Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
KRITIKA PERLAK

Sinpletasunaren mozorroa

‘MAMLAKET AL-QASAB’ ( ‘LA TARTA DEL PRESIDENTE’)
Irak, 2025. 102’. Zuzendaritza eta gidoia: Hasan Hadi. Aktoreak: Rahim AlHaj, Baneen Ahmad Nayyef, Sajad Mohamad Qasem, Waheed Thabet Khreibat. Argazkia: Tudor Vladimir Panduru.

Filmaren fotograma.
Filmaren fotograma. (ZINEMALDIA)

‘Buda az sharm foru rikht’(gazteleraz ‘Buda explotó por vergüenza’) edota ‘Turtles Can Fly’ (‘Las tortugas también vuelan’) errealitate gogorretan sustraitutako filmak dira, baina haurren ikuspegitik kontatzen direnez, haien gainean samurtasun laino arin bat zabaltzen da, gogortasunaren erdian arnasgune bihurtzen dena. Pelikula horiek amaierara heltzean direnean ordea, samurtasun hori itzali egiten da, eta kolpe bortitz eta hunkigarri bihurtzen dira.

‘The President's Cake’ film irakiarra multzo horretan sar daiteke. Komedia eta drama nahasten ditu, naturalismoaren zuztarretatik abiatu eta fabularen lurraldean barna ibiltzen da. Sinpletasunaren mozorroa darabil, baina azaldu nahi duena sinplea izatetik urrun dago. Zenbait unetan Kiarostamiren oihartzunak -distantziak salbu- entzuten dira.

Lamia izeneko bederatzi urteko neska baten begiradatik kontatuta dago eta Saddam Husseinen urtebetetze egunaren aurreko bi egunetan girotzen da, 1990eko Iraken. Merkatuetan apenas aurki daiteke janaririk, eta gosea nagusi da herrialde osoan. Eskolan antolatutako zozketa batean, Lamiari tarta bat eramatea egokitzen zaio; baina ez du ez osagairik, ezta dirurik ere. Hala ere, tarta derrigorrez eraman behar du, bestela ondorio latzei aurre egin beharko die.

Narrazioaren ardatza osagaien bilketa izango da; baina bilaketa hori, funtsean, aitzakia besterik ez da herriaren miseriak agerian uzteko. Lamiak biziko dituen gorabeherak eta oztopoek markatuko dute kontakizunaren erritmoa eta tonu aldakorra. Kamera Lamiaren ikuspuntuan kokatuko da hasieratik eta ikuslea, kale estuetan, errepide hautsietan eta teilatuetan barna, haren bidelagun bihurtzen da. Gazteak era askotako gertaerak bizitzen dituen bitartean -tartean Saeed izeneko beste haur bat ere batuko zaio- herrialdearen egoeraren lekuko bihurtzen gara.

Filmak erakusten du nola erregimen totalitarioak eguneroko bizitza eta eskola bere mende hartzen dituen, eta nola behartzen dituen haur txikiak obedientzia politikoko erritual zentzugabeetan parte hartzera. Paisaien eta giroaren indar bisualak, elementu sinbolikoen presentziak (argazkiak, ikurrak) eta alderdi emozionalek (familia-harremanak, beldurra, itxaropena) ehuntzen duten oreka harrigarriro eraginkorra da.

Argazkilaritzaren lana eta girotzea nabarmenak dira: irudiek naturaltasuna bilatzen dute, baina egunerokotasun xumeenetik abiatuta atmosfera zapaltzaile eta estu bat eraikitzen dute, bereziki hasieran eta amaieran. Tudor Vladimir Panduru argazki zuzendariak lan biribila egiten du.

Horrela, hasieran istorio xumea eta sinplea dirudiena, duintasunaren eta eguneroko erresistentziaren metafora indartsu bihurtzen da.