaitu. Zintzilik dagoen elurrezko zerrenda batean sartzen zara; 1,80 zentimetroko pasillo bat da zabalean. Eta zure oinen azpian mila metroko hutsunea dago. Eskuinaldean plaka batzuk, ezkerraldean izotza… Franssonek zioen bezala, oso-oso arriskutsua da. Jaitsiera berezia da; izan ere, murru handi batean sartuta zaude. Hutsune handiak dituzten erlaitz batzuk eskiatu ditut; Nant Blanc horietako bat da. Baina Poincenoteko marra horretan mila metroko hutsuneak harrapatzen zaitu. Alabaina, sekzio hori oso ondo egokitzen da eskiatu ahal izateko».

Eskiatzaile frantziarrok onartu dute nortasun handiko jaitsiera hori egin aurretik prestaketa oso zehatza egin behar izan zutela: beste erpin batzuetan sei bide berri jaitsi zituzten.

Amaitzeko, Bruchezek adierazi du Patagoniako eskarmentuak eskiaren ikuspegia gehiago zabaltzeko aukera eman diela: «Ez dakit guk zabaldutako eta jaitsitako marra horiek errepikatuko diren. Baina konpromisoaren eta aldats tenteen aldeko apustua egiten dutenek Patagonian erakusleiho ederra dute. Alpeetan ditugun irizpideak erpin horietan indarrean jartzen saiatu gara, eta uste dugu asmatu dugula. Abentura itzelak egiteko ateak zabaltzen ditu! Piergiorgio erpina, adibidez, Mont Blanc baino askoz ere txikiagoa da. Baina inguru horretan den-dena askoz ere handiagoa dirudi. Glaziarren artean, Yosemiteko Kapitain bezalako mila metroko jaitsiera bat egin genuen».