SPONSORED CONTENT

Iraileko azoka bereziaren txanda Ordizian eta euskal jaietako azken egunak Donostian

Udako jaiei jarraipena eman ohi dieten ospakizunak dira Gipuzkoako zenbait herritan antolatzen diren euskal jaiak. Zarautzen giro ederrarekin amatu berri dute euskal astea eta Ordizian asteazken honetan ospatuko da iraileko azoka berezia, festak igandera arte jarraituko badu ere, Donostian bezalaxe.

Ganadu erakusketa, Ordiziako azoka bereziaren baitan.
Ganadu erakusketa, Ordiziako azoka bereziaren baitan. (Gotzon ARANBURU)

Ordiziako euskal jaietako ekitaldi nagusiak pasa den asteburuan abiatu ondoren, egitarauaren ardatza osatzen duen azoka berezia asteazken honetan izango da, irailak 10. Bertan, ohikoa den bezala, ganadu, lumagorri, fruta eta barazkien lehiaketak ospatuko dira eta, nola ez, ardi latxa Gazta Txapelketa eta enkante ospetsua ere bai. Arratsaldean profesionalen arteko eskuzko pilota partiduak izango dira, herri kirolak eta erromeria Eingo taldearekin.

Ordiziako euskal astearen egitaraua datorren asteburuan itzuliko da. Ostiral arratsaldean, esaterako, Urdaneta dantza taldearen emanaldia izango da, baita bi kirol ekitaldi ere, Ordiziako Futbol eta Saskibaloi elkarteen 2025-2026 denboraldiko taldeen aurkezpenak hain zuzen.

Larunbatean, hilak 13, aipatzekoak dira arratsaldean eta gauean hurrenez hurren egingo diren sagardo festa eta Akerbeltz taldearen kontzertua, eta igandean (hilak 14), eguerdirako iragarrita dagoen Lazkao Txiki bertso paper lehiaketaren sari banaketa. Aurtengo euskal jaietako egitarauari amaiera emateko, igande arratsalderako “Nortasun agiria” Zuhaitz Gurrutxagaren bakarrizketa dago iragarrita Herri Antzokian.

Informazio honen babesleak: Mujika liburudenda, Goierriko Baratza.

Aurtengo Donostiako sagardo eguna giro ederrean ospatu zen pasa den larunbatean. (Jon URBE | FOKU)

Kirola eta gastronomia Donostian

Donostian ere pasa den asteburuan abiatu ziren aurtengo euskal jaietako ekitaldi nagusiak, Konstituzio plazan eguraldi bikainarekin ospatu zen Sagardo Egunarekin. Ohikoa den moduan, plazako arkupeetan 32 upategitako sagardoa eman zen dastatzera, guztira 6.000 botila inguru. Hurrengo egunean, hilaren 7an, igandean, Kontxako Banderaren lehenengo jardunaldia jokatu zen, urtero milaka pertsona erakartzen dituen kirol ekitaldia hain zuzen.

Estropaden bigarren jardunaldia datorren igandean jokatuko da (irailak 14) eta euskal jaietako egitaraua ere ordura arte luzatuko da. Horrela, estropadaz gain, beste hainbat kirol lehiaketa ere izango da, hala nola bolo eta toka txapelketak, Urgulleko Krossa, Esku Pilota Txapelketaren finalak Trinitate plazan, Kontxako badian igeri zeharkaldia…

Gastronomia lehiaketak ere ez dira faltako aurtengo egitarauan. Horrela, ostiral arratsaldean (hilak 12) euskal jaietako VII. marmitako lehiaketa egingo da Trinitate plazan eta larunbata eguerdian (hilak 13), XIII. elkarte arteko “Luis Irizar” legatza donostiar erara lehiaketa toki berean.

Musika eta dantza ere egitarauaren osagai nagusienetariko bat izango da aurten ere. Iragarritako ekitaldien artean daude erromeriak eta txalapartariak Trinitate plazan edota Larrain Dantza eta Dantza Sueltoko txapelketa. Bertso saioa, bestalde, larunbatean izango da, Trinitate plazan gaueko 22.00etan, Maider Arregi, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu eta Alaia Martin bertsolariekin.

Aurtengo euskal jaien azken egunean, datorren igandean hain zuzen, txistularien emanaldia, estropadetako bigarren jardunaldia, txarangen kalejira eta sardin jatea daude iragarrita.

Informazio honen babesleak: Izadi21 aholkularitza, Fasprint igara.