SPONSORED CONTENT

San Roke jaiek segida emango diete abuztuko jaiei Gernikan, Portugaleten eta Laudion

Abuztuaren hirugarren asteburua izan ohi da jai gehienak pilatzen dituena Euskal Herrian. Andra Mari jaietan murgilduta dauden herriei, Gernika, Portugalete eta Laudio gehituko zaizkie beren San Rokeak ospatzen baitituzte.

Gernikan jai giroan murgilduko dira asteburu honetan.
Gernikan jai giroan murgilduko dira asteburu honetan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Gernikan ostegun ilunabarrean hasi dituzte Andra Mari jaien ospakizunak, Urdaibai Kantaguneak eta Txosna Batzordeak irakurritako pregoiarekin. Ostiral honetan (abuztuak 15), hain zuzen, txistularien eta gaiteruen dianarekin eta kantujirarekin hasiko dute eguna eta, arratsalderako, goitibehera jaitsiera, umeen txokoa, bertsolariak eta kontzertuak daude iragarrita, azken hauen artean Tanxugueiras talde galiziar ezagunarena.

Larunbatean (abuztuak 16), San Roke eguna ospatuko dute, honako ekitaldiekin: kantujira, gargantua, Gernikako "garrafie" eta txistorra dastaketa, ikurriñari omenaldia, Sukalki txapelketa eta bazkari herrikoia. Sukalki txapelketan bi kategoria izango dira, orokorra eta 25 urtetik azpikoentzat, eta behi okela eta barazkiak erabili beharko dira. Kazolen aurkezpena 12.30etatik 13.30etara egin beharko da Merkurio iturriaren inguruan eta sari banaketa 14.00etatik aurrera egingo da.

Larunbat arratsaldean Gernika Grand Slam finala jokatuko da Jai Alai frontoian, eta gauean su artifizialak eta kontzertuak izango dira pasealekuan (Rodeo eta Viva Belgrado).

Igandean (abuztuak 17) San Roketxu eguna ospatuko dute, arratsaldeko mozorroen desfilearekin eta gaueko kontzertuekin (Ziraun, Merina Gris eta Altxa Porru erromeria), eta astelehenean haur eta gazteei zuzendutako ekitaldiekin eta jubilatuen briska eta mus txapelketen finalekin amaituko dituzte aurtengo jaiak.

Jaietako joan-etorriak erosoago eta seguruago egiteko, gauero doako garraioa izango da udalerriko auzoen artean, orduro, gaueko 23.00etatik goizaldeko 6.00etara. Udalak jakitera eman duenez, indarkeria matxistari aurre egiteko planaren barruan, eskaera bidez gelditzeko aukera izango da, batez ere goizaldean etxera bakarrik itzultzen diren emakumeentzat.

Informazio honen babesleak: Alkar kirolak, Argia optika, Gondra Zurich aseguruak, Auzokoa taberna, Amutio droguería, Gernika Arrano taberna, Duka moda.

Portugaleten ere ostegunean hasi dituzte jaiak (abuztuak 14) eta igandera arte (abuztuak 17) luzatuko dira. Txupinazoa botatzeko ohorea, urteurrenak ospatzen dituzten Gauxoriak kuadrillako Txomin Gilek eta Maestro Zubeldia ikastetxeko Miren Zabalak eta Niko Carnicerok izan dute. Pregoia, Portugaleteko Musika Bandako lehen emakumea izan zen Nekane Pascualek irakurri du.

Ostrial honetan (abuztuak 15) gastronomia ekitaldiak izango dira nagusi, goiz guztian zehar pil-pil erako bakailao txapelketaren XXXIV. edizioa jokatuko baita Doctor Areilza parkean. Izen-ematea goizeko 9.30etan zabalduko da eta lapikoak eguerdiko 13.00etan aurkeztu beharko dira. Bestalde, goizeko 10.00etan baratxuri zopa banatuko da eta 12.30etan sagardo eta txorizo dastaketa hasiko da. Arratsalean haur eta gazteentzako ekitaldiak izango dira, baita Portugaleteko txistularien kontzertua ere, eta gauean su artifizialak, zezensuzkoak eta kontzertuak izango dira.

Larunbatean (abuztuak 16) adin eta gustu guztiei zuzendutako ekitaldiak izango dira, horien artean nagusienak hauexek: erdi aroko azoka, haur parkea, gazteentzako jarduerak, San Rokeren prozesioa, ohorezko aurreskua, herri kirolak, erraldoi eta buruhaundiak, kuadrillen bazkari herrikoia, plaza-dantzak, irrintzi txapelketa, su artifizialak eta kontzertua, tartean Gatibu taldearena.

Igandean, azkenik (abuztuak 17), haurren jaistiera, kukaña edo nasapuntakoa, hanburguesa dastaketa, musika animazioa, haur danborrada, zezensuzkoa eta berbena izango dira. Goizaldeko ordubatean, jarrilla erre eta jaiak bukatzeko traka izango da Valecea pirotekniarekin.

Informazio honen babeslea: Bigistak kinkiladenda.

Ostiral eguerdian jaia lehertuko da Laudion. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Laudion, azkenik ostiral honetan emango zaie hasiera aurtengo San Roke jaiei. Pregoia ostegunean irakurri zuen Arteon abesbatzak, baina txupinazoa ostiral honetan botako dute, eguerdiko 12.00etan, Baldarrak kuadrillaren eskutik. Ordubete beranduago, txosnen irekiera egingo dute Beranduegi taldearekin.

Zortzi egunetako egitarauan (abuztuaren 15etik 17ra eta 27tik 31ra), adin eta gustu guztientzako ekitaldiak prestatu dituzte aurten Jai batzordeak eta herriko hainbat eragilek. Era berean, Udalak jai hauek inklusiboak, feministak, euskaldunak, errespetuzkoak eta dibertigarriak izatea nahi du, «guztiontzat atseginak eta gozagarriak».

Larunbatean (abuztuak 16) San Roke eguna ospatuko dute, honako ekitaldi nagusiekin: txistularien eta gaiteroen kalejira, esku pilota partidak, buruhaundi eta zankoen ibilaldia, entzierroa eta bigantxak, herri bazkaria txosnagunean eta kuadrilla historikoen bazkaria elizaren arkupean, aurresku, fandago eta arin-arin txapelketa, Terrasako castellers taldea, antzerkia, zezen suzkoa eta kontzertuak.

Igandean (abuztuak 17) «atzoko eta gaurko gazteen eguna» ospatuko dute eta jai egitaraua abuztuaren 27an itzuliko da, ohikoa den moduan, berakatz egunarekin. Abuztuaren 28an kuadrillen eguna ospatuko dute, abuztuaren 29an baserritarren eguna, abuztuaren 30ean odoloste eguna eta abuztuaren 31n kofradiaren eguna.

Musikari dagokionez, aurten lehen aldiz laudioarrek musika taldeak aukeratu ahal izan dituzte. Horrela, larunbat honetan Chambao taldeak joko du, igandean Su ta Garrek, abuztuaren 28an Soziedad Alkoholikak, abuztuaren 29an Bulegok eta abuztuaren 31n Goxua'n Salsak.

Informazio honen babesleak: Laudioko Udala, Pinturas Reguera, Eska Ocasión, Amets Taller de Mecanizado.