«‘Aupa Etxebeste!’ filmari esker hemen zinema egin genezakeela sinesten hasi ginen»
‘Aupa Etxebeste!’ sonatuaren estreinutik hogei urte bete direnean Zinemira Saria eskuratuko dute astearte honetan Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzendariek. Euskal zineman mugarri izan zen drama eta komedia, euskaraz, pantaila handira eraman zituen lana.

Donostia Zinemaldiak eta EPE-IBAIA ekoizle-elkartearen eskutik gaur jasoko duten garaikurraren aitzakian egindako ibilbideari begira jarri gara Telmo Esnal eta Asier Altunarekin. Umoretsu hartu gaituzte, ezin bestela izan.
Nola hartu zenuten Zinemira Sariaren deia?
Telmo Esnal: Ni harrituta geratu nintzen. ‘Ze nezesidade!’ pentsatu nuen.
Eta lehen erreakzio horretatik pasa zinen ‘merezi dugu’ esatera.
T.E.: Hainbeste ez, baina bai, pentsatu nuen ‘erabaki badute igual merezi dugu’ (barrea).
Ezustekoa izan da beraz ibilbide osoari ematen zaion garaikurra.
Asier Altuna: Bai, gu oraindik gazte sentitzen gara. Ondoren hasten zara pentsatzen zenbat aldatu diren gauzak azken hogei urteotan, ‘Aupa Etxebeste’ estreinatu genuenetik. Orduan sortu genuen lantaldeari eginiko errekonozimendu bezala hartu dut nik.
T.E.: Bai, eta horrela ez bada, guk behintzat modu horretan sentitzen dugu. Garai hartan hasi ginen guztiona da saria.
A.A.: Oso talde potentea osatu genuen eta horren ondorioz hasi ginen zinema hemen egiten, asko euskaraz. Jose Maria ‘Txepe’ Lara izan zen bisionarioa, ez dakit bera horren kontziente den. Euskal Herrian, batez ere Nafarroan, lantaldeak osatzen hasi zen hemen zinema egiten hasteko. Gu teknikari bezala hasi ginen, ni elektrikari eta makinista moduan eta Telmo ekoizpenean eta zuzendari laguntzaile. Gaur egungo teknikari asko ezagutu ginen ofizioa ikasten hasi ginenean laburmetraiak eginez.
T.E.: Gero, Guggenheim Museoa eraikitzea erabaki zuten garaian, etena egon zen dirulaguntzetan eta zuzendari denak Madrilera joan ziren eta gu ere haiekin, lanera. Gogoan dut Sorian ginela ‘zergatik ez diagu laburmetraia egiten?’ esan genuela. Eta ‘Txotx’ etorri zen.
A.A.: Azken finean saria eman digute Euskal Herrian eta euskal teknikariek aspaldi ez bezalako pelikula egin genuelako. Ordura arte oso proiektu gutxi egin ziren.
T.E.: Gerora fama ona izan dute hemengo teknikariek Madrilen eta hainbatentzat euren lehen filma izan zen ‘Aupa Etxebeste!’ arduradun bezala, adibidez Javi Agirre argazki zuzendariarentzat edo Ander Sistiaga produkzio buruarentzat. Gazteak ginen eta gure lehen erronka handia izan zen.
Sekulako oihartzuna izan zuen ‘Aupa Etxebeste!’ filmak. Ahoz ahokoak funtzionatu zuen eta herriz herri zinema aretoak bete zituen. Nola bizi izan zenuten?
T.E.: Beti saiatu izan gara ‘boom’ hartatik aldentzen. Behin pelikula eginda dagoela ahaztu egiten naiz, jada ez da nirea, jendearena da.
A.A.: Filma on bat egitea ez da erraza. Zenbat buelta eman genion... zenbat gidoi... Serio hartu genuen, erantzukizun handia zen. Aurretik asko landuta joan ginen errodajera. Eta biok egoteak seguraski egiten du exijentziak gora egitea.
«Filma on bat egitea ez da erraza. Zenbat buelta eman genion... zenbat gidoi... Serio hartu genuen, erantzukizun handia zen»
T.E.: Momentu batean pentsatu genuen sekula ez zela egingo. Zortea izan genuen, Jaurlaritzak eta EiTBk adostu zuten urtero pelikula bat egin behar zela euskaraz. Ordurako idatzita geneukan. Kaxoian zain zegoenean egon zen erderaz egiteko proposamena baina zorionez ez zen aurrera atera eta horrela guk pentsatuta geneuzkan aktoreekin eta nahi bezala, euskaraz, egin genuen.
Zer ematen dio zuotako bakoitzak tandem-ari?
T.E.: Ez dakit esaten... Dena bion artean egiten genuen. Bakoitzak bere ideiak askoz gehiago landu behar ditu ondoren defendatzeko. Nahiko antzeko ikuspegia daukagu, ondo moldatzen gara, eta babesa ere ematen digu besteak, bestela lehen pelikula bakarrik egitera ausartzea... Gero ‘Urte berri on, amona’ (2011) egitean falta bere sentitu nuen.
A.A.: Sekuentzien bidez pelikula oso argi ikusteko gaitasuna dauka eta kristoren segurtasuna ematen zidan Telmok. Eta barre asko egin dut berarekin.
Garai hartan gure herriak ere bazuen barre egiteko beharra.
A.A.: Bai, jendea gogotsu zegoen euskaraz filma bat ikusteko. ‘Aupa Etxebeste!’ txukuna atera zen, ikusteko erraza, ondo pasatzeko aukera ematen zuena. Gure buruaz barre egitea ere ze ondo etortzen den!
T.E.: Garrantzitsua izan zen hortik aurrera lortu genuelako hemen bizitzea zinema eginez. Eta ez guk bakarrik, gurekin taldean zebiltzan teknikari guztiek ere berdin.
A.A.: Bai, egia da. Hemen zinema egin genezakeela sinesten hasi ginen, eta ez da gutxi.

Eta ‘Brinkola’ sortu zenuten 2009an ETBrako.
A.A.: Han ere oso ondo pasatu genuen. Wazemankeko lantaldearekin batu ginen. Nagore Aranburu, Egoitz Lasa... Oso esperientzia polita izan zen.
Bakarkako lanak ezagutu genituen ondoren. ‘Bertsolari’ (2011) zuzendu zenuen zuk, esaterako, Asier.
A.A.: Orduan sortu genuen Txintxua Films enpresa. Gu beti nahiko independienteak izan gara. Kamera hartu eta grabatzen hasi nintzen ‘Bertsolari’-rako finantziaketa izan aurretik. Egindakoaren trailerra egin eta orduan hasi ginen diru bila. Beste modura egiten genuen lan.
‘Amama’ (2015) ezin aipatu gabe utzi. Zu, Asier, zuzendari eta Telmo gidoian eta zuzendaritzan laguntzaile.
A.A.: Oso lan pertsonala izan zen, aspalditik egin nahi nuen. ‘Bakarrik egingo dut, ea zer gertatzen den’, pentsatu nuen. Bakarrik erabakiak hartzea konplikatua da eta era berean interesgarria da.
T.E. Eta 2016an ‘Kalebegiak’ proiekturako ‘Iraila’ laburmetraia egin genuen.
‘Agur Etxebeste!’ sekuela etorri zen 2019an, bion azken elkarlana.
T.E.: Bai, Nagore Aranbururekin batera idatzi genuen gidoia eta zuzendu guk biok. Hamar urte lehenago lan egindako aktore eta teknikariei eskertzeko modua izan zen. ‘Aupa Etxebeste!’k asko du komediatik baina drama ere badauka eta ‘Agur Etxebeste!’ komedia da, helburu horrekin egin genuen.
Bikote bezala ez zaituztegu gehiago ikusi.
A.A.: Bidean joan gara bakoitza gauzak egiten, baina ez dut baztertzen egunen batean berriro elkartuko garenik.
T.E.: Auskalo! Igual eskatzen digute hirugarren bat egiteko (barreak).
Nola ikusten duzue zinemak Euskal Herrian bizi duen egoera?
A.A.: Aurten lauzpabost lan estreinatuko dira euskaraz. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Diputazioen kenkari fiskalekin errazagoa da zinema ekoiztea. Eta euskaraz eginda abantaila gehiago dituzu. Kanpotik asko datoz filmak hemen egitera.
«Zuzendari asko gaude sinesten dugunak euskaraz egitea aukera dela eta normalidade guztiarekin egiten dugu»
T.E.: Azken urteotan deskonektatuta nago zinema mundutik eta azken edizioak ez dakit nola joan diren, baina nik parte hartu izan dudan Zinemaldietan beti egon dira proiektu txiki asko eta jende askok egin nahi du zinema euskaraz. Asierrek aipatzen dituen kenkari fiskalekin ere badabil filmak euskaraz egiten, nahiz orohar hemen egiten diren gehienak erderaz diren. Momentu ona da.
A.A.: Momentu oso ona da. Mozkorraldiaren antzekoa da. Lan piloa dago eta ez da txarra. Zenbat iraungo duen? Ez dakit. Pantailak ere behar dituzu, oso zaila da estreinatzea. Zuzendari asko gaude sinesten dugunak euskaraz egitea aukera dela eta normalidade guztiarekin egiten dugu. Hemendik aurrera zer egingo dugun ez dakit.
T.E.: Baldintza da hemen ekoiztetxea izatea. Orduan bigarren enpresa sortzen dute hemen. Euskaldun bihurtu dira. Nire ustez deskafeinatzen du asuntoa. Baina aldi berean teknikarientzat lan pila bat dago.
Edozein asteburuan zinema areto batera joan eta hutsik aurkitzen duzu.
T.E.: Bagenekien plataformekin hori etorriko zela. Badago beste kontu bat, azkenean plataformek egin nahi dituzten filmak ari gara egiten. Eta beldurra ematen dit gure independentzia ez ote den desagertuko.
Egile gazteen lanak jarraitzen dituzue?
A.A.: Haize berriak datoz eta egiteko modu berriak. ‘Aupa Etxebeste!’n 40 lagun izango ginen, orain 100 pertsonako lantaldeak dira. Handitu egin da.
T.E.: Denean bezala amerikarren eredua hartu dugu eta kakaztu egiten da.
Joan den astelehenean ikusi zuen argia ‘Karmele’ film luzeak, Asier. Asebeteta?
Urte asko eman ditugu bai gidoia idazten bai finantzaketa bilatzen. Eta grabatu genuenetik ere urte eta erdi pasa da. Asko mimatu dugu, detaile bakoitza zainduaz. Oso filma exigentea izan da, batez ere aurre produkzioa, musika asko daukalako. Kantuen baimenak eskatu, gero pieza denak grabatu... Interpretatu egin behar da dena, ez da erraza.
Aitor Etxebarriak sortutako bi pieza ere entzun daitezke.
Eresoinkako eta jazzeko piezak Aitorrek egin ditu eta badaude beste pare bat abesti klasiko ere. Billo's Caracas Boys taldearen beste bat...
Lokalizazio aldetik ere konplikatua zen, hainbeste bidaia daude, Paris, Caracas... Lekuak aurkitu behar dituzu eta horrez gain digitalizazioarekin ere egin dugu lana. Grabaketara oso lasai iritsi nintzen eta pila bat disfrutatu nuen. Profesional izugarri onak eta era berean lagunak direnez inguratuta egon nintzen.
Familiak zenbat peripezia dauzkan... Kirmenek [Uribe] ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ liburuan kontatutako dena benetakoa da, dokumentatuta dago. Hainbeste abenturari nola heldu? Hasieratik pertsonaien aldeko apustua egin nuen. Argi neukan gerra, erbestea, II. Mundu Gerra, bigarren erbestea, atzean, kontestuan egongo zirela, baina pertsonaiek bizi behar zutela bide hori. Euren arteko gatazketan egon behar zuela konfliktoak. Hori izan zen idazterakoan zailena.
«Kirmenek [Uribe] ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ liburuan kontatutako dena benetakoa da, dokumentatuta dago. Hainbeste abenturari nola heldu?»
Niretzat pelikularen muina Bilbora bueltatu ondorenekoa da. Baina aurretik bizitako guztiak elikatu egiten du hori. Une batean ‘ze ondo dauden!’, diozu. Ez du bizitza osoa iraungo agian... eta horrelaxe gertatzen da. Gainera, Jone [Laspiur] ez dugu askotan irribarrez ikusi, kontrastez beteriko istorioa da.
Oso interesgarria da aurreko belaunaldia, Karmeleren gurasoen bizipenak ere agertzea.
Kirmenen liburua irakurtzean harrituta geratu nintzen familia horren mailarekin. Ama, Karmen, irakaslea izana eta Ondarroako talde feministaren burua, aita, Frantzisko, ere oso aktiboa. Belaunaldi hark bizi izan zuen II. Errepublikako erreboluzioa. Lehenengo testu liburuak euskaraz, sufragio unibertsala emakumeentzat... Karmelek hori dena jaso du, horregatik da erabaki potolo handi horiek hartzeko kapaz 20 urterekin.
Zuk esana da zure aurrekoengandik jaso duzula kolektibo bezala bizirauteko beharra.
Letamendi-Urresti familiaren historia jakin nuenean gauza asko ezagunak egin zitzaizkidan. Badituzte hainbat abentura baina aldi berean eguneroko kontuak dituzte, frankistak iritsi zirenekoak. Nik etxean beti entzun izan ditut istorio horiek. Eta jaso dudana da euskara babestearen beharra, ikastolak, auzolana eta komunitate bezala aurrera egin, euskaldun askok jaso dugun ondarea.‘Superviviente’ak gara euskaldunak eta izango gara beti. Herri txikia gara, hizkuntza kolonizatzailez inguratuta gaude. Hiru seme-alabak [Ikerne (orain hilabete batzuk hila), Txomin eta Patxi] elkarrizketatu nituen eta denek esan zidaten nolako nortasuna zeukan amak. Gogorra, seria, gauzak mahai gainean ipini behar zirenean hala egiten zuena, eta eta aldi berean alaia.
Kirmen Uribek nobelaren aurkezpenean aitortu zuen lau urte lehenagora arte ez zuela bere burua horrelako liburua idazteko gai ikusi. Zuri ere gauza bera gertatu zaizu?
Nik sekula ez nuen imajinatuko garaiko horrelako filma egingo nuenik. Sekula. Ezta idatzi eta zuzentzeko kapaz izango nintzenik. Egia esan, Moriartikoen ‘Handia’ ikustean handitu egin zen ordura arte nire buruan ikusten nituen filmen dimentsioa. Euskaraz egiten ditugu filmak eta oso kontziente izan gara aurrekontuaren mugaz. Nire pretentsioa ez zen Hollywoodeko pelikulak egitea, nire gustuko gaiak lantzea baizik. Asko hazi naiz filma hau egiten.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

