Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Oriok gasolina erreserba zuen gordeta eta Getaria hirugarren izan da bigarren txandatik

'Mirotzek' denboraldiko bederatzigarren bandera astindu eta Galiziako asteburua biribildu dute larunbatean ere irabazi ostean. Ezustekoa Getariak eman du, bigarren izan den Donostiarraren atzetik sailkatu baita bigarren txandatik.

Gorka Aranberri Orioko patroia, Boiroko banderarekin.
Gorka Aranberri Orioko patroia, Boiroko banderarekin. (Aitor ARRIZABALAGA | EUSKO LABEL LIGA)

Handia Oriok Galizian egindakoa! 'Mirotzak' bi garaipen gehiagorekin bueltatuko dira etxera lidertza askoz ere gehiago sendotuz. Gainera, 3 segundoko penalizazioa sufritu dute igande honetako estropadan minikamera ez jartzeagatik. Hala ere, ez die ezertan eragin eta bederatzigarren bandera lortu dute aurten Eusko Label Ligan. Oraindik ezin da esan Ligako txapeldunak direla, matematikek hala esaten duten arte ezin baita baieztatu, baina oso bideratuta dute garaipena hurrengo asteburuan Zarauzko bandera lehiatu behar denean.

Igandeko beste 'garailea' Getaria izan dela aipatu daiteke. Gipuzkoarrak bigarren txandan aritu dira eta hirugarren denbora onena markatu dute. Orio eta Donostiarra bakarrik izan dira azkarragoak. Ohorezko txandan aritutako Zierbenak eta Hondarribiak asko sufritu behar izan dute seigarren eta zazpigarren amaitzeko.

Galizia Calidade zigilua lortzeko, Oriok azken martxa bat sartu behar izan du azken luzean. Atzetik oso gertu zuen Donostiarra, zeinek bigarren luzean aurrea hartu duen. Baina azken maniobra ostean, Gorka Aranberriren arraunlariek hortzak estutu eta gasolina erreserba agortu arte aritu dira lanean. Hiru segundoko penalizazioa izan dute, baina nahiko aldea atera diote sailkapen nagusian bigarren tokian mantenduko den Donostiarrari.

Bigarren txanda: Getaria nagusi; San Juan eta Ondarroak, kale

Getariak eta Bermeok oso lehia polita mantendu dute estropada osoan zehar. Bizkaitarrak nagusi izan dira lehenengo ziabogan, baina bigarren luzean gipuzkoarrek hartu dute aurrea eta gogotsu ekin diote amaiera arte.

Azken luzean, epaileak bandera zuria atera behar izan dio Bermeori, Getariaren hirugarren kalean sartu baita eta pega-pega eginda zeudelako bi ontziak. Gipuzkoarrek asko eskertu dute egoera hau, azkeneraino aurrean mantendu baitira oso denbora ona sinatzeko. Bai Getariak eta baita Bermeok ere poz galanta hartuko zuten ondoren, ohorezko mailakoen denborak ikustean.

Atzetik, San Juanek eta Ondarroak kale egin dute. Pasaitarrak izan dira aurretik, oso gutxigatik, baina lehen txandan aritutako lau ontziak baino okerrago aritu dira, azken bi postuetara jaitsiz. Ondarroak larunbatean egindako estropada txukunarengatik lortu zuen gaur bigarren txandan aritzea.

Lehenengo txanda: Lekittarra, hegan; Cabok, huts galanta

Gauza asko jokoan egoten diren lehen txandan, 'garaile' bat aipatzearren, hori Lekittarra izan dela esan daiteke, estropadako sailkapenean bosgarren izan baita. 'Galtzaileen' artean, aldiz, argi eta garbi, Cabo izan da, nahiz eta azkenean hamargarren izan. Bizkaitarrek oso estropada txukuna sinatu dute hasieratik amaiera arte, eta 20 segundotik jaistea lortu dute, bigarren txandako San Juan eta Ondarroaren aurretik.

Atzeko partean, aldiz, Cabok ezin izan du maila ona eman Galiziako bi estropadetan –gaurkoa etxean zen, gainera– eta azken postuan mantenduko da, Kaikuren atzetik. Hori bai, San Juan eta Ondarroa askoz ere okerrago aritu dira, atzetik geratuz. 'Bizkaitarra' ontziak lanean jarraitu beharko du azken-aurreko postutik atera nahi badu. Igande honetan, Ares azkarragoa izan da eta Ondarroa bigarren txandan aritu da, baina zorionez, denbora txarragoa egin du.

Hori bai, Kaiku azken postuan izan da estropadaren parte handi batean eta azken luzean lortu du Cabo gainditzea. Honek, nolabait, esperantza txiki bat eman behar die Sestaoko arraunlariei maila mantentzeko play-offak ekiditeko helburu horretan.

Eusko Label Liga - XXXV Bandeira Concello de Boiro:

1.Orio    19:36.84        
2.Donostiarra     19:46.58     
3.Getaria      19:48.12     
4.Bermeo      19:49.34
5.Lekittarra     19:53.22
6.Zierbena      19:56.98
7.Hondarribia       20:02.58
8.Ares      20:06.28
9.Kaiku     20:16.42
10.Cabo      20:18.60
11.San Juan      20:22.94
12.Ondarroa      20:23.68

Eusko Label Liga - Nagusia:

1.Orio    140 puntu        
2.Donostiarra     116 p.
3.Zierbena      115 p.
4.Bermeo      102 p.     
5.Hondarribia      101 p.
6.Getaria     84 p.
7.San Juan      62 p.
8.Lekittarra      61 p.
9.Ares      54 p.
10.Ondarroa      48 p.     
11.Kaiku      32 p.
12.Cabo      22 p.