NAIZ

Gaztenpresa Fundazioak 348 negozio berri bultzatu ditu 2024an

Laboral Kutxaren Gaztenpresa fundazioak 348 enpresa sortzen lagundu zuen joan den urtean. Enpresa horiek 696 lanpostu berri sorrarazi zituzten. Era berean, astearte goizean 2024ko txostena aurkezteko ekitaldian, ‘Legado’ programa berria aurkeztu dute.

Ezkerretik eskumara Ibon Urgoiti, Francisco Pedraza eta Inma Ramos Laboral Kutxako Bilboko lurralde-egoitzan egindako agerraldian.
Ezkerretik eskumara Ibon Urgoiti, Francisco Pedraza eta Inma Ramos Laboral Kutxako Bilboko lurralde-egoitzan egindako agerraldian. (Laboral kutxa)

Gaztenpresaren 2024ko txostena aurkeztu dute astearte goizean Laboral Kutxako Bilboko lurralde-egoitzan. Jakinarazi dutenez, Gaztenpresa fundazioak 348 enpresa eratzen lagundu zuen 2024an, eta enpresa horiek 696 lanpostu berri sortu zituzten. Bertan izan dira Ibon Urgoiti Gaztenpresako lehendakaria, Inma Ramos Gaztenpresako zuzendaria eta Francisco Pedraza Lanbideko zuzendaria.

Urgoitik nabarmendu duenez, Gaztenpresa fundazioak, 1994an sortu zenetik, 7.246 enpresari lagundu die abian jartzen, eta, guztira, 13.371 laguni eman diete lana. Fundazioko lehendakaria pozik azaldu da eskainitako datuekin: «Pertsonak ezinbesteko elementuak dira proiektuak bide onetik joan daitezen eta denborarekin finka daitezen; horregatik, Gaztenpresan ahalegin handiak egiten ditugu, pertsonei euren bidean laguntzeko, negozioa abian jarri ondoren ere».

Ildo horretatik, datu «adierazgarri bat» azpimarratu du Urgoitik: «Gure Fundazioak babestutako enpresen biziraupen-tasa %77tik gorakoa da 5 urte igarotakoan; orokorrean, ordea, batez besteko tasa ez da %50era iristen».

Bere aldetik, Francisco Pedraza Lanbideko zuzendariak bi erakundeen arteko «sintonia ona» azpimarratu du: «Lanbidek Gaztenpresa bezalako ekimenekin duen konpromisoa indartzen du. Hain zuzen, Legegintzaldia hasi zenetik, duela urtebete, ekaineko urte arteko langabezia-tasa %2,8 jaitsi da, 2.976 pertsonatan».

Guztira, 1.521 eskaera

Aurkezpen ekitaldia aurrera zihoala, beste datu batzuk aipatu dituzte; guztira, 1.521 eskaera jaso ziren iaz. Azaldu dutenez, prozesua hasteko, ekintzaileak bere ideia aurkezten du. Ondoren, ideia hori benetako negozio-aukera den aztertzen du Gaztenpresako lantaldeak. Azterketa horren ondorioz, ezetsi egiten dira bideraezintzat jotzen diren proiektuak, eta bertan behera uztea gomendatzen zaio ideiaren sustatzaileari. Puntu horretan, garrantzi berezia hartzen du Negozio Plan deritzonak, funtsezko tresna baita enpresa bat abian jartzeak dituen inplikazioak ulertzeko.

Haatik, ​​bideragarritzat jotzen diren proiektuak finantza-egitura egokia bilatzeko etapara igarotzen dira. Proiektu bakoitzeko batez besteko inbertsioa 104.070 eurokoa da, eta, aitortu dutenez, iaz emandako maileguen batez besteko zenbatekoa 53.904 eurokoa izan zen. «1994az geroztik, 216 milioi eurokoa izan da emandako maileguen zenbateko agregatua», gaineratu dute.

Ondoren, fundazioa elkarlanean aritzen da enpresa berriekin: «Gaztenpresak beharrezko tramiteak egiten laguntzen du, hala nola baimenak, errentamendu-kontratuak, hornitzaileen kudeaketa eta abar. Era berean, aholku ematen du dirulaguntzak jasotzeko dauden aukera desberdinei buruz».

Zerbitzuen sektorea, nagusi

Profil estandar zein den azaldu dute gaurko ekitaldian. Gehienbat, erabiltzaileek sortutako enpresak zerbitzuen sektorekoak dira (%80). Ekintzaile gehienak gizonak dira (%56) eta batez beste 39 urtekoa. Ikasketarik gabeko erabiltzaileak ere nagusitzen dira (% 77).  

Enpresa berrien forma juridikoari dagokionez, %72 enpresaburu indibidualak dira eta %28 sozietateak (% 85 sozietate mugatuak,eta % 15 kooperatibak).

‘Legado’ programa berria

Gaurko ekitaldian ezagutarazi dutenez, Gaztenpresak ‘Legado’ programa berria jarri du martxan «negozioen transmisioan eta jarraipenean laguntzeko». Horrela, negozio bideragarriak ixtea saihestu nahi dute Gaztenpresatik. Aldi berean, nahi duten pertsonei aukera egokia eskaini nahi diete, abian dauden eta funtzionamendu historiko ona izan duten negozioak eskuratzeko.