NAIZ

Saioa Alkaizak uko egin dio Igartza bekari, Palestinari elkartasuna adierazteko

Saioa Alkaizak uko egin dio Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkarrek sustatzen duten Igartza literatura‑sorkuntzarako bekari, hain zuzen, CAFek Israelekin dituen loturak tarteko. Palestinari elkartasuna adierazi nahi izan dio bertsolari iruindarrak.

Saioa Alkaiza, Igartza bekaren irabazlea.
Saioa Alkaiza, Igartza bekaren irabazlea. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Saioa Alkaizak uko egin dio Igartza literatura-sorkuntzarako bekari, Euskadi Irratiak aurreratu duenez. Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak sustatutako ekimena da Igartza saria eta, hain zuzen ere, CAF tartean egoteak bultzatu du Alkaiza erabakia hartzera, enpresak Israelekin dituen loturak direla eta, Palestinarekiko elkartasuna agertzeko.

Bertsolari iruindarrak Beasainen jaso zuen saria irailaren 10ean, hari esker ‘Katu ileak txandaletan’ eleberria ontzeko. Donostian asteazkenean bertan egindako agerraldian eman zuten bekaren irabazlearen berri eta Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak gogoratu zuen Igartza saria idazle gazteak «bultzatzeko» sortu zela, Beasaingo Udala eta CAF enpresaren laguntzarekin.

Larunbat goizez sarituak ohar bidez jakitera eman duenez, ordea, Alkaizak beka ez onartzea erabaki du azkenean. CAF enpresak Israelekin duen harremanak bultzatu omen du erabakia hartzea.

«Igartza sarian CAF enpresa diru-emaile nagusietako bat denez, literatur sari honi uko egitea erabaki dut, eta aukera hau palestinar herriarekiko elkartasuna adierazteko baliatzea», adierazi du Alkaizak. Gaineratu duenez, «Israelen kontrako boikot kanpainak martxan dauden honetan, kulturgileoi lerratzea dagokigu».

Izan ere, CAF enpresa ari da Jerusalengo tranbia zabaltzeko lanean, Israelek kontratuta, Linea Gorrian eta Linea Berdean. Biek ala biek Palestinan Israelek okupatutako lurretan dauden establimendu ilegalak konektatzen dituzte eta maiz galdegin izan dute Euskal Herriko hainbat eragilek enpresari boikota egitera.

Alkaizak CAFi leporatu dio genozidioaren konplize izatea eta kulturaren bidez bere burua zuritzen saiatu izana, horregatik, fokua «behar den lekuan kokatu beharra» azpimarratu du: «Palestinaren kontrako genozidioan».

Horrela, kulturgileen erantzukizunari erreferentzia egin dio: «Israelgo estatu sionistaren aurka euskal kultura kritiko eta lerratua behar dugu, hitzez harago, ekintzaz erantzungo duena».

BDZk Alkaiza txalotu du

BDZ mugimenduak Alkaizaren erabakia txalotu du eta, era berean, Elkar argitaletxea «hausnartzera eta erabaki ausartak hartzera» deitu du. Mugimenduak gogora ekarri duenez, CAFek «euskarazko ekoizpena sustatzeko» bi proiektu bultzatu izan ditu, CAF-Elhuyar Saria eta Igartza saria bera, eta BDZ Elhuyarrekin zein Elkarrekin jarri da harremanetan, elkarlanok birpentsatu ditzaten eskatzeko. Horren emaitza da, hain zuzen ere, CAF-Elhuyar sariak bertan behera utzi izana uztailean, «sariketa behar bezala egiteko baldintzarik ez zegoelako».

Oraingoan sariduna izan da Igartza bekari uko egin diona, eta Alkaizaren «keinu etikoa txalotu eta eskertu» du BDZk, jakitun baitira ez dela erraza horrelako aukera bati ezezkoa ematea. Halaber, «genozidekin kolaboraziorik onartuko ez duen kultur mundu baterantz pausuak ematera» gonbidatu du Elkar.

Elkarrekin Podemosek saria eta CAF banatzea eskatu du

Beasaingo Elkarrekin Podemos udal taldeak mozioa aurkeztu du Igartza saria Saioa Alkaizari bere osotasunean emateko eta bekaren dirua itzultzeko eskatuz. Bide batez, etorkizunean sariak CAFekin duen lotura apurtzeko eskatu du ere talde honek.

Aritz Corsitto zinegotziak adierezi duenez, «ezin dugu onartu Beasaingo kultur saririk entzutetsuenetako bat nazioarteko erakundeek giza eskubideak urratzeagatik seinalatutako enpresa batekin lotuta egotea».

Corsittok azpimarratu du «onartezina da pertsona batek, bere koherentzia eta konpromiso etikoagatik, zilegitasun osoz lorturikoa eta gaineratu du «Udalak bermatu behar du idazle eta sortzaileen kontzientzia-askatasuna errespetatuko dela, eta horrek ez diela zigorrik ekarriko».