
Mahai borobil bat mantel zuri elegante batekin, eta gainean, mahai tresnak. Baita Basque Culinary Centerreko auditorioa bete duten 200 pertsonentzat galdera zuzen bat ere: ‘Nork esan du beldurra?’. Astelehen goiz honetan ‘Sukaldeko elkarrizketak 2025’ jardunaldien baitan, zazpi lagun igo dira oholtzara beren beldurren inguruan hitz egitera, eta horietako bakoitzak publikoarekin hausnarketa bat partekatzeaz gain, oholtza gaineko mahaira zerbait igo du, eguerdiko ordubietarako mahaia jakiz betez.
Paco Plazak hainbat beldurrezko film egin ditu, akaso, ezagunenetarikoa ‘[REC]’ izango da, eta bera ausartu da beldurraren definizio bat proposatzen: «Beldurra berezko zirrara bat da, benetako edo irudimenezko arrisku baten pertzepzioaren aurrean sentsazio desatsegin eta bizia izatea du ezaugarri nagusi». Batez ere, irudimenezko arrisku baten aurrean garatutako emozio bat izan daitekeela azaltzean jarri du arreta, «gizakiok irudikatzen dugunaz ere beldurtzen gara, nahiz eta erreala ez izan» zehaztu du. Bere ustez, dituen beldurrek definitzen dute pertsona, «bere gustuek baino gehiago esaten digu zerk beldurtzen duen».
Jon Maia bertsolariak argi du beretzako zer den beldurra, eta halaxe aurkeztu du BCCko auditorioan ere: «Niretzat beldurra gainditu beharreko erronka bat da, eta horrek ekarri nau honaino, egun euskaraz bizi naiz, eta euskaraz eraiki dut nire obra guztia». Eta hori ulertzeko, bere haurtzaro eta nerabezarora egin dugu bidaia, izan ere Maiari asko kosta zitzaion bertso munduan guraso erdaldunak zituela onartzea, «nire ibilbide guztia identitatearekin borroka bat izan da» aitortu du.
Eta azaldu du bere gurasoek bezala, milaka pertsonek migratu behar izaten dutela, eta egungo garaian Euskal Herrira datozenen artean ere hamaika estereotipo gailentzen ari dela: «Beldurra ordea, ezezagutzak ematen du, estereotipoak sortzera garamatza beldurrak, eta horietan kaiolatuta geratzen gara, klitxeak eta sinplismoak pentsamenduaren kaiolak dira». Eta identitate ezberdinen artean «elkarbizitza osasuntsu» bat eraikitze deia egin du oholtzatik.
Tradizioa eta gosea
‘Buruko tradizioak’ izenburua jarri dio Xavier Medina elikaduraren inguruko aditu antropologoak bere hitzartzeari. Tradizioa galtzearen beldurraren inguruan mintzatu da: Zer da tradizionala? Zenbateko sakontasun historikoa behar du zerbaitek tradizionala izateko? Nola sortzen da? Zenbat irauten du? Mutatu daiteke?
Hamaika galdera bota ditu, eta gastronomiari dagokionean, kultura dinamikoa denez, jaten duguna aldatuz doala ondorioztatu du. «Denbora eta kontzientzia kolektiboa behar da tradizioei eutsi eta mutatzeko, gizarteak behar dituen beharretara egokitu behar du tradizioak», azaldu du. Eta «kohesiorako bide bat» izan daitekeela tradizioena gaineratu du, «horregatik ematen digu beldurra tradizioak galtzeak».
Zorrotz mintzatu dira Nuria Teson Ekialde Ertaineko berriemailea eta Andres Torres gerra berriemaile ohia. Beraientzat beldurra gosea da, baina jarraian argitu du Tesonek: «Baina guk ez dakigu zer den gosea edota goseari beldurra izatea». Torresek irmo hartu du hitza segidan «niri beldurra ematen didana goseak dauden familia horien alde ezer egiten ez duen jendea da».
Tesonek adierazi du gatazka testuinguruetan gauza askok eman dezaketela beldurra, baina gosea horietako nagusiena dela, eta bere ustez gerra testuinguruan janaria lortzea zeinen zaila den kontatu behar da. Gainera, gastronomia ere tradizioa da bere ustez, kulturarekin eta identitatearekin lotutako zerbait, «eta beraz, elikagaiak kentzearekin identitate bat ere kentzen ari zara».
Apaizak eta nutrizionistak
Gaur egungo apaizak omen dira nutrizionistak, jendea zigortzen dute, zer egin esaten dute, eta guztia dakite; halaxe esan zioten Juan Revenga Iruñeko nutrizionistari. Bera ez dago ados, eta bere beldur handiena jakintza galtzen eta beste batzuengan «itsuan sinesten» ari garela da: «Lehen bagenekien zer jan, baina orain sare sozialek esan behar digute zer jan behar dugun».
Bere ustez, elikagaien inguruan «berriro alfabetatu» behar da gizartea, eta orain arte belaunaldiz belaunaldi igarotako jakintza galtzearen lau arrazoi jarri ditu mahaigainean: Tradizioekiko deskonexioa, «non galdu dira merkatuak? egin du galde; bigarrenik «marketing bortitza» deiturikoa; jakintzaren fragmentazioa, batez ere sare sozialei dagokiona; eta laugarrena, deskonfiantzaren garaian bizi garela.
Amaitzeko, Greta Alfaro artista bisuala igo da oholtzara, jende oldeari edota iluntasunari beldurra izatearen inguruan hitz egin du. Iluntasunean agertutako animali batek oinez doan gizaki bat akabatu eta jateak beldurra sor dezakeela aitortu du, baina baita gizaki batek beste gizaki bat jateak ere, eta metafora bat dela argitu du jarraian: «Sistema kapitalistaren metafora bat da, ni handitu nadin ez zait inporta parekoa jan behar badut ere, horrela bizi gara».

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

