Alberto Matxain
Iritzi arloko erredaktorea / Redactor de la sección de Opinión
Interview
Oier Santamaria Remon
Historialaria

«1965-70tik aurrera, errepresioa berdina izanik, jendea antolatzen eta borrokan hasi zen»

Nafarroako Oromen Historikoaren Dokumentazio Funtsak nafar jendarteak diktadurapean jasandako errepresioa ikertzen du. Apirilean, Oier Santamaria historialariak sinatutako ‘La represión de la Navarra LGTBI en el franquismo. Análisis de testimonios orales y de nuevos documentos’ argitaratu zuen.

Oier Santamaria historialaria.
Oier Santamaria historialaria. (Iñigo URIZ | FOKU)

Oier Santamariak Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasi zuen eta bere Master Amaierako Lana, 'Sufrir, luchar y vivir: represión y conquistas del colectivo LGTBI en el tardofranquismo y la Transición', entregatu berri du. Apirilan gaiari buruzko ikerketa argitaratu zuen NUPen “Recuperando Memoria Berreskuratzen” proiektuaren baitan. Ikerketa hau gaiari buruz argitaratu den lehenetarikoa da. 

Deigarria da hainbeste urte pasata ez egotea gaiari buruzko ikerketarik.

Ez dakit zergatik gertatu den. Nik beti esaten dut ikertzen edo sortzen dugun guztia izan behar dela jasotako zerbaiten bueltan, eta egia da nik asko jaso dudala LGTBI kolektiboarengandik. Orduan, norabide horretan ikertu nahi nuen. Agian ez zaio beste pertsona bati okurritu egitea.  

Hortaz, zure lana abiapuntu bat ere bada.

Gaia ikertzen hasi nintzenean, nire helburua ez zen soilik historialariek ulertuko zuten lan bat idaztea. Nik uste dut historia gizartearentzat egiten dugula. Zerbait hastea pentsatu nuen, nire ostean datozenek oinarri bat izan dezaten, baina baita publikoak irakurri ahal izateko ere.

Ze zailtasunekin egin duzu topo?

Zailtasun asko aurkitu ditut. Hasteko, artxibategietara sartzeko. Artxibategi batzuk Datuen Babeserako Legearen interpretazio nahiko murritza egiten dute, eta, horrela, ia artxibategi guztietan sarbidea ukatu didate. Salbuespen bat Kataluniakoa da. Badaude pare bat kasu, nafarrenak, baina Katalunian gertatutakoak, hara joan baitziren bizitzera. Nafarroan emandako kasuak berez Zaragozan epaitzen ziren, eta Zaragozako artxibategian ezin izan nintzen sikiera sartu. Bilbokoan pixka bat errazagoa izan zen, zenbait informe ikusi ahal izan nituen, baina ez dakit informe horiek kasuen %1a, %10a edo %50a diren. Gainera, informearen parte garrantzitsuak tatxatuta zeuden. Izenak ezin izan nituen irakurri, adinak normalean ere ez. Ikerketa zaila izan zen.

Eta hori zergatik?

Nik beti esan dut espainiar Estatuari ez zaiola interesatzen orokorrean trantsizioaren beste errelato bat aipatzea. Trantsizioa beti aipatzen dute akordio superpolit bat izango balitz bezala. Baina LGTB oinarrizko eskubideak ez ziren 1989-1990. urtetara arte lortu. Eta horrek ez du oso ongi enkajatzen espainiar Estatuaren logikan edo errelatoan. Bestalde, Zaragozan PP eta Vox gobernatzen dutela, agian zailagoa da horrelako ikerketak bultzatzea. Kasualitatez, ikertu ahal diren nagusienak Kataluniakoa, Bilbokoa eta Kanarietakoa dira, ez direla justu espainiar Estatuaren logika jarraitzen duten lurraldeak eta artxibategiak.

«Artxibategi batzuk Datuen Babeserako Legearen interpretazio nahiko murritza egiten dute, eta, horrela, ia artxibategi guztietan sarrera debekatu didate»

Nolakoa izan zen orokorrean diktaduraren errepresioa LGTBI pertsonen kontra?

Diktadura gogorra izan zen LGTBI kolektiboarekin, baina errepresioa ez zen espreski haien kontrakoa izan. Moral katolikoaren eta diktaduraren aurka zihoan guztiaren kontrakoa izan zen. Homosexualitatea ‘Vagos y Maleantes’ izeneko legean sartu zuten, baita «inbertsioa» deitu zutena ere, baina baita eskaleak ere. Kondenatutako gizonak nekazal kolonietan sartu eta lana eginarazten zieten, lanak «gizon» bihurtuko zituenaren ideiarekin. Toki batean bizitzea debekatzen zieten eta zaintzapean zituzten. Baina LGTBI pertsonek, epaitegietara iritsi gabe ere, errepresio soziala eta ekonomikoa ere sufritu zuten. Garrantzitsuena ostrazismo soziala izan zen. 

Nafarroara etorrita, errepresioa berezia izan zen?

Berezia ez. Agian Nafarroan berezia izan zena errepresio soziala izan zen, 1940 eta 1950eko hamarkadan gehienbat, gero Nafarroa asko aldatu baitzen. Kasik 180 gradutako buelta bat eman zuen. Nafarroa trantsizioan izugarri iraultzailea izan zen. Baina frankismoaren lehen hamarkadetan Iruñean errepresio soziala oso kañeroa izan zen. Badugu bertako militar baten kasu bat, nahiko frankista zena. Bere familia elkarrizketatu zenean aipatzen zuten militarrek, bere ideologikoak zirenek, jazarri zutela. Bere ilobak komentatzen zuen Iruñeko kale nagusitik denda batera joan eta esaten ziotela: «zu marikoi honen iloba zara». Nafarroan artxibategi gehienetan ez dugu oraindik ikertu, baina sozialki oso gogorra izan zen hemen bizi zen jendearentzat.

«Kondenatutako gizonak nekazal kolonietan sartu eta lana eginarazten zieten, lanak 'gizon' bihurtuko zituenaren ideiarekin»

Lanean lotsarazpena aipatzen duzu tresna bezala kolektiboaren kontra.

Askok aipatzen dute Parisera joan zirela, baina han oso zaila da informeak aurkitzea. «sexilioa» lantzeko dugun modu errazena Bartzelonako artxibategiak dira. Irekiak dira, edonork kontsultatu ditzake. Logikoa zen: komunitate nahiko txiki batean bizita, non denek elkar ezagutzen zuten, oso zaila zen LGTBI kolektiboaren parte izatea. Nafarroak aurrerapauso handiak eman ditu, baina gaur egun oraindik bere komunitatea sexiliora bultzatzen du. Agian legalki bai, baina ez dugu hainbeste aurrerapausorik eman.


Jasotako informazio gehiena gizon homosexualen kontrako errepresioari buruzkoa da. Zer bizi izan zuten lesbianek?

Ziur aski ez zuten errepresio legal handirik sufritu, ez baitzen kontsideratzen sexualitatea zutenik. Frankismoak ezin zuen imaginatu emakumeak sexualitaterik zutenik eta are gutxiago gizon bat gabe. Ziur aski, haientzat zailena izan zen lehen mugimenduak osatzen hasi zirenean, 1974-1975. urteetan, ez zutela haien tokia aurkitzen. Gizon homosexualek, haien esperientzia oso gogorren ondorioz, eztabaida monopolizatu zuten. Honek deserosotasunak eragin zituen lesbianen artean eta mugimendu feministan lesbianismoaren komisioak sortzea erabaki zuten. Zaila izan zen haientzat haien lekua aurkitzea.

Trans pertsonek zein errealitate bizi izan zuten?

Hasteko, oso zaila da ikertzeko. Frankismoak ez zuen gaur egun erabiltzen dugun terminologia erabiltzen, eta are gutxiago trans pertsonei begira. ‘Inbertituak’ ziren. Orduan, askotan zaila egiten zaigu dokumentuan ulertzea zertaz ari garen. Transexualitate kasu bat den edo sinpleki rol maskulinoa betetzen ez zuen pertsona bat. Badugu kasu oso zehatz bat hemen Nafarroan, ‘La Encarna’ goitizeneko pertsona batena. Ez dugu izena ezagutzen. Bartzelonan prozesu penala pasatu zuen ‘Ley de Vagos y Maleantes’ delakoa aplikatuta. Nafarroan ere pasa zuen, Bartzelonako artxibategiko informean agertzen da Nafarroan behin atxilotua izan zela, baina informe hori ez dugu. Baina bueno, afera da frankismoak ez ziola garrantzi ematen terminologiari. Guztiak ‘inbertituak’ ziren eta errepresio bera aplikatzen zien gizon homosexualei eta pertsona transexualei, ez baitzuen ulertzen desberdinak zirenik. Frankismoarentzat moral katolikoaren aurka zihoan zerbait ziren. Hasierako urteetan, suntsitu beharreko gauza bat, eta 60ko hamarkadatik aurrera, sendatu beharreko zerbait.

«Nafarroak aurrerapauso handiak eman ditu, baina gaur egun oraindik bere komunitatea ‘sexiliora’ bultzatzen du»

Ezkerraren baitan ere izan ziren jarrera homofoboak.

Bai. XX. mendeko ezkerra nahiko kañeroa izan zen LGTB komunitatearekin. Progresismoaren ideia oso berria da, ia XXI. mendekoa. Nafarroan bere garaian LKI zegoen, baita ezker abertzale inguruko jendea ere. Pauso hori oso goiz eman zuten. Alderdi Komunistak eta Sozialistak beranduago eman zuten, kaleko presioak behartuta. Santiago Carrillok bere alderdiaren baitan homosexualitatea despenalizatzea proposatu zuen, tentsio izugarri handiekin. Azkenik, sozialistek despenalizatu zuten, bestela komunistek egoera kapitalizatuko zutelako. Oso gogorra izan behar da zure mugimenduaren, zure espazio seguruaren baitan jarrera zehatz batzuk aurkitzea. Adibidez, Txaro Berzosak (Tuterakoa, Nafarroako LGTBI mugimenduaren aitzindarietako bat), aipatzen zuen ez ziotela uzten gazteen zelulak gidatzen, nolabait «kutsatu» behar zituelako. 70eko hamarkadan. Oso gogorra izan behar da askatasunaren alde borrokatzea frankismoan eta trantsizioan, baina zure jendearen partetik ere horrelako jarrerak sufritzea. Errepresioa kalean, baina baita etxean ere.  

Noiz eta nola sortu ziren Nafarroako lehen LGTBI mugimenduak?

Oso goiz. Comite de Homosexuales de Navarra izenekoa oso gutxi ziren, baina Estatu mailan bigarrena izan zen, Front d’Alliberament Gay de Catalunyaren ostean. Kolektibo hauek edo talde hauek modu estraofizialean eta nahiko goiz sortu zien. Eta horrek zerikusia izan zuen Nafarroa bizi zuen mugimendu sozialen loraldiarekin. Nafarroa frankismoaren aurkako borrokaren pieza klabea bilakatu zen. Bertan dena izan zen goiztiarra. Denborarekin, LKIn integratu ziren.

Koordinadora Feministaren kartela, 1980. urtekoa (INAI-NABI)

Nafarroan ospatu zen lehen Harrotasunaren Eguna Estatuko lehenetarikoa izan zen.

Bai, oso goiz izan zen [lehena Tuteran 1979an ospatu zen, eta, Iruñean, 1982an]. Iruñean 600 pertsona bildu ziren. Tuterako emakumeen Asanbladak eta Nafarroako Komisio Feministak joateko deia egin zuten, eta ezker abertzaleak ere nolabait babestu zuen. Ez zuen zuzenean manifestaldian parte hartzera deitu, baina parte hartu zuen ia jende guztia ezker abertzalekoa zen, baita LKIkoa ere.

Nola laburbilduko zenuke LGTBI kolektiboko nafarren bizitza frankismopean?

Alde batetik, gure ikuspuntutik pixka bat erromantikoa, klandestinoa. Adibidez, Txaro Berzosak aipatzen zuen haien lehenengo bilera Tuterako hilerriaren aurrean izan zela, lau pertsona kotxe batean. Edo festa egitera Bilbora joaten zirela, Nafarroan ezin zutelako inon egin. Ate batean jo behar izaten zuten, pasahitz bat baitzegoen. Nire ustez, erromantikoa eta, noski, oso gogorra izan zen. Ez dut gauza bat eta bestea desberdindu nahi.

Egon ziren frankismo guztia edo ia guztia bizi izan zutenak. Ziur aski 1965-70tik aurrera, errepresioa berdina izanik, jendea antolatzen, mugimenduak sortzen eta borrokan hasi zenean. Haien bizitzek oso gogorrak izaten jarraitu zuten, eta ez soilik trantsizioan, demokraziaren zati handi batean ere bai. Baina haiekin hitz egitean, urte haietako ilusioa aipatzen dute. Oso pozik oroitzen dute garai hori, errepresio kasu gogorrak egonda ere.