NAIZ

Arabako Foru Aldundiari ELZaren prestazioa bermatzeko eskaria egin dio EH Bilduk

Arabako hainbat udalen erreklamazioa Arabako Batzar Nagusietara eramango du EH Bilduk, Arabako Foru Aldundiari landa eremuan Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua bermatzeko eskatzeko.

Arabako Batzar Nagusietako artxiboko irudia.
Arabako Batzar Nagusietako artxiboko irudia. (Endika Portillo | FOKU)

EH Bilduk Arabako batzar nagusietara eramango du hainbat udalerrik helarazi dioten erreklamazioa: landa-eremuan Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak (ELZ) duen funtzionamendua bermatzeko eskatu dio Foru Aldundiari. Koalizioak erregistratutako mozioan jasotzen denez, azken hilabeteotan hainbat gabezia antzeman dituzte zerbitzuaren eskaintzan. Batetik salatu dute, erabiltzaileek ezin dutela asteburuetan arreta jaso, eta bestetik, eskaera egin eta laguntza abian jarri artean hiru hilabetera arteko atzerapenak metatzen direla.

Claudia Venceslao EH Bilduko prokuradoreak gogorarazi duenez, «landa-eremuko biztanleentzat funtsezko tresna da ELZa, euren inguruan jarrai dezaten eta bizitza duina izan dezaten; horregatik, ez da onargarria landa-eremuan bizi diren pertsonak zerbitzu eskubideetan diskriminatzea». Oroitarazi du, gainera, Foru Aldundiaren eskumena dela zerbitzu hori, eta udal araudietan jasotako betebeharrak ez direla behar bezala betetzen.

Mozioak zehazten duenez, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) jarraibideak jaso dituzte, non ohartarazten den lan indarra aurkitzea «oso zaila» dela, bereziki asteburuetan. Hori dela eta, asteburuetako arreta oinarrizko zereginetara mugatu behar dela gomendatu dute –pertsonak jaikitzea, garbitzea eta oheratzea–. Bestalde, espediente berriak tramitatzeko atzerapen handiak daude, espediente guztiak pertsona bakar batek kudeatzen dituelako; horrek bizpahiru hilabeteko itxaronaldia eragin dezake, premiazko kasuak salbu.

Horren aurrean, EH Bilduk Foru Aldundiari eskatu dio «Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako langileek hautemandako beharrei erantzuteko moduko zerbitzua bermatzeko» eta udal araudiek jasotzen dituzten baldintza eta eskubideak betetzeko.