
«Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren testuinguruan, Elkar argitaletxeak erabaki du Beasaingo Udalak, CAFek eta argitaletxeak berak antolatzen duten Igartza bekarekin ez jarraitzea, eta beka bertan behera geratuko da».
Halaxe iragarri du Elkarrek ohar labur batean 1998tik eskaintzen zuen literatura sorkuntzarako Igartza beka bertan behera uzteko erabakia.
Argitaletxeak erabaki hau hartu du bekaren azken irabazle Saioa Alkaizak sariari uko egin eta hamar egunera. CAF enpresak Israelgo Gobernuarekin dituen loturak bultzatu zuen iruindarra bekari uko egitera, Palestinari elkartasuna adierazteko.
«Igartza sarian CAF enpresa diru-emaile nagusietako bat denez, literatur sari honi uko egitea erabaki dut, eta aukera hau palestinar herriarekiko elkartasuna adierazteko baliatzea», adierazi zuen Alkaizak. Gaineratu zuenez, «Israelen kontrako boikot kanpainak martxan dauden honetan, kulturgileoi lerratzea dagokigu».
Elkarrek, Beasaingo Udalak eta CAFek ematen zuten Igartza beka, 10.000 euroko sariarekin.
BDZ: «Erabaki zuzena»
BDZ mugimenduak, ohar baten bidez, erabakia txalotu du. «Erabaki zuzena hartu dute». Zentzu horretan, gogora ekarri du «bost urtetik gora» daramatzatzela CAFeko zuzendaritzari exijitzen «apartheidaren trenetik jaisteko».
Hori dela-eta, Elkar eta Elhuyarrekin harremanetan ere izan direla jakinarazi dute. «Izan ere, halako ekimenetan parte hartuta, CAFek normaltasun itxura eman nahi zion bere jarduerari. Jerusalemen eta Palestinako lurralde okupatuetan CAF egiten ari den lanak, estatu genozida eta kolonial baten mesedetan, ez du ezer normaltasunetik», gehitu du.
Honela, berriz ere CAFeko zuzendaritzari «garbiketa etnikoan laguntzeari uzteko badela garaia» esan diote. «Bost urteotan proiektu honen inplikazio etiko eta legalei bizkarra eman ondoren, arrazoi berriak dituzte orain, zigorgabetasuna bukatzen ari zaielako».

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
