Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Saioa Alkaiza, Igartza literatura‑sorkuntzarako bekaren irabazlea

Saio Alkaiza bertsolari iruindarrak irabazi du Igartza saria eta eleberri bat aurrera eramateko aukera izango du Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkarrek sustatuko literatura‑sorkuntzarako beka honi esker. 

Saioa Alkaiza, Igartza Sariaren irabazlea.
Saioa Alkaiza, Igartza Sariaren irabazlea. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Saioa Alkaizak irabazi du Igartza literatura‑sorkuntzarako beka eta arratsalde honetan, 19.00etan, jasoko du saria Beasaingo Igartza jauregian. Beka honi esker, bertsolari iruindarrak ‘Katu ileak txandaletan’ deitzen den eleberria aurrera eramateko aukera izango du. 

Donostian asteazken honetan egindako agerraldian Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak gogoratu du Igartza saria idazle gazteak «bultzatzeko» sortu zela, Beasaingo Udala eta CAF enpresaren laguntzarekin.

Aurten Alkaizaren lana bultzatuko dute. «Sorkuntzaren militante» bezala aurkeztu da komunikabideen aurrean eta azaldu ditu zeintzuk diren idazten ari den liburuaren lerro nagusiak.  

Protagonista 40 urte inguruko emakume bat da, Nahia deitzen dena, eta familia pobre batetik dator. «Deitu prekarietatea, deitu pobrezia, deitu nahi duzun bezala, baina horren irudikapena egin nahi izan dut», azaldu du. 

Ideia hori beste «kapa» batzuekin osatuko du, haien artean indarkeria matxista. Adierazi duenez, biolentzia eta bazterketaren geruza irudikatzea da bere nahia, «tonu serioan baina ez dramatikoan».

Halaber, badira zenbait gauzak feminismoarekin lotura zuzena dutenak, hala nola amatasuna eta horren atzetik dagoen «mandatu patriarkala», baita horrekin lotura zuzena duten zaintza lanen pisua ere. «Amatasuna aitzakia zen genero binomioa lantzeko zeharka eta ez oso era agerikoan».

Dena den, protagonistek dituzten kontraesanak ere garatu ditu Alkaizak, «beren ideologiaren kontra jartzen» eta harremanen konplexutasunetan sakonduz. 

Horretarako bere asmoa istorioaren parte bat «kanpotik kontatzea» da, «narratzaile batek kontatu dezan», eta lehenengo pertsona erabiltzea gehien bat protagonistak egindako bide «autoanalitikoa» kontatzeko.