Zetazko lana

Gauerdiak jo ditu hil kanpaiak. Izaskun Ellakuriaga hil da. Komunikazioaren alorrean jarduten dugunoi askotan jazten zaigu komunikatzaile txarraren etiketa, baina kasuan albistea airean ibili da gauak hurrengo egunari lehen minutuak ostu dizkionetik.
Kazetaritzan aritzen den orok, esango genuke inoiz jaso duela txartel horirik, ez lanak txarto egin dituelako, bai akaso egindakoa parekoari gustatu ez zaiolako, edo hegoak kamustea kirol nazionala ere badelako herri honetan.
Ezin atera dakioke txartelik Ellakuriagaren lanari. Izan ere, etxekoei eskaintzen zaiena bezalakoxea izan delako urte luzez Durangoko Azokara lanera joan den edonori eskaini dion tratua. Eta egindako lana, zeta txinatarrik onenaren parekoa. Fina, oso fina.
Euskal kulturaz hamaika eztabaida egon daitezke, eta badaude, eta Azoka bera bada mundua beste kolore batez begiratzeko une eta gune bat. Baina atzean dagoen lan eskergak apenas izaten du errekonozimendurik, eta hori ikusezin igarotzen da jendetzaren artetik. Loari orduak lapurtuta, berdin astegun zein jaiegun izan, sekulakoa izan da Ellakuriagak Durangoko Azokari eskaini dion dedikazioa.
Gorputzez txiki baina zintzotasunez handi, Landakoko edozein kaletatik barrena ikus genezake aurrera eta atzera, bata atenditu, besteari kasu egin, ondokoaren beharrak asetzen beti. Eta bereizten zuen gertutasun hori aldean hartuta.
Lurrak gozo har dezala desira genezake, baino asebetegarriagoa da, oraintxe, liburu, disko eta egile artean mantentzea haren akordua. Eta, batez ere, kontuan hartzea bereak bezalakoak direla euskal kulturak behar dituen pertsona apasionatu eta konprometituak. Askotan, isilpeko lana delako gogoan izan beharreko eredua.
Eskerrik asko, Izaskun.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

Multa de 400 euros por protestar en la inauguración del Culinary Center de Gros

El equipo de gobierno de Iruñea pide la dimisión de Ibarrola y Adanero por «difundir bulos»

