NAIZ

Jokin Onaindiak jantzi du txapela Arabako Bertsolari Gaztetxoen Eskolartekoan

Larunbat honetan jokatu da 30. Arabako bertsolari gaztetxoen Eskolarteko finala Aramaioko Kultur Etxean. Jokin Onaindia izan da puntu gehien lortu dituena eta June Astegietarekin batera ordezkatuko du Araba Arantzako Euskal Herriko Eskolarteko finalean.

Arabako Eskolarteko finala.
Arabako Eskolarteko finala. (Arabako Bertsozale Elkartea)

30.Arabako Bertsolari Gaztetxoen Eskolarteko finalean 14 eta 18 urte bitarteko sei bertsolarik jardun dute kantuan: Anitz Abarrategi, Garai Agirre, Jokin Onaindia, June Astegieta, Maia Ortiz de Zarate eta Urko Lafuente, gai jartzaile Peru Abarrategi zutela.

Zortziko handian bina bertso kantatu dituzte, batxilergoko notak, zortzimilako mendietara espedizioak eta gurasoak kantagai. Zortziko txikian eta umoretsu, udalekuen, jatetxe exotikoen eta aita-alaben arteko elkarrizken inguruan jardun dute. Ondoren, bakarka puntuei erantzun eta gai baten inguruko bertso bat bota dute.

Epaimahaia Ekaitz Samaniego, Endika Jimenez, Aitor Jimenez eta Egoitz Martinez de Albenizek osatu dute. Haien puntuazioaren ondorioz, Jokin Onaindiak jantzi du txapela eta ekainaren 14an Arantzan kantatuko duu June Astegietarekin batera Arabako ordezkari gisa Euskal Herriko Eskolarteko finalean. Bertsozale Elkarteak Arabako bertsozale guztiak gonbidatu ditu bertara.

Aroa Arrizubieta Arabako txapeldunakk izan du Onaindiari txapela janzteko ardura, eta urtero txapeldunarengandik txapeldunarengana igarotzen den egurrezko mikrofonoa ere eman dio. Txapeldunak honako agurra bota du: «Zapatu arrratsalde honetan/ ekintzau abesteari/ ta urtez urte nibela igo dala/ hori bai dala nabari/ kaixo esango diot gaurkoan/ nik Euskal Herrikoari/ mila esker eta muxu handi bat/ etorri den jendeari»

Bertsozale elkarteak, halaber, eskerrak eman dizkie Aramaioko Udalari eta Ikastolen Elkarteari «Eskolartekoa aurrera ateratzen laguntzeagatik», eta zorionak Arabako bertso-eskolei «astez-aste, urtez-urte egiten duten jardunagatik».