Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
KRITIKA ZINEMIRA

Bizi zen bezala filmatzen zuen, eta filmatzen zuen bezala bizi zen

‘ELOY DE LA IGLESIA, ADICTO AL CINE’
Estatu espainola / Euskal Herria, 2025. 95’. Zuzendaria: Gaizka Urresti. Gidoia: Gaizka Urresti, Moises Garrido, Juan Barrero. Argazkia: Pepe Añon.

‘Eloy de la Iglesia, adicto al cine’
‘Eloy de la Iglesia, adicto al cine’ (NAIZ)

Biziki argigarria da Eloy de la Iglesiak berak zazpigarren artearekin zuen harremana laburbiltzen duen esaldia: «Inoiz huts egin ez didan bakarra zinema da; maitatzen eta desiratzen jarraitzen dudan gauza bakarra, eta inoiz gaindituko ez dudan adikzio bakarra». Gaizka Urresti zinegile bilbotarrak zuzenean eta iragazkirik gabe hurbildu da de la Iglesiaren bizitzara ‘Eloy de la Iglesia, adicto al cine’ dokumentalean. Ez da haren legatuari buruzko obra bat, baizik eta pertsonalki eta profesionalki berarengandik oso hurbil dauden pertsonen bidez egindako kontakizun pertsonal eta gordin bat.

De la Iglesiaren filmografiaren errepaso entziklopedikoa izatetik urrun, Urresti euskal zuzendariaren argi-ilunetan murgiltzen da bete-betean. Aurreiritzietatik harago, Eloyren figura aldarrikatzen du, azpimarratuz bere bizitzak eta obrak frankismo berantiarreko eta Estatu espainoleko trantsizioko tentsioak, askatasunen eta heroinaren eklosioa eta indarkeria politiko eta soziala bezalako gaiak islatzen dituela.

Bere biografia, argi-ilunez betea dago, baina biziki erakargarria da, bere garaiko tabu sozialen aurka egin baitzuen. Bere zinemak, sarritan polemikoa eta probokatzailea, gazteria gatazkatsua, homosexualitatea eta hiri-bazterketa bezalako gaiak jorratzen zituen; gizartearen bazterrak gordintasunez eta zintzotasunez erretratatzen zituen.

Dokumentalak gertutasuna eta zintzotasuna transmititzen ditu: lagun, kolaboratzaile eta senideen testigantzek erakusten dute Eloy konplexua eta sutsua zela, eta, batez ere, zinemarekiko mendekotasun handia zuela sentitzen zuela. Jose Sacristan, Maria Luisa San Jose, Fernando Mendez-Leite, Marisol Garcia Morcillo, Pedro Olea, Claudia Gravy, Eduardo Fuembuena edota Veronica Lujan ageri dira besteak beste . Gaspar Noe ere agertzen da. Berak ez zuen inoiz pertsonalki ezagutu, baina 2023an Parisko Zinematekan Eloyren ziklo integrala aurkeztu zuen. Han aitortu zuen 1996an Donostia Zinemaldiak argitaratutako liburuari esker deskubritu zuela eta pasioz hitz egiten du bere zinemaz.

Elkarrizketa horiek filmen zatiekin eta artxiboko materialarekin uztartzen ditu, nostalgia errazean erori gabe eta erretratu polifazetikoa eraikiz.

‘Eloy de la Iglesia, adicto al cine’ dokumentalaren asmoa ez da Eloy de la Iglesia maitatzea edo enpatia sortzea, baizik eta ulertzea. Ulertzea nola erabiltzen zuen zinema zapalkuntzaren aurka matxinatzeko. Bere obra berraurkitu baino gehiago, pertsona aldarrikatzea du helburu, bere argi-ilunak bazterrean utzi gabe. Bizi zen bezala filmatzen zuen, eta filmatzen zuen bezala bizi zen.