
‘Antropozenoaren nostalgia’ ipuin liburua argitaratu berri du Patxi Iturregik, fantasia, zientzia fikzioa eta errealismo gordina nahastu dituela azaldu du ostiral honetan egindako aurkezpenean. Bere helburua «garaiaren holograma bizi bat sortzea» izan dela kontatu du, bizi dugun gizarte kontsumista eta globalizatua islatuz.
Izenburuak berak azalpen bat behar duela iritzita, antropozenoa zer den azaldu du aurkezpenean: «Bizi garen garaiaren izen geologikoa da», esan du, eta egun bizi garen garaian gizakiak «bere arrastoa» utzi duela gaineratu du: «Gizakiak sortutako artefaktu berriak edonon topa ditzakegu».
Ainhoa Lukasek egin du azaleko irudia, eta bi kosmonauta ageri dira teknofosilak aztertu nahian. Etorkizunetik iritsitako kosmonautak direla azaldu du Iturregik eta egungo garaiko teknofosilekin harrituta daudela. Gainera, liburuaren barneko «kutsu futurista» islatzen duela uste du.
Iturregiren arabera, hamasei ipuinek ez dute hari komunik, itxuraz eta moldez loturarik gabeak direla zehaztu du, baina «mosaiko armoniatsu» bat sortu duela hala ere. Liburuko ipuinetan hainbat «distopia eta heterotopia» sortu dituela kontatu du, eta jarraian terminoak azaldu ditu. Batetik, distopiak etorkizuna modu «ezkorrean» irudikatzen duela esan du, eta heterotopiak, berriz, «beren arau propioak dituzten mundu paraleloak» direla argitu du, esate baterako zahar etxeak, museoak, hotelak, hilerriak, kartzelak, taxi autonomoak… Eta bere hainbat istorio halako lekuetan kokatu dituela gaineratu du. Distopien eta heterotopien arteko «hibridazioak» egin dituela ere kontatu du.
«Bikote edota familia harremanek ardazten dituzte istorioak», aitortu du, eta egun «loa kentzen diguten amesgaiztoak edo kezkak» presente daudela gehitu. Guztiak, gaur egunean edota etorkizun hurbilean kokatuta daude.
Egungo paisaia eta etorkizunekoa
Aipatu bezala, ipuin bakoitza «soltea» dela azaldu du idazleak, «erabat autonomoak dira, bonboi edo gaileta surtidoak bezala, gai eta arazo ezberdinak ukitzen ditu bakoitzak». Hala ere, gaurkotasunak eta ironiak lotura ematen diotela aurreratu du, «ipuin bat izan ezik, guztiak dira antropozeno garaikoak».
Ipuin guztiak egunerokotasunetik abiatzen direla kontatu du idazleak, eta gaiei dagokienez globalizazioa, negazionismoa, desinformazioa, ekomonetak, turismo jasangarria, teletransportazioa etabar izan dituela idazgai azpimarratu du.
Etorkizunari begira jarri bada ere, ez duela «kritika moralik» egiten aitortu du, baizik eta «nolakoak garen islatu» duela, eta aurreratu du irakurlea identifikatuta sentituko dela, bai gaur egungo istorioetan, eta baita etorkizunekoetan ere.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

