NAIZ

Miren Arzalluz Guggenheimeko zuzendariak eskainiko du EHUren Uda Ikastaroen irekiera hitzaldia

EHUren 44. Udako Ikastaroen inguruko zehaztasunak eman dituzte asteazken goiz honetan Donostiako Miramar jauregian. Miren Arzalluz arduratuko da uztailaren 2an irekiera hitzaldia egiteaz, eta orotara 152 ikastaro antolatu dituzte.

UIKren 44.edizioaren nondik norakoak aurkeztu dituzte asteazken honetan, Donostian.
UIKren 44.edizioaren nondik norakoak aurkeztu dituzte asteazken honetan, Donostian. (Jon Urbe | FOKU)

UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) agerraldia egin du asteazken honetan jada abiatu berri diren Udako Ikastaroen berri emateko. Miren Arzalluz arte historialari eta Bilboko Guggenheim museoko zuzendari nagusiak eskainiko du 44. edizioaren irekiera hitzaldia uztailaren 2an Donostiako Miramar Jauregian. Bestalde, aurtengoan, Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako ikastaroak zein hezkuntzako profesionalei zuzenduriko programa bereziak izango direla gaineratu dute.

Miramar Jauregian egin den ekitaldian Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektoreak, Juan Ignacio Perez Lakuako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburuak, Begoña Pedrosa Lakuako sailburuak, Juana Goizueta UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak eta Idoia Otaegui UIKko zuzendari akademikoak hartu dute parte.

Uda Ikastaroak jada abian direla azaldu dute, eta irailaren amaiera bitartean 152 Uda Ikataro eta 14 «workshop» programatu direla esan dute. Ohi bezala, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Baionan egingo dira jarduera gehienak. Baina hirietatik harago, «lurraldean zehar ibiltari izateko helburua oinarri» beste hainbat toki ere zapalduko dituzte ikataroek: Ataun, Auritz-Burguete, Azkoitia, Beasain, Elgoibar, Gernika-Lumo, Ispaster, Miñao Gutxia, Lekeitio, Lesaka, Oñati, Zerain eta Zubietara hedatuko da eskaintza.

Hezkuntzako kidegoari bideratutako eskaintza

Hezkuntzako profesionalei zuzenduriko programa bereziak izango dira, Hezkuntza Sailak UIKrekin elkarlanean sustatzen ditu ‘Irakasteko ikasten’ programa, hezkuntza-zentroetako irakasleei zuzendua, eta ‘Ikasiz Hezi’, etengabeko prestakuntza-plana, unibertsitatez kanpoko irakasleei zuzendua. Lehen programaren kasuan aurtengoa 25.programa izango da, eta 16 ikastaro eskainiko dira.

UIK-ko arduradunen esanetan «garaiko desafioak oinarri harturik» askotariko gaiak izango dira hizpide. «Ziklo estrategikoetan ardaztu dira ikastaroak, eta aurtengo eskaintzan bereziki nabarmendu dira Kultura eta Artea zikloari loturiko ikastaroak, hala nola Gizartea, Osasuna, Hezkuntza, Zuzenbidea, Ekonomia eta Enpresa zein Zientzia eta Teknologiari dagozkionak», zehaztu dute.

Jose Antonio Lozano Alonsok eskainiko du Ricardo Echepare konferentzia zikloaren bigarren hitzaldia iraileko bigarren hamabostaldian, data laster jakinaraziko dutela aurreratu dute. Konputazio Zientziako eta Adimen Artifizialeko katedraduna da UPV/EHUn, eta Matematika Aplikatuko Euskal Zentroko (BCAM) zuzendari zientifikoa. Adimen artifizialaren eta datu-zientziaren alorrean ekarpen nabarmenak egin ditu eta 2024ko Euskadi Ikerkuntza Saria jaso zuen.