NAIZ

Lakuak «eskola publikoa eraldatzeko» lehen plana aurkeztu die ikastetxeei

‘Euskal Eskola Publikoa Eraldatzeko I. Plan Estrategikoa’ martxan jarriko dute aurki; asteazken honetan aurkeztu die Begoña Pedrosa Lakuako Hezkuntza sailburuak ikastetxe eta hezkuntza eragileei.

Pedrosa sailburuak aurketzu du plana.
Pedrosa sailburuak aurketzu du plana. (Irekia)

Begoña Pedrosa Lakuako Hezkuntza sailburuak 2025-2028 aldirako ‘Euskal Eskola Publikoa Eraldatzeko I. Plan Estrategikoa’ aurkeztu die asteazken honetan plana egiten parte hartu zuten ikastetxeen eta hezkuntza komunitateko eragileei. Planaren norabidea eta oinarria landu dutela jakinarazi du Lakuak hedabideei helarazitako ohar baten bidez.

Ekitaldira hurbildu direnek mahai-inguru batean hartu dute parte, entzundakoaren inguruan gogoeta egiteko. Pedrosak nabarmendu du plan berria «konpromiso partekatu eta iraunkorra» dela, «ikastetxeetako bizitza hobetzea eta eskola publikoa barrutik indartzea bilatzen dituena».

Bilbon egindako aurkezpenean sailburuak planaren printzipioak, helburu estrategikoak eta jarduera ildo nagusiak azaldu ditu, eta azpimarra berezia jarri du zenbaitetan: «Bere izaera eraldatzailea, ikuspegi pedagogikoa, euskal hezkuntza sistema publikoa eta ikasleen emaitzak etengabe hobetzeko konpromisoa eta hezkuntza komunitate osoaren inplikazioa».

Planaren «inplementazioaren etapari» hasiera eman diotela asteazken honetako topaketarekin azaldu du Pedrosak. Aurreikuspenen arabera, datozen asteetan Hezkuntza Sailak sare publikoko zuzendaritza taldeentzako informazio saioak egiteko egutegia aktibatuko du «proposamenak jaso eta ikastetxeetan plana errotzeko».

Hamar ardatz

«Ikuspegi partekatu hori ikasgeletan eguneroko errealitate bihurtzea da orain helburua», esan du Hezkuntza sailburuak. «Badakigu eskola eraldatzeak ezagutza, konpromisoa eta konfiantza behar dituela, eta bide hori elkarrekin egiteko gonbidapena da plan hau», berretsi du.

Azaldu du Plan Estrategikoa hamar ardatzetan egituratuko dela, eta oinarri dituela «ekitatea, berrikuntza pedagogikoa, irakasleen sustapena, hezkuntza lidergoa, etengabeko hobekuntza eta ikasleen ongizatea». Gaineratu du Lakuak «inoiz izan duen hezkuntza aurrekonturik handiena» izango duela, baita ebaluazio sistema ere.

Ondu duten plana Hezkuntza Lege berria hedatzeko funtsezko oinarria dela ohartarazi du, eta Pedrosak mezu zuzen bat helarazi die ikastetxe publikoei eta hezkuntza komunitate osoari: «Gaur Euskal Eskola Publikoaren etapa berri bati hasiera emango diogu. Etapa hori urratsez urrats eraikiko da, erabakiz erabaki, ikasgelaz gela. Norabidea argi dago, eta Saila zuen ondoan ibiliko da: entzuten, aholkuak ematen eta beharrezko baliabideak ematen».