
Banpiro literaturaren aitzindaritzat hartzen da ‘Carmilla’, Sheridan Le Fanu idazle eta kazetari irlandarrak idatzia eta, Igela eta Ereinen Literatura Unibertsala bildumari esker, orain euskaraz ere irakur daitekeena. Maialen Berasategik ekarri du euskarara.
Liburua astearte honetan aurkeztu dute Donostian eta Inazio Mujika editorea izan da hitza hartzen lehena, autorea aurkezteko. Hala, besteren artean gogora ekarri du Le Fanu Dublinen jaio zela 1814an eta 1873an zendu zela, aita irlandar elizako apaiza zuela eta Trinity College entzutetsuan Zuzenbidea ikasi bazuen ere gazterik hasi zela hainbat literatura aldizkaritan kazetari lanetan. Horietan hasi zen kontakizun gotikoak argitaratzen, izua eragitekoak gehienak. Hil baino urtebete lehenago argitaratu zuen ‘Ispilu ilun batean’ (‘In a Glass Darkly’) bost kontakizuneko bilduma, eta horietako bat da ‘Carmilla’, bere kontakizunik ezagunena.
«‘Carmilla’ hartzen da banpiroak protagonista dituen literaturaren aintzindaritzat», nabarmendu du Mujikak. Izan ere, Bram Stokerren ‘Drakula’ baino 25 urte lehenago idatzia da. Eta kontakizunaren nondik-norakoak ere aipatu ditu: aitarekin batera Austriako Estiria eskualdeko gaztelu isolatu batean bizi den Laura da protagonistetako bat. Egun batean, zalgurdi batek istripua izango du gaztelu atarian eta bertan doan Carmilla gaztea, zauriturik dagoenez, gazteluan geratuko da. «Harreman bat sortzen de Laura eta Carmillaren artean, erakarmen sentsual handi bat. Desira homoerotikoari buruzko liburu bat ere bai baita. Liburu honetan aurkituko du irakurleak literaturako banpiro liluragarrienetako bat, aurkituko ditu maitasuna eta izua eskutik helduta basoko iluntasunean, aurkituko du ilunpeko sekretu bat eta xarma mortala duen bisitari bat. Banpiro literaturaren klasiko bat da», ziurtatu du editoreak.
Paisaian pintoreskoak
Sarrera eginda, Berasategik hartu du hitza, liburuaren gaineko xehetasun gehiago emateko. Liburua nobela labur edota kontakizun luze bezala har daitekeela esan du, eta Austriako bihotz berdean girotua dagoela zehaztu, herrixka pintoresko batean. Azaldu duenez, aitaren lanbideagatik eskualdeko hainbat herrixka ezagutu zituen Le Fanuk, paisaia pintoreskoetan hezia izan zen. «Hango paisaietan, gaur gotikotzat jotzen ditugun horietan inspiratu omen zen bere istorioak idazteko. Bere unibertso gotikoa bere inguruko bizitzatik hartu zuen», zehaztu du.
Zentzu horretan, kontakizunaren eszenatoki den gazteluaz ere mintzatu da. «Gaztelua da denok buruan dugun gaztelu hori, bere dorre eta dorretxoekin, bere zubi altxagarriarekin, bide sigi-sagatsua inguruko baso sarrian ezkutatzen dena...», deskribatu du, eta bertan aita-alabek bizimodu patxadatsua daramatela esan du, «patxadatsuegia agian Lauraren gaztetasun irrikatsurako».
Izurri misteriotsu baten eraginez emakumezko asko hiltzen ari direnaren zurrumurrua iritsiko zaie eta, hain justu, une horretan sartuko da beren bizitzetara Carmilla. «Instantean Laurari eta neska iritsi berriari elkarren oroitzapen lauso bat piztuko zaie eta elkarrenganako lilura bizi bat ere bai, nahiko siniestroa», aurreratu du Berasategik.
Kontakizuna Bran Stokerren ‘Drakula’-rekin ere alderatu du itzultzaileak. «Alderik nabarmenena banpiroaren izaera bera da. Le Fanuren banpiroa da giza eite nahiko normaleko kreatura, itxuraz nahiko xaloa, ahula, gaixobera, ezin ederragoa eta emakumezkoa, noski. Pertsonaia anbiguoa da, toles handikoa eta kontraesanez betea», deskribatu du. Kontrara, Stokerrena «tradizio zaharragoko edo tipikoagoko banpiro munstro gizonezkoa» dela esan du, «eta nik ez dizkiot horrenbeste toles ikusten».
Banpiroa emakumezkoa izateaz gogoeta ere egin du Berasategik, Le Fanuren hautua ez zela ausazkoa izango ondorioztatuz. «Bi protagonistak emakume desiratu eta desiragarriak dira, eta biak dira desiratzaileak. Nahiko subjektu aktiboak dira eta garai hartan desiraren irrika erakusten zuten emakumeak ez zeuden ondo ikusiak», hausnartu du, eta gaurko optikatik begiratuta desira homoerotiko hori «apurtzailetzat» har badaiteke ere emakumezkoen «sasiamodioak» garaiko literaturan ohikoak zirela ekarri du gogora, «benetako maitasuna» gizonezkoei erreserbatua baitzegoen.
«Erraz lerra gaitezke begiratzera banpiro honen perbertsioa askapen gisa planteatua dagoela, halaxe iradokitzen dute istorio honetaz egin diren hainbat egokitzapenek eta ez da zilegi interpretazio hori, baina guztiz kontrakoa ere interpreta daiteke: autorearentzat anomalia bat dela. Deuseztatu beharreko izurri bat», ondorioztatu du.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

