NAIZ

Ezagutzaren aldeko apustua egiteko gonbidapena EHUko Uda Ikastaroetan

Zabalik da aurtengo EHUko Uda Ikastaroetan izena emateko epea. Aurkezpenean nabarmendu dute askotariko eskaintza prestatu dute aurtengo ediziorako, elkarbizitza, demokrazia, parte-hartzea, kolektibitatea eta talde lana azpimarratzea xede.

Zabalik da udako ikastaroetan izena emateko epea.
Zabalik da udako ikastaroetan izena emateko epea. (Oskar MATXIN | FOKU)

Uda Ikastaroen 44. edizioaren aurkezpena egin dute gaur Bilbon, BBVA Fundazioaren egoitzan. Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak, Laura Poderoso BBVA Fundazioaren zuzendariordeak eta Idoia Otaegui Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak 2025eko edizioari buruzko argibideak eman dituzte.

Ekainaren hasieratik irailaren amaiera bitartean 152 Uda Ikastaro eta 14 ‘workshop’ programatu dituzte. Eskaintza kopuruaren araberako hurrenkeran, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Baionan izango da jarduera multzorik handiena. Hirietatik harago, Uda Ikastaroak lurraldean zehar ibiltari izateko helburua oinarri, Ataun, Auritz-Burguete, Azkoitia, Beasain, Elgoibar, Gernika-Lumo, Ispaster, Miñao Gutxia, Mutiloa, Lekeitio, Lesaka, Oñati, Zerain eta Zubietara hedatuko dute eskaintza.

Bengoetxea errektoreak nabarmendu duenez, «bizi ditugun garaiotan geroz eta garrantzia handiagoa hartzen du ezagutzaren aldeko apustuak». Gaineratu duenez, «apustu horrek markatzen du diferentzia, eta oinarri zientifikoa duten egiaztatutako datuak ere ezbaian jartzen diren garaiotan, inolako oinarririk gabeko argudioak bolo-bolo zabaltzen diren egunotan, ezinbestean jarraitu behar dugu ezagutzan sakontzen».

Ezagutzaren dibulgaziorako elkargunea

EHUren Uda Ikastaroak Fundazioaren urte luzetako eskarmentuari eta jakintzaren esparruan lanean ari diren mota guztietako erakundeekin eta norbanakoekin eraikitako elkarlanari esker, Uda Ikastaroak gizartearen erronken inguruko dibulgazio, eztabaida eta gogoetarako erreferentziazko elkargune bihurtu direla azaldu dute aurkezpenean.

Laura Poderoso, BBVA Fundazioaren zuzendariordeak azpimarratu duenez, «BBVA Fundazioarentzat, EHUren Uda Ikastaroak babestea gizartearentzat funtsezkoak diren balioak ordezkatzen dituen espazio baten aldeko apustua da».

Idoia Otaegui UIKko Zuzendari akademikoaren hitzetan «ezagutzaren aktibistak aurrez aurre elkartu nahi ditugu eta informazio objektibo, erreal eta kritikoaren aldeko pausoa emateko gonbidapena egin nahi dugu, kontuan hartuz ezagutzaren alde norbanakook egiten ditugun apustu pertsonalek kolektibo osoan eragiten dutela».

Askotariko eskaintza

Garaiko desafioak oinarri harturik, askotariko gaiak izango dira hizpide Uda Ikastaroetan. Ziklo estrategikotan ardaztu dira ikastaroak, eta aurtengo eskaintzan bereziki nabarmendu dira Kultura eta Artea zikloari loturiko ikastaroak, hala nola Gizartea, Osasuna, Hezkuntza, Zuzenbidea, Ekonomia eta Enpresa zein Zientzia eta Teknologiari dagozkionak.

Matrikulazio epea zabalik da dagoeneko, eta ikastaro bakoitza hasi arte izena emateko aukera izango dute interesatuek, www.uik.eus webgunean.