Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Alpinista hirukote handi batek ‘Kolibri’ bide berria zabaldu du Peruko Jirishanca mendian

Alex Huber, Simon Gietl eta Dani Arnoldek hiru egun behar izan dituzten 31 luze dituen ‘Kolibri’ (7a, A2) zabaltzeko. Protagonistek diotenez, besteak beste, kareharri trinkoan artesi sistema zaila gainditu behar izan dutela. Tontor nagusiaren ordez, ekialdekoa zapaldu dutela aitortu dute, bestalde.

Jirishanca mendian, ‘Kolibri’ bidearen nondik norakoak.
Jirishanca mendian, ‘Kolibri’ bidearen nondik norakoak. (Huber/Gietl/Arnold.)

Dani Arnoldek Jirishancako (6.094 m) espedizioaren berri eman zuenean, bati baino gehiagori espektatiba oso interesgarriak piztu zitzaizkion. Eta hala diogu batez ere soka-kide oso zailduak ondoan izango zituelako: Simon Gietl tiroldarra batetik eta Alex Huber alemaniarra bestetik. Hots, alpinismoaren munduan lehen lerroan dauden hiru espezialista horiek indarrak batu dituzte Huayhuasheko mendilerroan (Peru) dagoen seimilako honetan jarduteko.

Azken emaitza, ondorioz, oso interesgarria izan da: izan ere, ekialdeko isurian gai izan dira bide berri bat sortzeko. ‘Kolibri’ izena jarri diote; 31 luze edo 1.030 metro dituena bera, baita zailtasun tekniko garrantzitsuak ere: 7a eta A2

Jirishanca betidanik izan da oso erakargarria alpinistentzat, eta haren ekialdeko murruak atal alpino ederrak eskaintzen ditu. Horregatik guztiagatik, hormatzar horrek hainbat ibilbide ditu; ‘Kolibri’, esaterako. Bide berri hau bi bideren artean marraztu dute: italiarra eta frantziarra. Alpinistek bidalitako prentsa oharrean diotenez, seimilako hori mendilerroak duen tenteenetarikoa eta zirraragarrienetako bat ere ba omen da.

«Kilometro bat luze den marra bertikal bat zabaldu dugu. Teknikoki asko eskatu digu, baina, arroka trinkoan eskalatzeko aukera izan dugu, bederen. Oro har, artesi sistema luze bat jarraitu genuen. Hasierako sekzioa ez da oso atsegina. Hori atzean utzi eta benetako eskalada hasten da mugimendu oso bertikalekin. Une batzuetan, gainera, eroria zuten tarteak igo genituen. Horretaz gain, aurreratu behar dugu harkaitz trinko horretan geure buruak babesteko tarte gutxi daudela. Arroka horrekin ezusteko handia hartu dugu. Oso-oso sendoa izateaz gain, zimurtsua da eta itsaspen bikaina du. ‘Kolibri’-n harkaitza da nagusi: artesi garbiak eta diedroak eskalatu behar dira. Sekzio horrek ekialdeko ertzera eramaten du, eta ‘Egger-Jungmair’ bidetik tontorrera heltzen da», laburbildu duten beren oharrean.

Ekialdekoa

Huber, Gietl eta Arnoldek aurreratu dute eguraldiarekin zorte handia izan dutela. Eskaladak ahalegin handia eskatu die, baina ez dute hotz handiegirik jasan, ezta bero gehiegizkorik ere. Horri esker, hain arriskutsuak diren luiziak saihestu dituzte. Horretaz gain, hormaren baldintzak oso egokiak izan dira, nonbait. «Oso lehor eta egonkor mantendu da. Hitz batean esanda, geure eskalada segurua eta azkarra izan da. Bi bibak behar izan ditugu “Kolibri” biribiltzeko. Hala ere, elurraren baldintza eskasengatik ezinezkoa egin zaigu tontor nagusira heltzea. Azken urratsa ekialdekoan (6.028 m) egin dugu; hil honen 15ean izan da. Erabaki hori segurtasunagatik hartu dugu», zehaztu dute.

Protagonistentzat Jirishancako ekialdeko murruan ireki duten proposamen berria agerikoa eta ederra da. Nahiz eta zorrotza den, alpinistek beste eite bati garrantzia eman nahi izan diote. Konpromisoak indarra hartu du, batez ere zaila delako babesteko leku onak aurkitzea. Ohiko tresneriarekin (friendak, fisureroak, izotz torlojuak, gakoak…) babestu dituzte luze guztiak. Bidean zehar soilik parabolt bat jarri dute, eta bileretan zortzi milimetroko txapak. Zalantzarik ez dute: «ibilbide alpino gogorra da eta teknikoki gaitasun handia eskatzen du», azpimarratu dute.

Amaitzeko, hirukote horrek honako aholkua egin nahi izan du ‘Kolibri’ bideari ekin nahi dion ororentzat. «Errepikatu nahi duenak hobe du eskarmentu alpino aberatsa izatea. Bederen, arrokabikaina baino bikainagoa aurkituko du. Gu oso pozik gaude eginiko eskalada lanarekin. Talde-lana perfektua izateaz gain, eskarmentu itzela izan da. Ez dugu gailur nagusia lortu, baina argi dugu orain arte sortu dugun marra ederrenetarikoa izan dela», azaldu dute.